Torres Lehendakariordeak berdintasunaren aldeko apustua egin du euskal enpresan, “Euskadiren aurrerabiderako baldintza gisa”  

0
PRUEBA

Iritzi dio emakumeen lidergoa ez dela “gai osagarria, justizia sozialerako eta lehiakortasunerako baldintza baizik”, eta defendatu du kuotak “beharrezko” direla Euskadiko enpresetan kristalezko sabaiarekin hausteko

Euskal enpresan lidergo feminista bultzatzearen alde egin du Mikel Torres Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak, eta adierazi du berdintasuna ez dela “luxu bat, ezta eslogan bat ere, baizik eta Euskadiren aurrerabiderako baldintza”. Bilbon, gaur, astelehena, “Generoan orekatutako enpresa lidergoa” lelopean Confebaskek antolatu duen ekitaldian, emakumezko erreferenteak ikusaraztearen garrantzia azpimarratu du, baita lider berriek lidergo feminista bat garatzeko beharra ere, berdintasuna erdigunean jarriko duena eta enpresan pentsatzeko eta lehenesteko modu berriak ekarriko dituena.

“Ez da justizia edo demokrazia bakarrik. Egiaztatutako eraginkortasuna da”, adierazi du Torresek, eta nabarmendu du berdintasuna ez dela “gai osagarria, baizik eta justizia sozialerako, lehiakortasunerako eta aurrerapen ekonomikorako baldintza. Emakumeek aukera berdintasuna dutenean, gure enpresak berritzaileagoak, erresilienteagoak eta lehiakorragoak dira”.

Euskadin berdintasunaren arloan lortutako aurrerapenak aitortu ditu Lehendakariordeak; hala nola, enpresa askotan berdintasun planak ezartzea eta erabaki organoetan emakumeen presentzia handitzea. Hala ere, ohartarazi du datuek erakusten dutela oraindik bide luzea dagoela egiteko: soldata arrakala % 12,81ean dago Euskadin, lan partzialtasunak emakumeei eragiten die gehienbat, eta “kristalezko sabaiak” deiturikoak oraindik existitzen dira, eta zaildu egiten dute erantzukizuneko lanpostuetara iristea.

Iaz onartutako Parekidetasunaren Lege Organikoa nabarmendu du Mikel Torrek. Lege horrek Europako zuzentarau baten transposizioa egiten du, eta enpresa handietako erabaki organoetan, sektore publikoan eta hauteskunde zerrendetan genero ordezkaritzako gutxieneko eta gehieneko kuotak ezartzen ditu. Hori bai, uste du “bide luzea” dagoela egiteko.

“Ezin gara konformatu emakumeen talentuak administrazio kontseiluetan ordezkaritza txikia duen bitartean edo kontziliazioa emakumeen esku dagoen bitartean. Kuotak behar-beharrezkoak dira. Kuotarik gabe ez dago aldaketa posiblerik, edo hori oso motela izango litzateke”, adierazi du Lehendakariordeak, desberdintasun historikoak gainditzeko diskriminazio positiboa defendatuz.

Torres Lehendakariordeak berretsi du bere sailaren konpromisoa “Euskadi izan dadin lurralde bat, non berdintasuna ez den diskurtso bat, baizik eta errealitate nabarmena gure enpresetan, enpleguan eta eguneroko bizitzan”.