Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak nekazaritzako, elikagaigintzako, arrantzako eta basogintzako produktuak EAEtik kanpoko merkatuetan sustatzeko laguntzak deitu ditu

0

«Lehiatu Sustapena Programa»k 500.000 euroko zuzkidura du

Gobernu Kontseiluak onartu egin du Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren agindua. Horren bidez iragartzen dira, 2025eko ekitaldirako, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko merkatuetan nekazaritzako, elikagaigintzako, arrantzako eta basogintzako produktuak sustatzeko laguntzak, «Lehiatu Sustapena Programa»ren baitan.

Agindu horretan jasotako laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuetan horretarako ezarritako kredituetatik etorriko dira; 2025eko ekitaldirako, 500.000 euro izango dira.

Lehiatu Sustapena programaren helburua da Euskadiko nekazaritza, elikagai, arrantza eta basogintza-produktuek nazioarteko merkatuetan duten presentzia eta lehiakortasuna sustatzea. Laguntza produktu horiek atzerrian aitortu eta saltzeko sustapen eta merkaturatze-ekintzetara bideratzen da bereziki, eta, horrela, eskualdetik kanpo duten kokapena indartzen da.¡

Laguntza honen onuradunak nekazaritza, elikadura, arrantza eta basogintza sektoreetako pertsonak edo erakundeak dira. Horren barruan sartzen dira mikroenpresak, enpresa txikiak, ertainak eta handiak. Horrez gain, zenbait produkturen kalitatea eta jatorria bermatzen duten Kontseilu Arautzaileek ere jaso ditzakete laguntzak, ziurtatutako edo bereizitako kalitateko produktuek nazioarteko merkatu berriak lor ditzaten.