Gobernu Kontseiluak bi dirulaguntza zuzen onartu ditu, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak sustatuta, euskal pilotaren bidez Euskadiren kanpo-proiekzioa sendotzeko Euskadi Globala nazioartekotze-estrategiaren barruan.
Guztira, 650.000 euro bideratuko dira. Alde batetik, 350.000 euroko dirulaguntza zuzena emango zaio Euskadiko Euskal Pilota Federazioari, Euskal Selekzioak nazioarteko txapelketetan parte hartzeko gastuei aurre egiteko 2025 urtean. Laguntza horrek Federazioari aukera emango dio selekzioak Euskadi–Basque Country izenpean nazioarteko lehiaketetan parte hartzeko izan dituen gastuak estaltzeko prestakuntza teknikoan, joan-etorrietan, dietetan, materialetan, eta abar. Nazioarteko hitzorduen artean daude Nazioen Liga (Gernikan, Bilbon eta Mexikon jokatu diren probak), Trinketeko Munduko Sub-23 Txapelketa Argentinan, Frontball eta Wallball munduko txapelketak Herbehereetan, eta Eskuzko Pilota Europako Junior Txapelketa Belgikan, besteak beste.
Bestalde, Gobernu Kontseiluak 300.000 euroko dirulaguntza onartu du Euskal Pilota Nazioarteko Txapelketen Antolatzaileak Elkartearentzat (AEPNTAE). Elkarte hori da azaroan Bilboko Miribilla frontoian jokatuko den Basque Pilota Nations League – 36 metroko txapelketaren antolatzailea. Laguntza honi esker, txapelketaren koordinazioa eta sustapena finantzatuko dira, nazioarteko selekzioen parte-hartze zabala bultzatuz eta Euskadi nazioarteko pilotaren egutegiko erreferentziazko egoitza gisa sendotuz.
Bi dirulaguntza hauek Euskadi Globalaren estrategiaren baitan kokatzen dira, Euskadiren nazioarteko errekonozimendua eta presentzia indartzeko helburua duen estrategia. Euskal pilota gure herriaren kirol eta kultura nortasunaren ezinbesteko elementua da, eta, aldi berean, beste lurralde batzuekin harremanak sendotzeko eta Euskadi munduan kokatzeko tresna eraginkorra.
Ekimen hauen bidez, Eusko Jaurlaritzak kirol-jarduera sustatzeko, Euskadiren nazioarteko proiekzioa indartzeko eta berdintasunaren, aniztasunaren eta lankidetzaren balioak zabaltzeko konpromisoa berresten du, euskal pilotak irudikatzen dituen balioekin bat eginez.






