Arnasguneetako gazteek 200 lan baino gehiago aurkeztu dituzte Arnasetik lehiaketaren IV edizioan

0
  • Guztira, sormenez beteriko 205 lan jaso dira aurtengo edizioan.
  • Lehiaketak hiru kategoria ditu adinaren arabera (LH 5-6; DBH 1-2; eta DBH 3-4) eta bost sari banatuko dira (500€-ko opari bonoak eta oroigarriak).
  • Publikoaren saria erabakitzeko 3.500 bozka baino gehiago jaso dira.
  • Sariak banatzeko ekitaldia azaroaren 27an izango da Leitzako Herri Aretoan

Aurten ere Arnasa Gara ekimenak ARNASETIK bideosormen lehiaketaren laugarren edizioa antolatu du euskararen arnasguneetako 10 eta 16 urte bitarteko gazteen sormena eta euren hizkuntza ohituren eta herrien inguruan gogoeta pizteko. Arnasa Gara UEMAk, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak elkarrekin sustatutako egitasmoa da, eta euskararen arnasguneek duten garrantzia jendarteratzea du helburu, euskararen biziberritzeari eta euskararen herriari egiten dioten ekarpena nabarmentzeko. 2025eko edizioan 205 lan jaso dira eta 3.500 bozkatik gora.

Hiru gai nagusi

Lehiaketa euskararen arnasguneetako ikastetxeetako ikasleei dago zuzendua, baita arnasguneetako ikasleak jasotzen dituzten ikastetxeetako ikasleei ere. Haien egitekoa euskarari lotutako istorioak kontatzea izan da bi minutuko ikus-entzuneko lanen bidez, eskatutako erronkari erantzunez.

Lehiaketa adinaren araberako hiru kategoriatan banatzen da. Kategoria bakoitzean erronka ezberdinei erantzuna emateko bideoak aurkeztu dituzte gazteek.

  • LH 5. eta 6. mailetako ikasleek gurasoek eta aitona-amonek herrian esaten zituzten esamoldeak bilatu eta gaur egungo baliokideak aurkitu edo asmatu dituzte.
  • DBH 1. eta 2. mailetako ikasleak Arnasgune batean sartzeko casting batera aurkeztu eta ia dena euskaraz egin daitekeen herri batean bizitzeko arrazoi nagusiak azaldu
  • DBH 3. eta 4. mailetako ikasleek pentsatu dute, haien herria uztekotan, zer sumatuko zuten gehien faltan.

Sari banaketa ekitaldia azaroaren 27an

Azaroaren 27an, Leitzako Herri Aretoan izango da sari banaketa. Maria Blanco eta Malen Altunak  aurkeztuko dute ekitaldia, arratsaldeko seietan hasiko da eta amaieran luntxa eskainiko da. Guztira, bost sari banatuko dira. Kategoria bakoitzean, epaimahaiak hautatutako lanik onenak; 500 euroko saria izango du (guztira hiru). Horrez gain, balio bereko publikoaren saria ere banatuko da, bozketa bidez hautatua. Sari hauek, besteak beste, IrriSarri Land, Gure Zirkua, Durangoko Azoka, ihes gela desberdinetarako sarrerak edo EITBko Goazen! eta Irabazi Arte! telesailen merchandising produktuetan edo ikas-bidaian gastatzeko bonuak izango dira.  Azkenik, Leitzako Udalak ere herriko lan bat saritu nahi izan du bosgarren sari bat eskainiz.

Parte-hartzea zabala udalerrika

Aipatu bezala, 205 sormen lan jaso dira aurtengo edizioan eta guztira 35 udalerri ordezkatu dira. Zehazki ondoko hauek:

 

Anoeta Deba Irura Orio
Arbizu Doneztebe Ispaster Urdazubi
Areso Errezil Lakuntza Zarautz
Aulesti Etxarri Aranatz Leitza Zestoa
Azkoitia Gernika-Lumo Lekeitio Zornotza

 

Azpeitia Hernani Lesaka  
Baliarrain Hondarribia Markina Xemein  
Bergara Ibarra Mutriku  
Bermeo Igantzi Oñati  
Berriatua Ikaztegieta Ondarroa  

 

Arnasa Gara proiektua eta arnasguneak

Arnasetik bideo lehiaketa Arnasa Gara proiektuaren barruan kokatzen da. UEMA, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuak sustatutako proiektua da eta xedetzat du arnasgune diren udalerriei dagokien aitortza egitea eta bertako herritarrak ahalduntzea. Hiztun komunitate sendo bati esker, euskaraz modu naturalean bizi daitezkeen udalerriek dute arnasgune izendapena. Arnasa Gara kanpainak balioan jarri nahi ditu herriok, eta errekonozimendua adierazi nahi die urteetan euskararen ongizatearen alde izandako jarrerarengatik.

Eguneroko mintzajardun arruntetan bertakoen artean euskara nagusitzen den gune soziogeografikoak (auzoa, herria, eskualdea, harana…) dira arnasguneak. Arnasguneetan euskara belaunez belaun transmititzen ohi da familia gehienetan (gurasoen eta haurren artean); eta euskaraz mintzatzeko joera nagusitzen da.

Kasu honetan, Arnasetik lehiaketak arnasguneetako gazteengan jarri nahi du arreta, haien hizkuntza-ohituren inguruan hausnarketa eragiteko. Horregatik, Arnasetik lehiaketa arnasguneetan bizi diren ikasleei zuzenduta dago (LH 5-6 eta DBH 1-4ko ikasleak). Egia da; arnasgune asko udalerri txikiak direla, eta maiz, ikasle askok udalerri handiagoetara jo behar izaten dutela ikasketekin jarraitzeko. Horregatik, arnasgune txikietako ikasleak jasotzen dituzten zenbait ikastetxek ere parte hartu dute, batez ere eskualde-buruetako ikastetxeek. Arnasguneentzat eskualde-buruak ere garrantzitsuak dira, udalerri hauetan arreta berezia jartzea ezinbestekoa baita euskarak duen bizitasuna bermatzeko.