- Eusko Jaurlaritzak 24 herrialdetako 700 parte-hartzaile bildu ditu Gasteizen Lanbide Heziketaren eta industriaren etorkizunari buruzko nazioarteko topaketan.
- Kongresuak amaiera emango dio Euskadik koordinatutako Europako LCAMP proiektuari, lau urteko sareko lana egin eta gero.
Euskadi Lanbide Heziketaren eta industriaren etorkizunari buruzko Europako topagune da aste honetan, “Global Connection for Local Change” kongresuari esker. Erakundeetako arduradunak, nazioarteko antolakundeak eta fabrikazio aurreratuko espezialistak biltzen ditu kongresuak Vitoria-Gasteizen.
Ekitaldiak nazioarteko Lanbide Heziketako ikastetxeei, enpresei, erakundeei eta sareei lotutako 700 pertsona inguru biltzen ditu, 24 herrialdetatik etorriak. Horien artean, 60 herrialde desberdinetako ikaslek ere parte hartzen dute Hezkuntza Sailak hiru egun horietarako antolatu dituen jardueretan.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, Begoña Pedrosak, jardunaldi nagusiaren irekiera instituzionalean parte hartu du. Ekitaldian parte hartu dute baita ere Jon Labaka, Lanbide Heziketako sailburuordea; Inge Gorostiaga, Transformazio Digitaleko eta Ikaskuntza Aurreratuetako zuzendaria; Elina Pylkkänen, Finlandiako Enplegu eta Ekonomia Ministerioko Estatu idazkaria; eta Georgios Zisimos, European Trainetion Fundazioaren (European Training Foundation) arduraduna. Hitzaldiaren amaieran, sailburuak Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuorde ohiak Euskadiko LHren garapenean egindako ibilbidea eta egindako ekarpena aitortu nahi izan ditu.
Sailburuak elkarlanaren balioa eta Lanbide Heziketak garapen ekonomikoa pertsonen ongizatearekin lotzeko duen papera nabarmendu ditu. “Urte hauetan egiaztatu dugu ikastetxeek, enpresek eta erakundeek modu koordinatuan lan egiten dutenean, posible dela azkarrago eta eragin handiagoarekin aurrera egitea”, adierazi du Pedrosak.
Euskaditik koordinatutako Europako proiektua
Kongresuak amaitutzat emango du LCAMP (Learner-centred Advanced Manufacturing Platform for Centres of Vocational Excellence) (2022-2026), Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Tknikaren bitartez koordinatu duen Europako proiektua, hainbat herrialdetako Lanbide Heziketako ikastetxeak, enpresak, administrazio publikoak eta entitateak parte-hartzaile izan dituena.
Lau urte horietan, proiektuak topaketak eta hitzaldiak egin ditu Alemanian eta Suedian, azken ekitaldia Euskadin egin aurretik.
LCAMP proiektuaren helburua izan da digitalizazioaren, trantsizio ekologikoaren eta lanbide-profilen eraldaketaren erronkei erantzuteko gai izango den fabrikazio aurreratuko bikaintasuneko Europako sare bat bultzatzea.
Horretarako, proiektuak zenbait lan egin ditu, hala nola fabrikazio aurreratuari lotutako konpetentzia eta enplegu berriak aztertzea, prestakuntza eta lanbide-profilak konektatzeko tresnak garatzea, Lanbide Heziketako ikastetxeen eta enpresen —batez ere ETEen— arteko lankidetza bultzatzea, eta errealitate industrialari lotutako ikaskuntza-inguruneak sortzea, Learning Factories izenekoak.
Lan horri esker, jarraitzeko bokazioa duen sare bat konfiguratu da, kideei, enpresei eta gizarte osoari zerbitzua ematen jarraitzeko pentsatua, proiektuaren amaiera formaletik harago. “LCAMP ez da soilik Europako proiektu bat izan, elkarlaneko prozesu bat baizik, sare sendo eta prestatu bat uzten duena ikastetxeentzat, enpresentzat eta gizartearentzat balioa sortzen jarraitzeko”, nabarmendu du Pedrosa sailburuak.
Nazioarteko presentzia eta ezagutzaren transferentzia
Kongresuan nazioarteko erakunde eta sareetako ordezkariek parte hartzen dute, hala nola Europako Batzordekoek, ELGAkoek edo UNESCOren UNEVOC sarekoek, Lanbide Heziketa aurreratuko ekosistema globaleko adituekin batera.
Horien artean daude, besteak beste, El Iza Mohamedou (ELGA), Anna Banczyk (Europako Batzordea), Kenneth Barrientos (UNESCO-UNEVOC), Cynthia Woolderink (EBBD), Daniel Kehl (EfVET), Tim van der Voord (Katapult) edo Richard Gale (Camosun Innovates, Kanada).
Hiru jardunaldietan, adimen artifizial aplikatua, ETEekiko lankidetza edo industria aurreratuko inguruneetako konpetentzien garapena bezalako esparruetan espezializatutako hitzaldiak, eztabaida-mahaiak eta lantegiak antolatu dira.
Ikastetxeak, enpresak eta ikasleak: sareko esperientzia
Jardunaldi nagusitik harago, kongresua hainbat espaziotan garatzen da hiru egunetan, nazioarteko eztabaida eta euskal sistemaren zuzeneko ezagutza uztartze aldera.
Parte-hartzaileak Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxeak eta industria-enpresak bisitatzen ari dira, lantegi teknikoetan parte hartzen eta esperientziak irakasleekin, ikasleekin eta produkzio-esparruko eragileekin partekatzen.
Topaketan, gainera, nazioarteko prestakuntza-jarduerak egiten dira ikasleekin, hala nola Erasmus+ “The Learning Factory Ecosystem” programa intentsiboa edo hainbat herrialdetako ikasleak robotikari, fabrikazio gehigarriari edo programazioari lotutako erronka teknikoak ebazteko talde-lanean jartzen dituen trebetasun-lehiaketa bat. Ikuspegi horrek prestakuntza errealitate industrialarekin konektatzea ahalbidetzen du, eta Lanbide Heziketaren dimentsio praktikoa eta nazioartekoa indartzen du.
Bere hitzaldian, sailburuak azpimarratu du Euskadiko Lanbide Heziketaren eredua hainbat hamarkadatan eraiki dela ikastetxeen, enpresen eta erakundeen arteko sare-lanaren bidez. Izan ere, antolaketa-modu horri esker, Euskadi erreferentzia bihurtu da Europan Lanbide Heziketan eta berrikuntza aplikatuan. “Lehiakortasunak pertsonentzat benetako aukerak sortzen dituenean bakarrik du zentzua, eta hor Lanbide Heziketak paper erabakigarria jokatzen du”, azpimarratu du.
Halaber, nabarmendu du ikuspegi hori duela gutxi aurkeztu den FP Euskadi 2030 Estrategian jasotzen dela, berrikuntzan, nazioartekotzean eta ekoizpen-ingurunearekiko loturan aurrera egiten jarraitzeko oinarri gisa. “Europaren norabide berean ari gara aurrera egiten, lankidetza, berrikuntza eta ingurune produktiboarekiko lotura indartzen dituen estrategia batekin”, gaineratu du.
Kongresua bihar amaituko da, emaitzak ezagutzera emateko jardunaldi batekin, eta fabrikazio aurreratuaren esparruko erreferentziazko enpresa eta eragileei bisitak eginez: Mercedes-Benz Vitoria-Gasteiz, Gestamp, Basquevolt, CIC energiGUNE, AVS, CTA edo RPK, eta Arabako Parke Teknologikoa.






