- Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak talentu ihesari buruzko diagnostiko-txostena aurkeztu du, zeinak jasotzen duen ez dagoela “giza kapital kualifikatuaren galera garbirik”, eta hobekuntza arloak identifikatu ditu, hala nola lan baldintzak eta prestakuntzaren eta lanbide aukeren arteko egokitzapena
- Torresen hitzetan, “unibertsitateko tituludunen berrien % 78k eta Lanbide Heziketako tituludunen % 94k, gutxi gorabehera, Euskadin garatzen dute karrera profesionala, eta horrek erakusten du gure sistemaren indarra”
Mikel Torres Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak eta Iñaki Ruiz Manzano Ekonomia sailburuordeak Euskadiko talentu ihesari buruzko diagnostiko-txostena aurkeztu dute asteazken honetan. Azterlan horrek berretsi egiten du euskal ekosistemak giza kapital kualifikatua sortzeko, erakartzeko eta atxikitzeko duen indarra, eta, aldi berean, zehaztu ditu etorkizunean posizio hori sendotzeko hobekuntza arloak.
Mikel Torresek, egindako hitzartzean azpimarratu du Euskadi posizio sendoan dagoela Estatuko testuinguruan, goi mailako ikasketak dituen biztanleriaren % 51 baino gehiago eta kolektibo horren langabezia tasarik txikienetako bat izanik. “Euskadi ekonomia irekia da, eta oso lotuta dago; talentuaren mugikortasuna gero eta handiagoa da, eta ondorio ekonomiko argiak ditu. Horregatik, funtsezkoa da zorroztasunez aztertzea eta erabakiak hartzeko ezagutza erabilgarria ematea”, adierazi du.
Eustatek, INEk, Lanbidek eta Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioak egindako azterlanaren arabera, Euskadin ez dago talentu ihes garbirik. 2016 eta 2020 artean, kualifikazio handiko pertsonen irteerak (30.060) sarrerekin konpentsatu ziren ia (29.223), eta horrek oreka posizioan jartzen du lurraldea Estatu osoan.
Ildo horretan, Torresek nabarmendu duenez, “datuek talentuaren nolabaiteko mugikortasuna dagoela erakusten duten arren, termino garbietan Euskadik oreka mantentzen du, atxikitzeko gaitasuna agerian uzten dueña”. Era berean, gaineratu du “unibertsitateko tituludunen berrien % 78k eta Lanbide Heziketako tituludunen % 94k, gutxi gorabehera, Euskadin” garatzen dutela karrera profesionala, “eta horrek erakusten du gure sistemaren indarra».
Egonkortasuna, balintzak eta ibilbide profesionala
Hala ere, Lehendakariordeak ohartarazi du beharrezkoa dela profesional kualifikatuen irteeran eragina izan dezaketen zenbait faktoreren gainean jardutea. “Erronka ez da hainbeste enplegua sortzea, baizik eta enpleguaren kalitatea hobetzen jarraitzea, batez ere lan merkaturako lehen sarbidean: egonkortasuna, baldintzak eta ibilbide profesionala. Talentua atxikitzeak aukera lehiakorrak eta gazteen itxaropenekin bat datozenak eskaintzea dakar”, adierazi du.
Talentuak ihes egiteko arrisku nagusitzat jotzen ditu enpleguaren behin-behinekotasuna, hasierako soldata ez oso lehiakorrak eta garapen profesionalerako aukera mugatuak, batez ere titulazio jakin batzuetan. Era berean, azpimarra egiten du prestakuntza eskaintzaren eta lan merkatuaren eskariaren artean nolabaiteko desorekak daudela, eta horrek lana eta prospektiba eta egokitzapenerako tresnak indartzen ditu; hala nola, Lanbidek garatutakoak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak bultzatutako 2030erako Enpleguaren Euskal Estrategiaren esparruan.
Bestalde, ikerlanaren azterketa teknikoan sakondu du Iñaki Ruiz Manzano Ekonomia sailburuordeak, eta nabarmendu du euskal ekosistemaren izaera dinamikoa. “Euskadik talentua atxikitzeaz gain, erakarri ere egiten du. Migrazio fluxuek erakusten duten oreka, azken urteotan, pertsona kualifikatuen sarrerarantz ere egin duela, batez ere atzerritik”, azaldu du.
Ruiz Manzanok azpimarratu du talentuaren mugikortasuna hainbat faktoreren ondorio dela. “Unibertsitate ikasketak amaitu dituzten pertsonen % 10 inguruk bakarrik uzten du Euskadi lan arrazoiengatik soilik. Arrazoi pertsonalak kontuan hartzen baditugu, zifra % 22ra igotzen da, baina kasu gehienetan borondatezko erabakiak edo bizi ibilbideei lotutakoak dira”, adierazi du.
Helmugei dagokienez, txostenak dio Madrilen, Nafarroan eta Bartzelonan egiten direla Estatu barruko joan-etorri gehienak, eta atzerrirako irteera, berriz, txikia dela, % 2,5 ingurukoa. Era berean, egiaztatu da gaur egun lan egiten duten pertsonen ia erdia itzultzeko prest egongo litzatekeela lan baldintzak hobetuz gero, eta horrek indartu egiten du itzulera potentziala.
“Daturik garrantzitsuena da oinarri sendoa dugula eraikitzen jarraitzeko. Euskadik garapen profesionalerako ekosistema ona du, baina aurrera egiten jarraitu behar dugu, aukera hobeak eskaintzeko eta gure lehiakortasuna indartzeko”, gaineratu du sailburuordeak.
Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak ezagutza erabilgarria sortzeko duen estrategiaren baitan kokatzen da aurkeztutako txostena, betiere erronkak aurreratzeko eta politika publiko eraginkorrak diseinatzeko. Eta lan merkatu erakargarriagoa, inklusiboagoa eta eraldaketa ekonomiko eta sozialetara egokitua finkatzeko helburua du.






