Eusko Jaurlaritzak berrikuntza publiko gizatiarrago, hurbilago eta parte-hartzaileago baten alde egiten du

0

Eusko Jaurlaritzak legegintzaldi honetarako duen erronketako bat da administrazio arinagoa, modernoagoa eta digitalagoa bultzatzea, teknologia pertsonen zerbitzura jarriko duena. Ildo horretan, Maria Ubarretxena Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak, V. Smart City Biltzarrean parte hartzean, azpimarratu du «berrikuntza publiko gizatiarrago, hurbilago eta parte-hartzaileago baten alde egiten du gobernu honek».

Ubarretxena sailburuak nabarmendu duenez, «digitalizazioa, datuak edo adimen artifizialari buruz hitz egiten dugunean, ez gara teknologiaz bakarrik ari, pertsonei buruz ere ari gara. Horregatik, entzun, ulertu eta pertsonei egokituko zaien administrazioa izan behar dugu. Digitalizazioa ez da horma bat, zubi bat baizik. Hori da Euskadiren konpromisoa: lurralde adimendunak eraikitzea, bai, baina, batez ere, giza lurralde parte-hartzaile eta inklusiboak».

Etorkizuneko administraziorako prestatutako pertsonak

Era berean, sailburuak balioa eman dio Eusko Jaurlaritzak AAren erabileran duen lidergoari, erakundeak modernizatzeko tresna gisa; izan ere, enplegatuei prestakuntza ematen ari zaie AAren erabilera praktikoa egiteko zeregin administratibo eta teknikoetarako, zeregin errepikakorrei eskainitako denbora murrizteko eta izapidetzean eta herritarrentzako arretan arintasuna handitzeko.

Produktibitatea eta efizientzia hobetzeaz gain, ekimen honek erreferente bihurtzen du Euskadi AA sortzailea etikoki eta segurtasunez onartzeko Europan, pribatutasun-, gobernantza- eta jasangarritasun-estandar handiekin.