Begoña Pedrosa Hezkuntza Sailburua izan da bileran buru. Diagnostikoaren azken bertsioa — ekarpenekin eguneratua — eta laburpen exekutibo bat partekatu dira gaurko batzarrean, ekitatearen, inklusioaren eta eskola-eraginkortasunaren aldeko itunaren hurrengo urratsak bideratzeko.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Eskola Bikaina Denontzat bigarren bilera egin du gaur, aukera berdintasunaren, inklusioaren eta eskola-eraginkortasunaren aldeko mahaia. Hezkuntza sailburu Begoña Pedrosa buru izan duen saioaren helburua diagnostikoaren azken bertsioa partekatzea izan da, azken asteetan mahaian parte hartu duten eragileek bidalitako ekarpenekin eguneratuta besteak beste. Gainera, laburpen exekutibo bat aurkeztu da lerro nagusien irakurketa errazteko eta prozesuaren hurrengo urratsak bideratzeko.
«Beste urrats bat emango dugu guztion artean aniztasuna sendotasun bihurtzen duen eskola eraikitzeko, eta eta ikasleen ongizatea erdigunean jartzen duen eskola eraikitzeko», adierazi du Begoña Pedrosa sailburuak. «Zerbitzu publikoak indartzeak zera eskatzen du: elkarrizketa, erantzukidetasuna eta ikuspuntu-ezberdinen arteko elkarekintza: entzutea, elkarguneak bilatzea ikasleen beharrizanei erantzutea lehenesteko” gaineratu du.
Eskola Bikaina Denontzat Lehendakariak sustatutako ekimena da. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak koordinatzen du, eta hezkuntza-komunitateko ordezkariek parte hartzen dute bertan. Helburua bide-orri partekatu bat adostea da, eskola-segregazioa murrizteko, ekitatea eta inklusioa indartzeko, emaitzak hobetzeko eta ikastetxe guztietan eskola-eraginkortasuna indartzeko.
Gaurko saioan, diagnostikoaren azken bertsioa eta erreferentziazko diagnostikoaren dokumentu exekutiboa aurkeztu dira, prozesuaren hurrengo faseetarako oinarri izango dena. Mahaiak Euskadiko administrazio publikoak, hezkuntza-sistemako eragileak, sindikatuak, unibertsitateak, itunpeko sareko patronalak, alderdi politikoak eta gizarte-erakundeak biltzen ditu. Parte-hartzaileen artean daude, besteak beste, EUDEL, Biltzen, Euskadiko Eskola Kontseilua, Hezkuntza Ikuskaritza, ISEI-IVEI, familien eta ikasleen elkarteak (hala nola EHIGE, Fapacne, Apnabi), inklusioan eta hezkuntza-eskubideetan espezializatutako erakundeak (hala nola UNICEF, Save the Children, Plena Inclusión, Eusko Ikaskuntza), UPV/EHU, Deustu, Mondragon Unibertsitatea eta BAM unibertsitateak, eta sare publiko eta itunduak ordezkatzen dituzten erakundeak.
Diagnostikotik eta metatutako esperientziatik abiatuta, gaur prozesuaren 3. fasean landu eta osatuko diren ildo estrategiko batzuk ere aurkeztu dira:
• Hezkuntza-programazioa berrantolatzea eta gaineskaintza murriztea: eskaintza benetako eskarira egokitzea, bereizketa areagotzen duten bikoiztasunak saihestea eta eremu guztietan proiektu inklusiboak, bidezkoak eta kalitatezkoak bermatzea.
• Onarpen- eta zonifikazio-irizpideen eragina ebaluatzen jarraitzea: eragin-eremu orekatuagoak definitzea, eta onarpen-mekanismoak indartzea eskolaratze orekatua ziurtatzeko, ohiko eta ezohiko onarpen-araudia aplikatuz eta sare publikoko eta itunpeko zentroen plangintzan aplikatuz.
• Funts publikoekin finantzatutako sare osoaren benetako erantzunkidetasuna: zaurgarritasun-egoeran dauden ikasleak eskolatzeko konpromiso argiak eta egiaztagarriak ezartzea ikastetxe guztientzat — publikoak eta itunpekoak —.
• Konpentsazio-politika egonkorra eta egiturazkoa: konplexutasun handiko zentroetan giza baliabide eta baliabide material nahikoak ziurtatzea, irizpide garden eta ebaluagarriekin.
• Aholkularitza, prestakuntza eta laguntza tekniko-pedagogiko intentsiboa: testuinguru konplexuagoetan lan egiten duten ikastetxeei laguntzeko tresna egonkorrak finkatzea.
Eskola Bikaina Denontzat prozesua 2025-2026 ikasturte osoan zehar garatuko da, ondoz ondoko hiru fasetan banatuta: diagnostikoaren baliozkotzea, Ikuspegiaren, Xedearen, Balioen eta Printzipio partekatuen definizioa, eta jarduera-eremuen eta neurrien zehaztapena. Ikasturtea amaitzeko asmoa dago, elkarrizketarako eta kontrasterako ibilbide baten ondoren, euskal hezkuntza-sistemaren ekitatean, inklusioan eta eskola-eraginkortasunean benetako eragina izango duten akordioak lortzera bideratuta.






