- Neurri horrek ekoizpen-soberakinak murriztea eta ardogintzaren merkatuaren egonkortasunari laguntzea ahalbidetuko du
- Eskabideak aurkezteko epea apirilaren 29ra arte egongo da zabalik
Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Sailak 2026. urterako mahastien uzta berderako laguntzen deialdia onartu du, 2.146.000 euroko aurrekontu-zuzkidurarekin.
Neurri hau Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren (NPEPE) 2023-2027 aldirako Ardogintzaren Sektoreko Esku-hartzearen barruan kokatzen da, eta helburua ardogintzaren sektorearen egonkortasunari laguntzea da, ekoizpen-soberakinak saihestuz eta merkatuaren oreka sustatuz.
Testuinguru honetan, Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Sailak Euskadiko ardogintzaren sektorearekiko konpromisoa indartzen du, merkatuan gerta daitezkeen desorekak aurreikustea ahalbidetzen duten tresnak aktibatuz. Horrela, Eusko Jaurlaritzak eskaintza egokitzera, soberakinak saihestera eta sektoreari egonkortasun handiagoa ematera bideratutako neurriak sustatzen ditu, ustiategien errentagarritasuna babesten lagunduz.
Laguntzak mahastiak Euskal Autonomia Erkidegoan ardogintzarako mahatsa ekoiztera bideratuta dituzten mahastizainei zuzenduta daude.
Sektorearentzako zuzeneko babesa desoreka-egoeren aurrean
Uzta berdea mahats-mordoak heldu aurretik guztiz kentzean datza, eta eskaintza gehiegizkoa izango dela aurreikusten den kanpainetan ekoizpena murrizteko aukera ematen duen praktika da. Horrela, prezioak egonkortzen laguntzen da eta ustiategien bideragarritasun ekonomikoa bermatzen da.
Deialdi honen bidez, Eusko Jaurlaritzak ardogintzaren sektoreari ematen dion babesa indartzen du, merkatuaren egoera kaltegarriei aurrea hartzeko eta ustiategien errentagarritasuna babesteko tresna zehatzak eskainiz.
Eskabideak apirilaren 29ra arte
Eskabideak aurkezteko epea agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean irekiko da, eta 2026ko apirilaren 29ra arte egongo da zabalik.
Izapidetzea bide elektronikoz soilik egin beharko da, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundien egoitza elektronikoen bidez. Onuradunek, beste baldintza batzuen artean, honako konpromiso hauek hartu beharko dituzte: eskatutako azalera osoan uzta berdea egitea, eragindako lursailak ez mahastitzea eta lanak 2026ko uztailaren 15a baino lehen gauzatzea.
Ebazpena uda baino lehen
Laguntzen ebazpena 2026ko ekainaren 30a baino lehen jakinaraziko da. Epe horretan berariazko ebazpenik ematen ez bada, eskabidea ezetsitzat joko da administrazio-isiltasunaren bidez.






