- ‘Etxenoi’ izenarekin, Jaime Gutiérrez Armendariz eta Itziar Molinero Miranda bilbotarren pabiloia Emakumeen Plazan egongo da. Jasangarritasun arkitektonikoaren aldarrikapena da, etxebizitzen birgaitzearen ‘fast fashion’-aren aurrean.
- Instalazioak, etxe itxura duenak, berrerabilitako materialekin eginda dago eta garbiguneko hondakinak erakusten ditu, hala nola obra-hondakinak edo altzariak, eta estetikoak soilik diren zaharberritze obrei kargu hartzen die.
- Mugak/ Bienalak Bilbon izango duen kokalekuetako bat izango da pabiloia, ordea, hiri osoan zehar banatutako proposamenak ere egongo dira: Azkuna Zentroan Massimiliano Fuksas ospetsuaren hitzaldia edo Iparraldeko Geltokian egongo den ‘Protopía’ erakusketa, besteak beste.
Mugak/ Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalak irekiera eman dio Bilboko pabilioiari, Emakumeen plazan kokatuta dagoena, horrela bosgarren edizioaren hiriko programazioari hasiera emanez. ‘Etxenoi’ du izena pabiloiak eta jasangarritasun arkitektonikoaren aldarrikapen bat da, etxebizitzen birgaitzearen ‘fast fashion’-aren aurrean.
Arku Atlantikoaren hitzordu arkitektoniko nagusia, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak bultzatuta, pasa den astean hasi zen ‘Eu-topías, Ou-topías’ erakusketa nagusiaren aurkezpenarekin, Lesley Lokko OBE katedradunaren irekiera-hitzaldiarekin eta Donostiako programazioaren hasierarekin, pabilioiaren inaugurazioa barne. Aurtengo leloak arkitekturaren utopiei buruz hausnartzen du, baita bizi nahi ditugun etorkizun hobeagoetarantz aurrera egiteko duten ahalmenari buruz ere.
Gaur Bilboren txanda heldu da AMA Architectural Office-eko Jaime Gutiérrez Armendariz eta Itziar Molinero Miranda bilbotarren pabiloiaren inaugurazioarekin. Instalazioak etxe itxura du eta berrerabilitako materialekin eginda dago. Gainera, garbiguneko hondakinak erakusten ditu, obra-hondakinak, ispilu bat edo telebista bat, besteak beste.
Honen helburu nagusia estetikoak soilik diren zaharberritze obrei kargu hartzea eta arkitektura arduratsu eta jasangarri baten aldarrikapena egitea da: “Askotan altzari-konpainia handiek markatutako aldaketak dira, produktuak urtaro bakoitzean aldatzen baitituzte, edo etxebizitza jakin batzuk alokairuko online atarietan sexy izan daitezen egiten direnak. Gure etxe barruan gertatzen den hori gure hiriak osatzen dituzten eraikin eta espazio publikoetara estrapolatzen da, non askok hiri-kirurgia estetikoak jasaten dituzten, baldintza garrantzitsuagoak hobetu gabe, hala nola irisgarritasuna edo erosotasun termikoa”, adierazi du AMAk. Pabiloiak Horbisa, Loiumat eta Akaba enpresen babesa izan du, baita Bizkaiko AATEren laguntza ere. Azken horrek aparejadore bat jarri du proiektua koordinatzeko.
“Aurtengo Bienalaren leloak utopia lan egiteko modua bezala ikustera gonbidatzen gaitu eta gaur inauguratu dugun pabilioian argi ikusten da ideia hau”, adierazi du Miguel de los Toyos Etxebizitza sailburuordeak. “Utopiari buruz hitz egiten dugunean burura datorkigun definizioak plan, sistema edo proiektu ideal bati egiten dio erreferentzia, burutzen ia ezinezkoa edo oso zaila dena”, hausnartu du. “Baina hau bezalako ereduek erakusten digute, nahiz eta utopiak eskuragarriak ez izan, bidean helburu eta xede ezberdinak bete daitezkeela —pabilioi honek erakutsi duen bezala—, jasangarritasuna, berreskuratzea eta hiri-berroneratzea bezalako arloetan”, bukatu du De los Toyos-ek.
Bilbon pabiloi bat eraikitzen den Mugak/ Bienalaren bigarren edizioa da hau. “Ekimen honek bilbotarrak Bienalean azaltzen diren elkarrizketetara hurbiltzen ditu, arkitektura, jasangarritasuna eta hirietan bizitzeko modu desberdinak bezalako gaietara. Gaurkotasuneko gaiak dira, pabiloi honen bidez espazio publikoan itxura hartzen dutenak eta bertan parte hartzen dutenak”, adierazi du Asier Abaunza Hiri Plangintzako, Proiektu Estrategikoetako eta Espazio Publikoko Bilboko Udaleko zinegotziak.
Massimiliano Fuksas, urriaren 31n Bilbon
Massimiliano Fuksas arkitekto ospetsua Azkuna Zentroan egongo da urriaren 31n, 12etan, Actar editorialeko sortzailea den Ramon Pratekin elkarrizketan. Fuksas-ek, prestigio internazioanala duenak, irudimenak, etikak eta sormenak gure espazioen eraldaketan duten eraginari buruz hitz egingo du, baita arkitektura utopia garaikideak eraikitzeko tresna nola izan daitekeen ideiari buruz ere, mugak desafiatuz eta mundua bizitzeko modu berriak proposatuz.
