Landa-eremuan kutxazain automatikoak instalatzeko lizitazioa argitaratu du Eusko Jaurlaritzak

0
  • Proposamenak aurkezteko epea dagoeneko irekita dago eta azaroaren 4ko 13:00etan amaituko da
  • Kontratuaren aurrekontua 1.149.500 eurokoa da, BEZ barne
  • Proposamenaren arabera, kutxazainak jarriko dira Gipuzkoako 5 udalerritan, Arabako 11 udalerritan eta Bizkaiko 22 udalerritan

 

Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak 38 euskal udalerritan kutxazain automatikoak jartzeko aukera emango duen kontratuaren lizitazioa argitaratu du. “Beste urrats bat Euskadiko herritar askok bizi duten finantza-bazterkeriarekin amaitzeko; izan ere, hainbat kilometro egin behar izaten dituzte finantza-kudeaketak egiteko”, azpimarratu du Amaia Barredo sailburuak.

Kutxazain automatikoak instalatzeko ekimena Berosi programaren baitakoa da; programa horren bidez, landa-inguruneari oinarrizko zerbitzuak eman nahi zaizkio. Programa hau, 2030eko Landa Garapeneko Estrategiarekin eta Lurralde Garapeneko Programarekin batera, Sailak eta Eusko Jaurlaritzak landa-ingurune bizi, berritzaile eta aukera-berdintasunekoarekin duten konpromisoaren adibide da.

Lizitazioaren arabera, zerbitzu hori ez duten udalerrietan instalatzeko, aurretik iragarri ziren baldintzak hartuko dira oinarritzat: 300 biztanle baino gehiago izatea, kutxazain hurbilenera gutxienez zortzi kilometroko distantzia izatea eta urtean 100.000 turista baino gehiago jasotzea.

Hauek dira baldintza horiek betetzen dituzten euskal udalerriak, eta kutxazain automatikoak jartzea proposatuko du sailak. Gipuzkoako 5 udalerri (Abaltzisketa, Albiztur, Ezkio-Itsaso, Hernialde eta Leaburu), Arabako 11 (Añana, Arratzua Ubarrundia, Barrundia, Burgelu, Iruraiz Gauna, Kuartango, Lantaron, Urizaharra-Peñacerrada, Samaniego, Zambrana eta Zigoitia), Bizkaiko 22 udalerri (Ajangiz, Amoroto, Arantzazu, Arratzu, Arrieta, Artea, Artzentales, Ea, Elantxobe, Errigoiti, Forua, Fruiz, Garai, Gatika, Kortezubi, Mendata, Mendexa, Meñaka, Murueta, Muxika, Zaratamo eta Ziortza-Bolibar).  

Kontratuaren aurrekontua 1.149.500 eurokoa da, BEZ barne. Kontratu hau lortu nahi dutenek konpromisoa hartzen dute 38 kutxazain automatiko horietatik 31 bi urteko epean instalatzeko.

Adjudikazio-irizpideei dagokienez, alderdi ekonomikoa (kutxazain automatikoak instalatzeko kostua eta hileroko mantentze-lana) eta kutxazainen funtzionalitate gehigarriak hartuko dira kontuan, lizitazioan ezarritako gutxienekoetatik harago.

Dokumentazioa aurkezteko eta kontratua eskuratzeko epea zabalik dago dagoeneko, eta azaroaren 4an amaituko da, 13:00etan. Telematikoki zein aurrez aurre aurkeztu ahal izango da.