- Bihar Gasteizen hasiko den OGP Goi-Bilera Globalaren programazioaren barruan, OGP Euskadik mundu osoko tokiko Gobernu Irekiko ordezkariak batu ditu saio esklusibo batean Tokiko Gobernu Irekiaren boterea eta lidergoa erakusteko
- Topaketak 70 herrialdetako 200 pertsona inguru bildu ditu eta aukera eman du adibide praktikoak partekatzeko, lankidetza bide berriak jorratzeko eta etorkizunera begira sarea indartzeko
Gobernu Irekirako Aliantzaren IX. Goi Bilera Globala hartuko du Gasteizek datozen egunetan, zehazki urriaren 7an, 8an eta 9an. Goi-bilera horren baitan, Eusko Jaurlaritzak, hiru Foru Aldundiek, hiru hiriburuetako udalek eta gizarte zibileko ordezkariek osatzen duten OGP Euskadik, topaketa esklusibo bat antolatu du Eusko Jaurlaritzako Lakuako egoitzan, munduko tokiko Gobernu Irekiko ordezkariak batze asmoz. Aurretik, Lehendakariak harrera egin die ordezkariei Ajuria Enean.
Lan-saioan parte hartu dute 70 herrialdeetako 200 pertsona inguruk: gobernuburuak, funtzionario publikoak, gizarte zibileko ordezkariak, eskualdeetako ordezkariak eta gai ezberdinetan adituak diren pertsonak. Horiek guztiek aukera izan dute, irakaspenak partekatu, lankidetza bide berriak jorratu eta etorkizunera begira sarea indartzeko.
Topaketak aukera eman du, halaber, tokiko gobernu irekiaren komunitateak duen botere eta lidergoa erakusteko, adibide praktikoen bidez. Era berean, gai garrantzitsuak izan dituzte hizpide topaketan, hala nola, Adimen Artifiziala, migrazioa, espazio zibikoak, parte-hartzea, informaziorako sarbidea edo demokrazia deliberatiboa.
Topaketaren irekiera-hitzaldian, Maria Ubarretxena Gobernantzako, Administrazio Digitaleko eta Autogobernuko sailburuak nabarmendu du Euskadik urteak daramatzala Gobernu Irekiaren baitan lanean, «baina gardentasunaren, parte-hartzearen, datu irekien edo kontu-ematearen arloan ez ezik, kalitate demokratikoaren arloan erreferentziazko lurraldea izan nahi dugu. Zalantzarik gabe, demokraziaren aldeko apustua egin behar dugu, balio komunitario eta demokratikoak sustatuko dituen gobernantza-kultura baten alde egin behar dugu herritarrek beren erakundeengan duten konfiantza indartzeko eta Administrazioaren eta herritarren arteko harremana hobetzeko; hori da gobernu honen konpromisoa; eta Erakunde arteko OGP Euskadi 2025-2028 Plan Berriaren eskutik egingo dugu, Gardentasunaren Legea bezalako tresna berrien eskutik, baina baita jarduera politikoan gizalegez arituz eta Euskadin kalitate demokratikoa hobetzeko eztabaida eta hausnarketa sustatuz ere», adierazi du Ubarretxenak.
OGP Euskadi
Euskadik ibilbide luzea du Gobernu Irekiari dagokionean. Agian, azpimarragarriena da, ibilbide hori, hein handi batean, lankidetza publiko-pribatutik, sozialetik eta Open Governmet Partnership (OGP) ekimenaren eskutik egin izana.
Euskadi Gobernu Irekirako Aliantzaren Tokiko Gobernuen Sareko (OGP) kide da 2018tik, maila anitzeko lidergoaren kasu berezi gisa. OGP Euskadi Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako foru-aldundiek, Bilboko, Donostiako eta Gasteizko udalek, Innobasquek (Berrikuntzaren Euskal Agentzia) eta gizarte zibileko hainbat eragilek osatzen dute.
Urte hauetan zehar, Euskadik 2 ekintza-plan garatu eta ezarri ditu (2018-2020 eta 2021-2024), eta duela gutxi aurkeztu da erakunde arteko hirugarren ekintza plana, herritarrekin eta eragileekin batera sortu dena. Izan ere, OGP Euskadi 2025-2028 plan berriak 8000 pertsona baino gehiagoren eta 18 eragileren parte-hartzea izan du, eta Gobernu Irekian aurrera egiten jarraitzeko 4 konpromiso eta proiektu berri barnebiltzen ditu.