Massimiliano Fuksasek esplorazio-ekintza gisa ulertzen du arkitektura: oztoporik gabeko bidaia, non ideiak, topaketak eta ikuspegiak elkar lotzen diren. Londresen, Kopenhagen eta Parisen izandako lehen esperientzietatik eta Erromako La Nuvola lan ikonikoetaraino, Fuksasek erakusten du eraikitzea utopiak irudikatzea eta munduarekin harremanak izatea ere badela, irekitasunetik eta eskuzabaltasunetik. Haren arkitekturak forma gainditzen du; bizitzako espazioa da, keinu politiko eta giza lotura.
Egitarau zabala azaroaren 9ra arte
‘Etxenoi’ Emakumeen Plazan egongo da azaroaren 9ra arte, Mugak/ Bienalaren Bilboko programazioaren azken egunera arte. Ordura arte, hiri osoan zehar doako ekintza ugari eskainiko dira, arkitektura herritarrengana gerturatu nahian.
Fuksas-enaz gain, ‘Oteiza y la ciudad inmóvil’ programak elkarrizketa interesgarri bat ekarriko du Jorge Oteizak arkitekto talde batekin batera 1994ko Zorrotzaurre penintsularen birmoldaketari buruzko proiektuaren inguruan. Mahaingurua urriaren 28an izango da eta bertan, Zorrotzaurreko proiektuaren analisiaz gain, deialdira aurkeztutako beste proiektu batzuk ere erakutsi eta komentatuko dira. Programa honen barruan, ‘Zorrotzaurre 1994. Uhartea eta (ez) izan zitezkeen hiria’ elkarrizketa ere eskainiko da, Ramón Zallorekin azaroaren 4an. Zallok kontzeptualizatu zuen Oteizak eta arkitektoen kolektiboak penintsula berrantolatzeko lehiaketarako aurkeztutako proiektuaren gizarte-, kultura- eta ekipamendu-programa.
Mugak/ Bienalak erakusketak ere ekarriko ditu Bilbora. Adibidez, Ana Retuerto eta Pablo Alberich-en ‘Protopía’ , Iparraldeko Geltokian gaur arratsaldean irekiko dena azaroaren 14ra arte. Etxebizitzak utopia gisa duen ideiatik abiatuta, sormen prozesuari balioa ematen dio. Horretarako, arkitektura, diseinu eta arteko profesional ezberdinei postaz kutxa huts bat bidali zitzaizkien, jarraibide batzuekin. Kutxa hauetan bueltan jasotako emaitzek osatzen dute erakusketa, horien artean Marina Povedano arkitekto eta filosofoak bidalitako objetu apurtua, Palestinako genozidioari erreferentzia eginez; Anna&Eugeni Bach arkitektoek egindako kabia, etxebizitzen eraikitzearekin lotuta; edo Jon Ander Aguirre arkitektoak bidalitako objektua, etxebizitzarako gutxieneko baldintzak eta espazio bizigarriaren murrizketari erreferentzia egiten duena.
Tailerrak ere egongo dira. Horietako batek etorkizun desberdinak irudikatuko ditu, AA sortzailearen tresnak modu kritiko eta sortzailean erabiliz: ‘We make cities’ Bilbo prespektiba kolektibo batetik bierpentsatzeko makina izango da, urriaren 24an IED Kunsthal-en. Sortutako irudiak Bienalaren erakusketa nagusian egongo dira erakusgarri. Bestalde, urriaren 30ean eta 31n, ‘Etxenoi’ pabilioian eskuz ehundutako arkitekturei buruzko tailerra egongo da, Kris Meraki artistak aurkeztua. Bertan, tokiko artilez egindako pieza bat sortuko da, eskuzko feltroko teknika erabiliz.
Bienalaren utopien gaiaren harira, etxebizitza izango da Bilbon urriaren 29ko jardunaldiaren gaia: ‘Otros habitares’ higiezinen espekulazioak, larrialdi klimatikoak eta eraikitako parkearen narriadurak markatutako gero eta bizipen-krisi handiagoaren testuinguruan kokatzen da. Ordea, gogoeta kritiko eta propositiborako gune gisa planteatzen da, hainbat perspektiba, proiektu eta esperientzia bateratuz: bertan izango dira Bilboko Udala, HouseEurope! herritarren plataforma eta Urbanbat, Straddle3 eta Peñascal Koop bezalako kolektiboak, ‘Kabian’ etxebizitzarako irtenbide berritzailea garatu dutenak. Arratsaldean, AMA Architectural Office-ek Euskadiko zuzkidura-bizitokien azkerketa kritikoa egingo du eta John Porral arkitekto eta programatzaileak ‘The Bedroom Script’ aurkeztuko du, instalazio interaktiboa non ordenagailuak diseinatzen uzteko aukerak aztertzen ziren.
Jarduera guztiak doakoak dira, baina batzuetan aldez aurretik izena eman behar da. Programa osoa eta formularioak Mugak/ 2025 webgunean daude eskurgarri.