Eusko Jaurlaritzak 7,6 milioi euro inbertituko ditu osasun-sistemaren eraldaketa digitalean

0

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko  sailburuak, Maria Ubarretxenak, jakinarazi du Gobernu Kontseiluak argi berdea eman diola Eusko Jaurlaritzaren, red.es enpresa-entitate publikoaren eta Ministerioaren arteko lankidetza-hitzarmena sinatzeari, osasun-eremuan zerbitzu digital adimendunak garatzeari begira. “Horrela, – jarraitu du Ubarretxenak- Osakidetzak aurrera egingo du osasun-sistemaren eraldaketa digitalean, Europatik datozen 7,6 milioi euroko inbertsioarekin, eta horrek aukera emango du euskal osasun-sistema publikoan zerbitzu digital adimendunak garatzeko eta, ondorioz, pazienteen bizi kalitatea hobetzeko”.

Osakidetzan dagoeneko martxan dauden zenbait proiektu digital ezarriko dira: adimen artifizialari lotutakoak, irudi medikoaren elkarreragingarritasunari eta monitorizazio- eta telezainketa-programei lotutakoak, eta “horri esker osasun-arretaren irisgarritasuna, pertsonalizazioa eta jarraitutasuna hobetuko ditugu” gehitu du.

13 milioi euro arrantza- eta akuikultura-sektoreak laguntzeko

Halaber, Gobernu Kontseiluak arrantza- eta akuikultura-sektoreei zuzendutako laguntzen deialdia onartu du gaur. 13 milioi eurotik gora bideratuko dira laguntza deialdi horretara.

“Dirulaguntzen helburua da arrantza jasangarria sustatzea, ekonomia urdina bultzatzea eta uretako baliabide biologikoak berreskuratzea” azaldu du bozeramaileak.

Era berean, 2025. urterako animalien ongizatearen ziurtapena lortzeko laguntzen deialdiaren oinarriak ere onartu ditu Gobernu Kontseiluak gaurko bileran.

Laguntza horien helburua da abeltzaintza-ustiategien entitate eta elkarteei animalien ongizatearen ziurtapena lortzeko ordaindu behar diren kostuak finantzatzen laguntzea.

Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko lankidetza-protokoloa

Gobernu Kontseiluan onartutako beste puntuetako bat izan da, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko lankidetza-protokoloa. “Akordio horri esker, – azaldu du Ubarretxenak- lankidetza indartu ahal izango da osasunaren eremuan, industria-eraldaketaren eremuan eta kulturaren eta euskararen eremuan; eta urriaren 10ean —ostiral honetan—, sinatuko da hitzarmena, Gasteizen, Imanol Pradales eta María Chivite buru izango dituen ekitaldi batean”.

Diru-sarrera txikiak dituzten langileentzako laguntza

Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu du, gaurko Kontseiluan, dekretu bat ere onartu dela, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren (DSBE) eta Gizarte Larrialdietarako Laguntzen (GLL) onuradunei aplikatu beharreko enplegurako pizgarriak arautzen dituena. “Ekimen honek erantzun bat eman nahi dio duela hogei urte baino gehiagotik indarrean dagoen eredu bat eguneratzeko beharrari, denbora horretan Euskadin izandako gizarte-, ekonomia- eta arau-aldaketetara egokitzeko” adierazi du.

“Dekretu berriak – jarraitu du- eutsi eta zabaldu egiten du diru-sarrera txikiak dituzten langileentzako laguntza, batez ere familia handienetan eta enpleguan eta lan-intentsitatean parte hartzeko banakako erabakian oinarritzen ditu pizgarriak; gainera, genero-ikuspegia txertatzen du; alegia, bikoteko bigarren kidearen laneko parte hartzea sustatzen du —gehienetan emakumeak izaten dira— eta guraso bakarreko familiei laguntza ematen die, hazkuntza-kostuagatiko berariazko osagarri baten bidez”.

