Berrikuntza Sozialaren eta 2030 Agendaren prestakuntza-beken deialdia

0
  • Eusko Jaurlaritzak bi beka jarri ditu abian, unibertsitateko tituludunak bi esparru horietan espezializatzeko
  • Prestakuntza-bekek 11 hilabeteko iraupena izango dute, eta 17.500 euroko diru-laguntza jasoko dute
  • Programaren helburua da tituludun berriek berrikuntza sozialaren eta Garapen Jasangarrirako Helburuen inguruko ezagutza aplikatu berria sortzea
  • Bekak Berrikuntza Sozialaren eta 2030 Agendaren 2025–2028 Planaren baitan kokatzen dira

Eusko Jaurlaritzak 2025erako Berrikuntza Sozialaren eta 2030 Agendaren arloko prestakuntza-beken programaren deialdia egin du. Hala jasotzen du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu den 2025eko irailaren 2ko Ebazpena, Lehendakaritzako Berrikuntza Sozialaren eta 2030 Agendaren Zuzendaritzak emana.

Beken programaren helburu espezifikoa prestakuntza espezializatu eta aplikatua da, onuradunen parte-hartzea eta lankidetza sustatuz Berrikuntza Sozialaren eta 2030 Agendaren Zuzendaritzak esleitutako prestakuntza-jardueretan. Hori dela eta, bekak beti egongo dira ikaskuntzara eta bi arlo horietan gaitasun eta trebetasun praktikoak garatzera bideratuta; eta onuradunek tutore bat izango dute esleituta, prestakuntzaren garapena gainbegiratuko duena eta prestakuntza-planean aurreikusitako gaitasunak eta trebetasunak ikasi eta eskuratzen direla egiaztatuko duena.

Horrela, bi beka deitzen dira, unibertsitateko tituludunak Berrikuntza Sozialaren eta 2030 Agendaren arloetan espezializatzeko, interes orokorreko eta gizarte-eragin handiko proiektuen garapenean laguntzeko. Interesdunek 2025eko urriaren 3ra arte eman ahal izango dute izena beken deialdian.

Deialdiak zehazten du: bekek 11 hilabeteko iraupena izango dutela hasierako egunetik aurrera; azken bost urteetan unibertsitate-ikasketak amaitu dituzten pertsonei zuzenduta daudela; eta beka bakoitzaren zenbatekoa 17.500 eurokoa izango dela.

Planaren helburuetako bat da gazteen gaitasunak bultzatzea eta berrikuntza sozialaren eta GJHen inguruko ezagutza aplikatu berria sortzea, herritarren parte-hartze aktiboa sustatuz 2030 Agendak planteatzen duen eraldaketan. Testuinguru horretan, Berrikuntza Sozialaren eta 2030 Agendaren Zuzendaritzaren beka-programa tituludun berriek berrikuntza sozialarekin, gobernantza demokratikoarekin eta garapen jasangarriarekin lotutako proiektuetan modu praktikoan trebatzeko aukera izan dezaten diseinatu da, horrela Planak jasotako erronkei erantzunez.