Hondarribiko Udalak II. Berdintasun Planaren diseinuan urratsak ematen jarraitzen du, eta dagoeneko prest du dokumentuaren zirriborroa. Orain, prozesuaren azken faseari ekingo zaio: partaidetza faseari, herritarrek eta elkarteek euren ekarpenak eta iradokizunak helarazteko aukera izan dezaten.
Gaurtik aurrera, azaroak 24, II.Berdintasun Planaren zirriborroa eskuragarri dago www.hondarribia.eus webgunean. Abenduaren 15era arte, hondarribiarrek eta herriko elkarteek beren iradokizunak helarazteko epea izango dute.
Ekarpenak sarrera erregistroaren bidez aurkeztu beharko dira, bi modutara:
- Udalaren webguneko izapidetza elektronikoaren bidez.
- BAZ bulegoan.
Partaidetza fasea amaitutakoan, Udalak jasotako iradokizunak aztertuko ditu eta dokumentuaren bertsio eguneratua osatuko du. Ondoren, zirriborroa Emakunderi bidaliko zaio, erakundeak dagokion txostena egin dezan. Azkenik, planak Udalbatzaren onarpena beharko du indarrean sartzeko.
II. Berdintasun Planaren zirriborroa
Dokumentua 2024an egindako diagnostikoan oinarritzen da; bertan udalerriko errealitate soziala, genero-arrakalak, herritarren pertzepzioak eta hobetu beharreko arloak jaso dira. Diagnostiko horrek agerian utzi ditu, besteak beste, zaintzaren banaketako desorekak, emakumeen parte-hartzearen mugak, indarkeria matxistaren aurkako lanean sendotu beharreko koordinazioa, eta udal politika guztietan genero-ikuspegia modu sistematikoan txertatzearen beharra.
2025ean planaren diseinu-prozesua garatu da, eta bertan udaleko arlo guztietako langileek hartu dute parte, bai eta berdintasunaren alde lan egiten duten herriko elkarte eta norbanakoek ere. Prozesuan hainbat saio sektorial egin dira, eta horietan parte hartu duten 55 lagunen ekarpenak izan dira planaren oinarri.
Zirriborroak lau ardatz estrategiko nagusi jasotzen ditu, Eusko Jaurlaritzaren 2030 Berdintasun Estrategiarekin lerrokatuta:
- Gobernantza eta antolaketa feministara urratsa. Udalaren barne-funtzionamenduan genero-ikuspegia txertatzea, prestakuntza orokortzea, kontratazioetan berdintasun-klausulak aplikatzea eta datu estatistikoak sexuaren arabera jasotzea.
- Emakumeen ahalduntzea eta parte-hartzea. Emakumeen protagonismo soziala, ekonomikoa eta kulturala indartzea; ikusgarritasuna areagotzea; eta herriko elkarte-sarearekin elkarlana sendotzea.
- Gizarte-antolaketa bidezkoa eta zaintzen aitortza. Zaintza-politiken aldeko neurriak, hezkidetza sustatzea, eta gazteen, adinekoen eta mendekotasun-egoeran dauden pertsonen beharrei erantzuteko ikuspegi integrala garatzea.
- Indarkeria matxistaren prebentzioa eta arreta. Prebentzio-programak, sentsibilizazioa, protokoloen eguneraketa eta erakunde arteko koordinazioa sendotzea.
Planak 124 ekintza jasotzen ditu, 2025–2029 aldian gauzatzeko, Hondarribia berdintasunean oinarritutako udalerri inklusibo, seguru eta bidezkoagoa bihurtzeko helburuarekin.
Udalak herritarren parte-hartzea funtsezkotzat jotzen du planaren azken diseinua osatzeko, eta hondarribiar guztiak gonbidatzen ditu beren ekarpenak helaraztera, dokumentua aberastu eta udalerriaren egunerokoan eragin positiboa izango duen tresna indartsua bihur dadin.






