- 1.068.000 joan-etorri erregistratu dira, 2025ean baino ia %0,2 gutxiago
- Istripu-tasa %29 jaitsi da eta ez da hildakorik izan
Euskadik aurreikusitakoa baino trafiko-bolumen txikiagoarekin amaitu du Aste Santua, batez beste 534.000 joan-etorri erregistratu baitira sartzeko eta beste horrenbeste irteteko, hau da, 2025ean baino ia %0,2 gutxiago.
Aste Santuko ibilbide luzeko trafiko-bolumena, batez ere, eguraldiak baldintzatzen du. Aurten, Aste Santuko irteera-operazioaren funtsezko egunak diren asteazkenean (apirilak 1) eta Ostegun Santuan (apirilak 2) izandako prezipitazioek eragina izan dute mugikortasunean, eta, ondorioz, joan-etorriak ez dira hasierako aurreikuspenetara iritsi, eta iazko aldi berean erregistratutako datuak baino apur bat txikiagoak izan dira.
Mugaz gaindiko trafikoari dagokionez, Biriatuko mugan, % 6,4ko igoera erregistratu da 2025eko Aste Santuarekin alderatuta. Igoera hori, aurreikusitakoa baino askoz handiagoa izan dena, larunbatetik (apirilak 4) Pazko astelehenera (apirilak 6) bitartean izandako udako tenperaturei dagokie batez ere.
Eta euskal hiriburuetako sarbideei dagokienez, nabarmentzekoa da Bilborako sarrerak %4 jaitsi direla, Donostiakoak %2 igo diren bitartean. Bestalde, Vitoria-Gasteizen datuak aurreko urtekoen antzekoak izan dira, aldaketa esanguratsurik gabe.
ISTRIPUEN TASA TXIKIA
2026ko Aste Santuan, apirilaren 1etik 6ra bitartean, 78 zirkulazio-istripu izan dira Euskadiko errepideetan. Ez da hildakorik erregistratu eta 5 pertsona larri zauritu dira. Horrek esan nahi du istripu-tasa %29 jaitsi dela 2025aren aldean, urte horretan 110 zirkulazio-istripu erregistratu baitziren.
PUNTU KRITIKOAK
Trafiko-fluxu handienak ohiko tokietan erregistratu dira, iazko Aste Santuan baino dentsitate txikiagoekin.
Bizkaian, irteera-operazioan, auto-ilara handienak apirilaren 4an, larunbatean, izan ziren, 11:45etik 13:30era. Trafikoak 12:00ak inguruan jo zuen goia, 9 km-rainoko auto-ilarekin, ibilgailuen joan-etorri handiak eraginda. Aitzitik, Ostegun Santuko goizean, apirilaren 2an, egoera askoz arinagoa izan zen, 2 km-ko auto-ilarak izan baitziren noranzko berean, 2025eko Aste Santuko egun baliokidean, apirilaren 17an, erregistratutako 15 km-etatik oso urrun.
Itzulera-operazioan, apirilaren 6an, Pazko Astelehenean, 21:10etik 22:45era, 2 km-ko auto-ilarak sortu ziren A-8an, Muskiz parean, Donostiarako noranzkoan, 4 ibilgailuk eragindako bi istripuren ondorioz.
A-8 autobidearen Bilbo eta Haga arteko zatian jarritako garabi-arinen zerbitzua 6 aldiz mobilizatu da, matxurengatik lau aldiz eta istripuengatik bi aldiz. Gogoratu, istripua izan duten edo matxuratuta dauden ibilgailuak erreskatatzeko jarri zela zerbitzu hau, irteera-operazioan (asteazken arratsaldean eta ostegun goizan) zein itzulera-operazioan (Pazko Astelehen arratsaldean).
Gipuzkoan, Aste Santuko irteera-operazioak trafiko-gorabehera handiak utzi zituen bide-sareko hainbat puntutan. Ostegun Santuan, apirilaren 2an, auto-ilarak izan ziren AP-8an, Baionarako noranzkoan, Biriatuko ordainlekuaren parean, 10:20 eta 14:50 artean, ibilgailu asko zeudelako. Ilarak 6 kilometrokoak izan ziren 12:45 inguruan, 2025eko jardunaldi baliokidean zenbatutako 8 kilometroak baino txikiagoak.
Egun bat lehenago, asteazkenean, apirilaren 1ean, auto-ilarak sortu ziren puntu berean, 5 km ingurukoak, Baionarako noranzkoan, aurreko urteko data berean erregistratutako 7 kilometrotik behera.
Bestalde, ostegun goizean, zisterna-kamioi batek istripua izan zuen N-1 errepidean, Idiazabal parean eta Gasteizko noranzkoan, eta 7 km-rainoko auto-ilarak eragin zituen 07:50 eta 12:30 artean.
Halaber, Pazko Astelehenean, apirilak 6, arazoak sortu ziren A-15 errepidean, Elduain parean, Donostiarako noranzkoan. Puntu horretan, auto-ilarak 7 kilometrokoak izan ziren 17:50 inguruan, trafikoaren intentsitatearen eta tuneletako obrengatik jarritako bypass-aren ondorioz.
Araban, irteera-operazioak 3 km-rainoko auto-ilarak sortu zituen Armiñongo korapiloan — A-1 eta AP-1 errepideen arteko lotunea, Burgos-Madril noranzkoan —apirilak 1 asteazkeneko arratsaldean eta apirilak 2 Ostegun Santuko goizean; 2025eko data baliokideetan, berriz, 5 km erregistratu ziren puntu horretan.
Itzulera-operazioan, Pazko Astelehenean, apirilaren 6an, ez zen auto-ilararik izan puntu horretan, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, Arabako Foru Aldundiarekin koordinatuta, AP-1 eta A-1 errepideen arteko lotunean, Armiñongo korapiloan, Gasteizko noranzkoan, ezarritako seinaleztapen-operatiboari esker.
Bestalde, Pazko Astelehena Frantzian ere jaieguna denez, apirilaren 7an, asteartea, 3 km-rainoko ibilgailu astunen auto-ilarak sortu ziren mugako pasabidean.






