Torres Lehendakariordeak euskal ekonomiaren sendotasuna aldarrikatu du, nazioarteko ziurgabetasun “handiaren” aurrean

0
  • “Euskadirengan konfiantza izatea» eskatu du, bere eredu ekonomikoaren “oinarri sendoengatik”, berrikuntzaren eta lehiakortasunaren aldeko apustu “handia” egiten duen industria izateagatik, eta eskulan “trebatua eta produktiboa” edukitzegatik
  • “Eusko Jaurlaritzak aurrea hartu die ziurgabetasunei, gure enpresak sendotu, babestu eta errotzeko, Industriaren Defentsarako Taldea, Euskal Finantza Aliantza eta Euskadi 2030 Industria Plana moduko neurrien bidez, enplegua babestera, enpresa sarea eraldatzera eta nazioartekotzea erraztera bideratuta”

Mikel Torres Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak adierazi du euskal ekonomiak “hazkunde sendo eta orekatua” mantentzen duela “ziurgabetasun handiko” nazioarteko testuinguru betean, eta egoera hori “kudeagarria” dela, “baldin eta geldirik geratzen ez bagara”. Hori dela eta, EY-El Correo foroan, gaur, Bilbon, egin duen hitzaldian, azpimarratu du funtsezkoa dela E Hirukoitza (Europa, Espainia eta Euskadi) koalizioaren bidez euroguneko barne merkatua “babestea eta indartzea”.

Egindako azterketan, Torresek nabarmendu du Euskadik estrategia argi batekin egiten diola aurre etorkizunari: aurrerapenarekin eta ekintzarekin. “Eusko Jaurlaritzak erabaki du ziurgabetasunei aurrea hartzea eta jokalekua ereitea, gure enpresak sendotu, apalankatu eta errotzeko”, azaldu du, eta, aldi berean, zehaztu ditu sustatu dituzten neurriak; hala nola, Industria Defentsarako Taldea, Euskal Finantza Aliantza eta Euskadi 2030 Industria Plana, enplegua babestera, enpresa sarea eraldatzera eta nazioartekotzea erraztera bideratutakoak.

Gainera, 2030 Enpleguaren Euskal Estrategiaren eragina azpimarratu du Lehendakariordeak. Estrategia hori gizarte eragileekin adostu dute kalitatezko enplegu inklusibo eta iraunkorra sustatzeko. Horregatik guztiagatik, eskatu du Euskadirengan “konfiantza izateko”, bere eredu ekonomikoaren “oinarri sendoengatik”, berrikuntzaren eta lehiakortasunaren aldeko apustu “handia” egiten duen industria izategatik, inbertitzeko gaitasun “handia” izanik, eta eskulan 2trebatua eta produktiboa” edukitzeagatik.

Lehendakariordeak gogorarazi du EAEko ekonomiak barne eskari handia eta lan merkatuaren hobekuntza dituela oinarri, eta aurreikusten duela 2025ean 14.000 lanpostu berri sortzea eta % 6 inguruko langabezia tasa izatea. Era berean, nabarmendu du, ekonomia globalari eragiten dioten merkataritza eta energia tentsioak gorabehera, euskal industriak gaitasuna erakutsi duela egokitzeko.

Torresek gaineratu duenez, euskal enpresak, “beti bezala, neurriak hartzen joan dira eta ez dira geldirik egon. Prest daude beren esportazioak berrantolatzeko, merkatuak bilatzeko, kontratuak muga zergen klausuletara egokitzeko, eta eragina arintzeko aukera ematen dien finantza kontrolarekin eta kostuen kontrolarekin. Hori guztia, enpleguari eta inbertsioei eutsita, eta jakinda inbertsioekin bakarrik izango direla lehiakorragoak egungo merkatuetan”.

Ildo horretan, Euskadiren “egonkortasun instituzional sendoa” nabarmendu du, “etorkizuneko erronkei aurre egiteko beharrezkoak diren egiturazko erreformak egiteko bermea” delako eta industria eta enplegua babesten dituelako. “Hau da gure bide orria, eta elkarrekin egin nahi dugu, akordio zabalekin, partehartzearekin eta gardentasunarekin, eta egonkortasun politikoarekin. Azken hori, bereziki zaindu behar dugu, egunero landu, gaur egun Euskadik duen balio handia baita, eta ez da galdu behar”, baieztatu du Torres Lehendakariordeak.

Agertoki “askotarikoak, desberdinak eta ustekabekoak” 2026an

Etorkizuneko agertokiei dagokienez, Torres Lehendakariordeak uste du datozen hilabeteetarako agertokiak “askotarikoak, desberdinak eta ustekabekoak” izan daitezkeela. Eusko Jaurlaritza lanean ari den eszenatokia da “egonkortasunekoa AEBetako muga zergen akordioetan, egonkortasun politikokoa Europako herrialde nagusietan, eta likideziaren eta inflazio kontrolatuaren aldeko apustua egiten jarraituko duten finantza merkatuena”.

Amerikako Estatu Batuak Euskadiko laugarren kanpo merkatua izan ziren 2024an, ia 2.000 milioi euro esportatuta, hau da, guztizkoaren % 6,3. “Datu horiek merkatuen aldakortasunak, muga zergek eta hornidura kateen berrantolaketak markatutako nazioarteko ingurunera egokitzeko euskal industriak duen gaitasuna islatzen dute”.

Are gehiago, Torres Lehendakariordeak aurreratu du Europako ekonomiaren “hazkunde moderatuko” eszenatokia kontuan hartuta ari dela lanean Eusko Jaurlaritza. Eta haratago joan da: “Ukrainan Errusiaren inbasioa eta Gazako genozidioa amaituko balira, deseskalatze geopolitikoa izango litzateke, merkataritza fluxuen normalizazioarekin eta Europako eta, beraz, Euskadiko merkataritza suspertuz”.