Ffamilia-mediku bat gehituko zaio egungo lantaldeari
Osakidetzako Uribeko ESIko Erandio Goikoako kontsultategiak, urriaren 28tik aurrera, asteartea, Familia Medikuntzako beste profesional bat izango du. Mediku berria Lehen Mailako Arretako egungo lantaldeari batuko zaio, mediku batek eta bi erizainek osatua.
Langile kopurua indartzeaz gain, Osakidetzak, Erandioko Udalarekin lankidetzan, kontsultategia handitzeko eta hobetzeko obrak egin ditu, osasun-langileen eta Erandio Goikoako bizilagunen egungo beharretara egokitzeko. Ondorioz, bi kontsulta gehiago eta espazio berrituak ditu, arreta erosoagoa eta eskuragarriago emateko.
Jarduera horiekin, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak zerbitzua udalerriaren beharrizan demografikoetara egokitzen dute zerbitzua, zehazki, kontsultategia dagoen eremura, azken urteotan bertako biztanleria hazi egin baita nabarmen.
Lanpostu berria betetzen duen medikuak eta erizainetako batek astelehenetik ostiralera, goizez, eskainiko dute arreta, eta Erandio Goikoako eta Lezamako (Txorierri) kontsultategien artean banatuko dute lanaldia.
Txorierriko Lehen Mailako Arretan irisgarritasun handiagoa
Indartze horiei esker, gainera, Txorierriko eskualdeko Lehen Mailako Arretako lantaldeak berrantolatu dira. Helburua da irisgarritasuna hobetzea eta erabiltzaileentzako itxaronaldiak murriztea.
Hobekuntza horiek Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Lehen Mailako Arreta indartzeko duten konpromisoaren baitan daude, herritarrentzako hurbileko eta kalitatezko osasun-arreta bermatzeko.






