Gobernu Kontseiluak, Susana García Chueca Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak proposatuta, erabaki du Euskal Trenbide Sareari (sail horren mendeko erakunde publikoari) agintzea irisgarritasun-arloko soluzioak txertatzea Bizkaiko aldiriko trenen C-3 (Bilbo-Urduña) linean.
Aginduaren bidez, nasak partzialki handitzeko proiektu pilotua martxan jarriko du ETSk; linearen jabea den Adifen baimena du, eta helburua da nasen eta gaur egun dagoen trenen plataformaren arteko altuera-diferentzia gainditzea. Urduñako eta Abandoko (Bilbo) geltokietan egingo da proba, linearen bi muturretan.
2025eko urtarrilaren 1ean aldirietako tren-zerbitzuaren kudeaketaren eskumena jaso zuenetik, nasak handitzeko lanetan aritu da Eusko Jaurlaritza, kontuan hartuta irisgarritasun-arazoak daudela, batez ere C3 linean. Adifekin (trenbide-sarearen jabea eta mantentze-lanen arduraduna) eta Renferekin (aldiriko zerbitzuaren operadorea) koordinatuta egin da. Agindu horren bidez aztertuko den soluzioak osatu egiten ditu, epe laburrean, epe ertain eta luzera ezarriko diren beste neurri batzuk; aurrez Renferekin adostu dira, hala nola bagoi irisgarriak dituzten trenak edukitzea, eta Adifekin, azpiegituraren irisgarritasuna hobetzeko obrak egitea, adibidez.