Bestalde, Ekonomia, Lan eta Enplegu sailak proposatuta, ia 70.000 euroko dirulaguntzak ematea ere onartu da gaurkoan, Inklusio Mahaietan ekimen komunitarioak bultzatu daitezen. “Araudi berriak aukera ematen du prestazioak eta lan-errentak bateragarriak izan daitezen, eta hobari pertsonalizatuak sartzen ditu, laneratzea eta enpleguaren kalitatea bultzatzeko” azaldu du Ubarretxenak.

2020an sortu ziren Inklusio Mahaiak eta Administrazioen, sistema publikoen eta hirugarren sektoreko entitateen arteko koordinaziorako tokiko guneak dira. Gaur egun, 15 mahai daude funtzionamenduan: 3 Araban, 5 Gipuzkoan eta 7 Bizkaian. Haien helburua da eragileen arteko lankidetza indartzea, herritarrentzako arreta hobetzeko eta funtsezko baliabideak (diru-sarrerak, enplegua, hezkuntza, etxebizitza, osasuna eta komunitate-loturak) ekitatez eskuratzen direla bermatzeko.

Euskarazko ikasmaterialak ekoizteko laguntzak

Beste gai batzuen artean, Gobernu Kontseiluak, unibertsitatez kanpoko hezkuntza-mailetarako euskarazko ikasmaterialak ekoizteko laguntzetarako deialdia onartu du, EIMA izenez ezagutzen den laguntza programa, alegia: Euskarazko Ikas Materialgintza programa. Deialdi honek ia milioi bat euroko diru-kopurua du guztira.

“Material didaktikoak funtsezkoak dira hezkuntza-eredu pedagogiko egokia garatzeko; horregatik, EIMA deialdiaren xedea da curriculum-araudian xedatutakoari egokitutako kalitatezko material didaktikoak bultzatzea” azpimarratu du Ubarretxenak.

Laguntza-deialdiak hiru modalitate biltzen ditu; Lehendabizikoak euskaraz inprimatutako eskola-materialak editatzeko kostuak laguntzen ditu diruz; bigarrenak, «EIMA Digitala» izenekoak, euskarazko eskola-material digitala sortzearen kostuak finantzatzen ditu eta hirugarrenak, «EIMA 4» lerroak, euskaraz inprimatutako material didaktikoak sortzea.

Jabetza industrial eta intelektualeko delituen aurkako borrokan aurrera

Gaurko kontseiluan, gainera, Ertzaintzaren eta ANDEMA elkartearen, Marka Defendatzeko Elkartearen, arteko lankidetza-hitzarmena sinatzea ere onartu da.

Bozeramailearen hitzetan, “hitzarmen honen xedea da Euskadin gertatzen diren jabetza industrial eta intelektualeko delituen aurkako borrokan prestakuntzaren eta ezagutzaren arloko lankidetza-mekanismoak ezartzea eta garrantzitsua den informaziorako sarbidea erraztea”.

Horretarako, ANDEMAk Ertzaintzaren esku jarriko du bere datu-basea. Datu-base horretan,  marka askoren ordezkarien informazioa jasotzen da eta horrela, marka horiekin harremanetan jartzeko bidea erraztuko da, ustez faltsututako produktuak atzematen diren Ertzaintzaren operazioetan.

UNEDen jarduera finantzatzeko dirulaguntza

Azkenik, 500.000 euroko dirulaguntza onartu du gaur Gobernu Kontseiluak, UNEDek Euskadin dituen ikastetxe elkartuen jarduera finantzatzeko. “UNEDek unibertsitaterako sarbidea ematen die lan-egoera eta egoera pertsonal desberdinak dituzten hainbat herritarri, eta gaur egun hiru ikastetxe ditu EAEn: UNED Bergara, UNED Bizkaia eta Gasteizko UNED ikastetxe elkartua” amaitu du bozeramaileak.

 

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena