Joan den astean hitz eman bezala, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburu Maria Ubarretxena Madrilera itzuli da astebete beranduago. Gaurkoan, Lurralde Politikako eta Memoria Demokratikoko ministro Ángel Víctor Torresekin batzartu da Eusko Jaurlaritzak landutako dokumentazioa eskura emateko, eskualdatzeke dauden eskumenak ezarritako egutegiaren baitan eta adostutako epean ixte asmoz.
Legegintzaldiko lehen urtean, 10 akordio lortu dira honako 10 eskumen hauek eskualdatzeko: itsasertza antolatzea eta kudeatzea; kultura-fundazioak eta -elkarteak, liburuak eta liburutegiak, zinematografia, musika eta antzerkia, gazteria eta sustapen soziokulturala, ondare historiko-artistikoa eta kirolak; Euskal Autonomia Erkidegoan lan-harremana duten atzerritarren norberaren edo besteren konturako hasierako lan-baimenak; meteorologia eta klimatologia; itsas salbamendua; laneko segurtasunaren eta osasunaren arloko eginkizunak eta zerbitzuak zabaltzea (Bizkaiko Makineria Egiaztatzeko Zentro Nazionala); Gizarte Segurantzaren kotizazio gabeko prestazioak; eskola-aseguruaren kudeaketa; langabezia-prestazioa eta langabezia-sorospenaren kudeaketa.
Hilabetetako lan mardularen ondoren, Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari eman dizkio gaur indarrean dagoen legeriaren baitan, Gernikako Estatutu osatzeko landutako 10 proposamenak. «Proposamen egingarriak dira, eta adostutako epean gauzatu daitezke, horretarako borondate eta bultzada politikoa badago” adierazi du Ubarretxenak ministroarekin izandako bileraren ostean.
«Derrigortzen gaituen akordio bat daukagu, eta hau bete egin behar da -gaineratu du Ubarretxenak-, Eusko Jaurlaritzatik gure lanak egin ditugu, eta orain, Espainiako Gobernua da fitxa mugitu eta bere hitza bete behar duena».
«Eusko Jaurlaritzak dokumentuak entregatu ditu, etxeko lanak egin ditu, akordiorako borondatea erakutsi du; horregatik, Espainiako Gobernuaren erantzukizun politikoa eskatzen dugu, borondate hori ekintzen bidez egikaritu dadin, atzerapenik gabe; ez dugu pribilegiorik eskatzen, errespetu instituzionala baizik eta legea betetzea», esanez amaitu du Ubarretxenak.
Espainiako Gobernuari helarazitako 10 proposamenak
Azken hilabeteotan, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak eskumenen inguruko negoziaketa lau 4 blokeren baitan landu dute: Gizarte Segurantza; Azpiegiturak, Segurtasun Publikoa eta Ogasuna, Finantzak eta Enpresa. Aipatutako multzoei jarraiki, honako hau da Espainiako Gobernuari helarazitako 10 proposamenen zerrenda:
1. BLOKEA – GIZARTE SEGURANTZA
- proposamena, honako hauek barnebiltzen ditu:
- Mutualitate laguntzaileak eta Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza (azken honen luzapena)
- Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren kotizaziopeko prestazioak /Itsasoko Gizarte Institutua
- Soldatak Bermatzeko Funtsa
- Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoaren kudeaketa
2. BLOKEA – AZPIEGITURAK
- proposamena: Interes orokorreko portuak
- proposamena: Turismoko paradoreak
3. BLOKEA – SEGURTASUN PUBLIKOA
- proposamena: Ibilgailuen trafikoa eta zirkulazioa
- proposamena: Udal-hauteskundeen araubidea
4. BLOKEA – OGASUNA, FINANTZAK ETA ENPRESA
- proposamena: Kreditu ofiziala eta bankuak
- proposamena: Aseguru pribatuak
- proposamena: Nekazaritzako Aseguruak
- proposamena: Herri Lanen Azterlan eta Esperimentazio Zentroa (CEDEX). Transferentzia handitzea ikerketan eta garapen zientifiko eta teknikoan eta berrikuntzan
- proposamena: Industria-enpresa txiki eta ertainei zuzendutako sustapena, laguntza eta finantzaketa. Zabaltzea.
Amaitzeko, adierazi behar da lau gai eskualdaketa- mekanismo formaletik kanpo geratu direla, gaur egun ez dutelako xederik edo beste tresna arauemaile batzuen bidez jada Euskadik funtzio horiek bereganatuak dituelako. Zehazki, gai horiek dira: hidrokarburoak, Estatuko sektore publikoa, balore-merkatua eta arrantza-merkatuaren eta itsas laboreen antolaketa eta orientazioa.