Lankidetza-hitzarmenak, euskal erakundeetako langileen hizkuntza gaitasunak hobetu eta euskararen erabilera sustatzeko (Gobernu Kontseilua 2025-10-21)

0
  • Hitzarmen horien bidez, IVAPek euskalduntze- eta alfabetatze-ikastaroak eskainiko ditu langile publikoen hizkuntza-gaitasuna hobetzeko
  • IVAPen eta Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu sailaren eginkizunetako bat da euskal administrazioen zerbitzura dauden langileak prestatzea, baita euskararen arloan ere, herritarren hizkuntza-eskubideak bermatuko dituen administrazio euskaldunago baterantz urratsak egiteko

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran bi lankidetza-hitzarmen onartu ditu, bata Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu sailaren baitakoa den Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren (IVAP) eta Arabako Batzar Nagusien artean sinatu beharrekoa, eta bestea IVAP eta Igorreko Udalaren artean izenpetzekoa, biak hala biak, hizkuntza-prestakuntzaren ta normalizazioaren arloan.

Izan ere, IVAPen eginkizunetako bat da euskal administrazioetako langileak prestatzea, baita euskararen arloan ere, Euskal Sektore Publikoan euskararen erabileraren normalizazioan aurrera egiteko eta, horrela, euskal herritarren hizkuntza-eskubideak bermatuko dituen administrazio euskaldunagoa sustatzeko.

Lankidetza-hitzarmen horien helburua da erakundeetako enplegatu publikoen hizkuntza-gaitasuna hobetzea eta euskararen erabilera sustatzea. Hitzarmenen bidez, IVAPek hizkuntza-prestakuntzako ikastaroak eskainiko ditu; zehazki, euskalduntze- eta alfabetatze-ikastaroak eta 4. hizkuntza-eskakizunari dagozkion hizkuntza-prestakuntza ikastaroak. Erakunde sinatzaileek beren langileei ikastaro horietan parte hartzeko aukera eman eta erraztuko diete.

Hitzarmen horiek euskal erakundeen hizkuntza-normalizaziorako politikak indartzen dituzte eta administrazioan euskararen erabilera sustatzeko tresna praktikoa dira.Bi hitzarmenen indarraldia 2028ko urriaren 2ra artekoa izango da eta alderdiek berariaz adostu ahal izango dute beste lau urtez luzatzea edo hitzarmena bertan behera uztea.