- 2026 osoan zehar ekitaldi eta jardueren ziklo batek lurraldea zeharkatzen dabil, landa-eremuan duten eginkizuna ikusarazteko
- Ekimenaren helburua sareak sendotzea, ekintzailetza sustatzea eta herritarrak landa-mundura hurbiltzea da
Gobernu Kontseiluak Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren eta Mendinet Tokiko Ekintza Taldearekin eta hura osatzen duten Landa Garapenerako Elkarteekin (LGE) adostutako hitzarmena onartu du, 2026an zehar landa-eremuko, nekazari eta arrantzale emakumeen zeregina aitortu eta ikusarazteko kanpaina bat sustatzeko, FAOk Nekazari Emakumearen Nazioarteko Urtea izendatu duen urtearekin bat eginez.
Ekimen hori martxotik abendura bitartean hainbat eskualde zeharkatuko dituzten hileko ekitaldi eta argitalpenen ziklo baten bidez antolatzen ari da. Helburua lehen sektoreari eta landa-garapenari lotutako emakumeen esperientziak, proiektuak eta ibilbideak ezagutaraztea, landa-mundua herritarrengana hurbiltzea eta ekintzailetzarako zein bizi-proiektuak garatzeko aukerak sustatzea da.
Programa martxoan hasi zen, Landaola Sariak ekimenaren barruan, Mendaron (Gipuzkoan), bere protagonistetako bati “Landa Eremuko Emakumea” saria emanez. Aurreikusitako jardueren artean, honako hauek nabarmentzen dira:
- Apirila (Enkarterri): “Enkarterri femeninoan” erakusketa, Gurutzetako metro geltokian, lehen sektoreari lotutako bederatzi emakumeren lana erakutsiz.
- Maiatza (Izki eta Arabako Errioxa): bi eskualdeetako emakume ekintzaileen esperientziei buruzko bideoen zabalkundea.
- Ekaina (Urkiola): Batxilergoko ikasleekin jardunaldia, Berrizko Institutuan, landa-eremuari lotutako lanbide-irteera berriak ezagutarazteko.
- Uztaila (Araba): Arabalanda sarien banaketa, landa-eremuko emakumeek gidatutako ekintzailetza-proiektuak aitortzen dituena.
- Iraila (Gipuzkoa): landa-eremuko emakumeak ikusarazteko proiektua, Landaolak eta Kabiak elkarlanean sustatua.
- Urriaren 15a: ekitaldi instituzionala, Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, Hazi Fundazioarekin eta ADR Enkarterrialderekin batera.
- Azaroa (Gipuzkoa): emakume saregileen ikusarazpena, Landaolak eta Itsasgarapenek sustatua.
- Abendua: Emakume Nekazarien Estatutu berriaren aurkezpena, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza Zuzendaritzak sustatua.
Sailak azpimarratu du kanpaina honen helburua dela landa-eremuko emakumeen lanaren gizarte-aitorpenean eta lurralde-ehunaren sendotzean eragin positiboa sortzea, lankidetza-sareak eratzea sustatuz, emakumeek gidatutako proiektuak zabaltuz eta landa-eremuak ekintzailetzarako eta berrikuntzarako duen potentziala erakutsiz.






