Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila, Alberto Martínez sailburua buru duela, Tolosaldeko eragile politiko eta sozial nagusiekin bildu da gaur, eta haiekin harremanetan egon da dagoeneko, Osasun Laguntzako Plan Funtzionalaren behin-behineko aurrerapenaren berri emateko. Plan horren barruan sartzen da Tolosan ospitale publiko bat eraikitzea, bost urte barru martxan jarriko dena. Azpiegitura publiko berri bat, Gipuzkoa osorako erreferentea izango dena prozedura diagnostikoetan eta proba osagarrietan.
Martínezekin batera izan dira Gontzal Tamayo eta Aritz Uriarte sailburuordeak, Lore Bilbao Osakidetzako zuzendari nagusia, Maite Martínez de Albéniz Donostialdea ESIko zuzendari gerentea eta Mari Luz Jauregi Tolosaldea ESIko zuzendari gerentea. Osasun Sailak eta Osakidetzak Tolosaldean deitutako topaketa, eskualdeko osasun-laguntzaren etorkizuna hobetzeko Eusko Jaurlaritza lantzen ari den ekimena tokiko komunitatearekin partekatzea eta kontrastatzea helburu duena. “Jardunaldi honek eragile sozialei, politikoei eta herritarrei jakinarazi nahi diegun konpromisoa eta gardentasuna islatzen ditu, eta 2024ko irailetik egindako aurrerapenak eta honaino eraman gaituen ibilbidea azaltzea du helburu”, adierazi du Osasuneko sailburuak.
Saileko arduradunek ospitale publikoaren proiektuarekiko konpromiso irmoa berretsi diete eskualdeko alkate eta zinegotziei, sindikatuei eta herritarren plataformari, eta horren berri eman dute prentsaurrekoan. Arratsaldean herritarrei ere azalduko diete, jendaurreko ekitaldi batean.
Osasuneko sailburuaren beraren hitzetan, helburua da Tolosaldeko eremuan asistentziaren kalitatea handituko duen soluzio integral baterantz aurrera egitea, baliabideen erabilera optimizatuz, arretaren banaketa murriztuz eta paziente kalteberenentzako kalitate handiko arreta bermatuz. Gaineratu duenez, Sailaren lehentasunezko jardueretako bat da, eta horretarako 200.000 euroko partida bat dago esleituta datorren urteko Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuan.
Alberto Martínezek azpimarratu duenez, aurreikusita dago ospitalea bost urteko epean martxan jartzea, eta oraingo Iurramendiko aparkalekuan kokatuko da, suhiltzaileen parkearen ondoan.
Sailburuak azpimarratu duenez, Tolosako ospitale publiko berriak laguntza emango dio Tolosaldeko eskualdeari, eta, gainera, erreferentea izango da Gipuzkoa osorako diagnostiko-prozeduretan eta proba osagarrietan. Donostialdea ESIko profesionalak izango ditu erreferentzia. Azpiegitura berriak 77 ospitalizazio-ohe izango ditu (90 bigarren eszenarioan, biztanleria-proiekzioaren araberako etorkizuneko eskarian oinarrituta) eta 4 ebakuntza-gela (horietako 1 konplexutasun txikiko kirurgiarako), erresonantzia-zerbitzu bat, Gipuzkoa osorako zerbitzu diagnostikoak eskainiko dituena, endoskopietarako eta beste prozedura batzuetarako 2 miaketa-gela, anestesia osteko errekuperazio-unitate bat, larrialdi-zerbitzua, erradiologiako ekipoak (tratamendu asertibo komunitarioa, ekografiak, digestiboa…) eta errehabilitazioa.
Ospitale publiko berrian aurreikusitako espezialitateei dagokienez, honako hauek izango dira: digestio-aparatua, dermatologia, endokrinologia, ginekologia eta obstetrizia, neurologia, errehabilitazioa, pneumologia, alergologia, kardiologia, hematologia, barne-medikuntza, erreumatologia, anestesiologia, kirurgia orokorra, oftalmologia, otorrinolaringologia, traumatologia eta urologia.
Analisi eta entzunaldirako prozesua
Ospitale berriaren diseinua eskualde honetako egungo eta etorkizuneko biztanleriaren azterketa sakon baten emaitza izan da, haien asistentzia-premiak eta ospitalizazioak erreferentziatzat hartuta. Hausnarketa garrantzitsu horretan Tolosaldea ESIko profesionalek eta Donostia Unibertsitate Ospitaleko espezialistek parte hartu dute.
Horrela, paziente medikoei eta egonaldi ertaineko zainketak eta proba osagarriak behar dituzten pazienteei zuzendutako ospitalizazio-azpiegitura bat ezartzeko beharra ondorioztatu da. Ospitaleak eskualde horri eta Donostialdea ESIren beharrei emango die zerbitzua, eta Donostia Unibertsitate Ospitaleak prozesu kirurgiko edo mediko konplexuagoek eragindako ospitalizazioak hartzeko aukera izango du.
Era berean, Tolosaldeko pazienteak eremu kirurgiko batez hornitzeko beharra ikusi da, espezialitate kirurgiko bakoitzeko interbentzio-motak dagozkien zerbitzuek zehaztuko dituzte, beharrak ebaluatuta segurtasun, eraginkortasun eta efizientzia handiagoa lortzeko helburuarekin, hurbiltasuna edo erreferentziako zentroa balioan jartzen duten beharrak kontuan hartuta, bai eta etxeko ospitalizazio-zerbitzu bat mantentzeko eta Donostialdea ESIko tratamendu asertibo komunitarioarekin koordinatutako urgentziazko arreta-dispositibo bat haien eskura jartzeko beharra ere.
Epe labur eta ertaineko jarduna
Ospitale berria abian jarri arte, Tolosaldea ESIren antolaketan aldaketa handiak egingo dira, bai epe laburrean, bai epe ertainean, zenbait zerbitzu berrantolatzeko eta asistentzia anbulatorioa indartzeko. Horien artean, honako hauek nabarmentzen dira:
- Barne-medikuntzak asistentzian eta lan-fluxuen kudeaketan duen zeregina indartzea.
- Tolosaldeko pazienteak Donostialdea ESIn dauden programa eta ibilbideetan sartzea.
- Tolosako anbulatorioan barne-medikuaren figura ezartzea, paziente horiek integratzeko erreferente gisa.
- Tolosaldean asistentzia anbulatorio espezializatua harian-harian indartzea, zerbitzu bakoitzaren horniduraren eta Tolosaldeko biztanleen beharren arabera.
- Donostia Unibertsitate Ospitalean konplexutasun handiko kirurgiak hartzea.






