- 300 bideo baino gehiago aurkeztuta, edizio hau orain arte egindako arrakastatsuenetako bat da
- Derioko Kultur Birikak Beldur Barik 2025 topaketa hartuko du ostiral honetan, hilak 28, tailer, musika eta sari banaketarekin
Beldur Barik 2025. edizioko topaketa gaur goizean aurkeztu da Derioko Kultur Birikan. Bertan, Beldur Barik topaketaren urteroko topaketa egingo da azaroaren 28an, ostiralean. Gazteen artean indarkeria matxista eta sexista prebenitzeko ekimen hau Emakundek bultzatzen du eta hiru foru aldundien eta EUDELen babesa du.
Aurkezpenean parte hartu dute Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak, Derioko alkate eta EUDELeko presidente Esther Apraizek, Arabako Foru Aldundiko Berdintasunerako eta Giza Eskubideetarako zuzendari Joana del Hoyok, Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasunerako zuzendari Trinidad L. Vicentek eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasunerako zuzendari Nerea Isasik.
Gainera, Amaia Lekue Larrabetxuko alkatea, Jon Ander Aurrekoetxea Lezamako alkate eta Txorierriko Mankomunitateko presidentea, Josu Andoni Begoña Loiuko alkatea, Naia Landa Sondikako alkatea eta Lander Aretxabaleta Zamudioko alkatea ere izan dira.
Emakundeko zuzendariak ekimen horren helburuak gogorarazi ditu: «Neskak ahalduntzen laguntzea, mutilak berdintasunarekin inplikatzea eta elkarrekin gizarte berdinzaleagoa eraikitzea». «Gazteen hizkuntza eta baliabideak erabiliz egiten dugu», nabarmendu du, eta Beldur Barik lehiaketa «aukera paregabea da berdintasunari eta indarkeria matxistari buruz esan nahi digutena entzuteko».
Gazteen kezkak
Beldur Barik bideo-lehiaketa da Beldur Barik proiektuaren ekintza nagusia. Lehiaketak egoera matxista edo diskriminatzaile baten aurrean Beldur Barik jarrera islatzen duten ikus-entzunezko proiektu onenak saritzen ditu, 12 eta 20 urte bitarteko gazteek eginak. Aurten 311 lan aurkeztu dira lehiaketara, azken urteetako parte-hartzerik handiena. Guztira 1.740 gaztek hartu dute parte, % 61 neskak, % 37 mutilak eta % 1 beste identitate batzuekin identifikatzen direnak.
Emakundeko zuzendariak parte-hartze handi hori nabarmendu du, eta, batez ere, taldean egindako lanak izatea. «Garrantzitsua da sormen-prozesua bera emakumeen aurkako indarkeriari buruz gazteek elkarrekin hausnartzeko eta eztabaidatzeko prozesu bihurtzea».
Lan gehien jaso dituen kategoria 12 eta 16 urte artekoa izan da. Bizkaia izan da aurkeztutako proposamen gehien izan dituen lurraldea, ondoren Gipuzkoa eta Araba.
Lanen gai nagusiak sexismoa (% 42), estereotipoak (% 26), kontrola (% 17), onespena eta baimena (% 11) eta gorputzen sexualizazioa (% 11) izan dira. Bestalde, egoera horien aurrean proposatutako Beldur Barik jarrerak honako hauek izan dira: erantzun kolektiboa (% 28), ahalduntzea (% 27), laguntza-eskaera (% 17), anaitasuna (% 14) eta eguneroko erantzunak eta estrategiak (% 9).
EUDELeko presidente eta Derioko alkate Esther Apraizek, aurten Beldur Barik topaketa hartuko duen udalerriko alkateak, lehiaketako parte-hartzaileak zoriondu ditu, «gazteak aldaketaren buru izateko prest ez ezik, aldaketa bultzatzen ari direla erakusten duelako. Sorkuntza, jarrera eta tokiko ekimen bakoitzak balio partekatuen sare bat indartzen du: berdintasuna, errespetua eta ausardia. Erakunde gisa, energia eraldatzaile horri entzuteko, laguntzeko eta lekua emateko ardura dugu, sare sozialen erabilera positiboa eta arduratsua sustatuz «.
Bestalde, Arabako Berdintasunerako eta Giza Eskubideetarako zuzendari Joana del Hoyok gazteen inplikazioaren garrantzia azpimarratu du: «Gazteria ez da berdintasun-politiken hartzaile pasiboa, eraldaketarako eragile aktiboa baizik. Bere ahotsak eta sorkuntzak matxismorik gabeko etorkizun baterako zubia dira».
Bizkaiko Berdintasun zuzendari Trinidad L. Vicenteren ustez, «Beldur Barik ekimenak Euskadiko gazteen artean kezka bat dagoela eta emakumeen eta gizonen berdintasunaren aldeko aktibismoa ere badagoela adierazten digu». «Erakundeek ekimen gazte horiei eman behar diegu bozgorailua», gaineratu du.
BBJ topaketa
Azaroaren 28an, ostirala, Derioko Kultur Birika indarkeria sexista eta matxistaren aurka borrokatzen duten gazteen topagune bihurtuko da. Topaketa 16:00etan hasiko da eta 16:30etatik 17:30etara bertaratzen direnek hainbat tailer egin ahal izango dituzte: Patata Tropikala antzerki laborategiko «Eta hala ez bazan?» antzerki tailerra; «Ez da txantxa» maskulinitate berrien tailerra Jon López Corcheroren eskutik; eta #BBJ jabekuntza tailerra Kabia eta Parean elkarteen eskutik. Ondoren, trikitixaren eta elektronikaren doinuak uztartuko ditu Sünek. 18:00etatik aurrera, aurtengo lan sarituen berri emango da. Ekhiñe Atorrasagasti kazetariak eta Estibaliz Pescador idazle deriotarrak aurkeztuko dute sari banaketa. Topaketara joatea doakoa da, www.beldurbarik.eus web orrian izena eman ondoren, eta autobus zerbitzua eskainiko da Deriora Donostiatik, Bilbotik eta Gasteiztik.






