- Imanol Pradales lehendakaria izango da Euskadiko proposamenaren buru, eta hiru ardatz izango ditu: instituzionala, akademikoa eta artistikoa
- Ibone Bengoetxea: “Veneziara itzultzea nortasun-baieztapena da, eta herrialde gisa egiten den etorkizuneko apustua”
- Proiektuak memoria eta sorkuntza garaikidea uztartzen ditu, Euskadi artearen nazioarteko testuinguruan kokatze aldera
Euskadi Veneziako Bienalera itzuliko da 2026an, arte garaikidearen nazioarteko agertoki nagusietako batera. 1976an lehen aldiz agertu, eta berrogeita hamar urtera itzuliko da, “I Baschi alla Biennale 1976/2026” proiektuarekin. Proiektuak memoria eta sorkuntza garaikidea uztartzen ditu, eta arteak adierazpen, askatasun eta baieztapen kolektiborako tresna gisa betetzen duen zereginari buruzko hausnarketa proposatzen du.
Imanol Pradales lehendakaria izango da maiatzaren 6tik 8ra bitartean Venezian zabalduko den Euskadiko proposamenaren buru. Programa hiru ardatz osagarritan egituratuko da: ardatz instituzionalean, ardatz akademikoan eta ardatz artistikoan.
Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak aurkeztu du gaur proiektua Artium Museoan. Ekitaldi horretan aditzera eman duenez, Veneziara itzultzea baliagarria izango da Euskadi “nortasun propio duen eta mundura irekita dagoen herrialde moderno eta sortzaile” gisa kokatzeko munduan. Aurkezpenean parte hartu dute, halaber, Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak, Beatriz Herráez Artium Museoko zuzendariak eta Miren Vadillo Artearen Historiako doktoreak.
Bengoetxeak gogorarazi du 1976an askatasunik gabeko trantsizioko testuinguruan parte hartu zela, eta euskal artista talde batek Veneziara “herrialde baten ahotsa” eraman zuela. “Keinu hura ez zen keinu kultural hutsa izan, askatasun, duintasun eta baieztapen kolektiboaren adierazpena ere izan zen”, adierazi du.
Testuinguru horretan, Bienalak lekua egin zion euskal artistek bultzatutako programari, eta, pabiloi propiorik izan gabe ere, Venezia nazioarteko bozgorailu bihurtu zen. Zinemaren, musikaren eta ikusizko arteen bitartez, Nestor Basterretxea, Fernando Larruquert, Jose Antonio Sistiaga edo Mikel Laboa gisako artistek nazioarteko eztabaidaren erdigunean kokatu zuten Euskal Herriko errealitate kultural eta politikoa.
Berrogeita hamar urte geroago, Euskadi Veneziara itzuliko da, baina oraingoan finkatutako errealitate batetik, erakunde propioekin eta kultura-sistema indartsuarekin. “Garai hartan presentzia hura erakundeen babesik gabe egin zen, baina gaur herrialdeak berak bultzatzen du proiektua”, aditzera eman du lehendakariordeak.
Memoria, pentsamendua eta sormena uztartzen dituen programa
“I Baschi alla Biennale 1976/2026” proiektua kultura-egitatearen zenbait dimentsio egituratzen dituen diziplina anitzeko plataforma gisa sortu da. Batetik, ardatz instituzionalak Scuola Grande San Giovanni Evangelista izango du agertokia. Maiatzaren 7an lehendakaria buru izango duen ekitaldi ofiziala egingo da bertan.
Ardatz akademikoa Veneziako Ca’ Foscari Unibertsitatean garatuko da, “Euskadi Veneziako Bienalean, 1976: memoria etorkizunerako” jardunaldiaren bidez. Jardunaldi hori Biennale Sessions programaren barruan kokatzen da —Bienalaren programa akademiko ofiziala—, Etxepare Euskal Institutua eta Università Ca’ Foscari Venezia-ren arteko lankidetzari esker. Bertan, adituek euskal arteak nazioarteko testuinguruan izan duen rola aztertuko dute, identitatea, errepresentazioa eta gizarte-eraldaketak bezalako gaiak jorratuz.
Bestalde, ardatz artistikoa Palazzo Contarini della Porta di Ferro jauregian garatuko da. Material historikoak —ikus-entzunezkoak, soinudunak eta dokumentalak— bilduko dituen eta obra garaikideekin elkarrizketan jarriko dituen azterketa garatuko da, eta interpretazio berrietara irekitako artxibo bizia osatu.
Aurkezpena Artium Museoan
Proiektuaren aurkezpena gaur goizean egin da Gasteizko Artium Museoan. Aurkezpen-ekitaldi horretan, 1976ko parte-hartze historikoarekin lotutako pertsonak, erakundeetako ordezkariak, kultura-eragileak eta artistak bildu dira.
Ekitaldian izan dira, besteak beste, 1976ko Bienalean parte hartu zuten Jose Maria Zabala eta Jose Angel Rebolledo artistak, baita garai hartako sortzaileen senideak (José Antonio Sistiaga, Néstor Basterretxea, Fernando Larruquet, Artze anaiak, Mikel Laboa, Jose Luis Zumeta) eta esparru artistiko eta akademikoko ordezkariak ere. Guztira, proiektuarekin lotutako hamar bat pertsona izan dira aurkezpenean, ekimenaren izaera kolektiboa eta belaunaldien artekoa agerian utzita.






