Eusko Jaurlaritzak bi lankidetza-hitzarmen sinatu ditu Sancho el Sabio Vital Fundazioarekin eta Aranzadi Zientzia Elkartearekin euren liburutegiak Euskadiko Liburutegi Sisteman integratzeko (Gobernu Kontseilua 2026-05-12)

0
  • Bi liburutegi hauek Euskadiko Liburutegien Sisteman sartuko dira eta, horri esker, 277.000 artxibo gehiago izango ditu Sistemak, erabiltzaileen eskuragarri, euskadi.eus atarian

Gobernu Kontseiluak argi berdea eman dio gaur Eusko Jaurlaritzak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren bidez, eta bi entitatek sinatutako lankidetza-hitzarmenei: Sancho el Sabio Vital Fundazioarekin eta Aranzadi Zientzia Elkartearekin sinatu dira hitzarmenak, zehazki.

Hauen bidez, Vital Fundazioaren euskal bibliografia- eta dokumentu-ondarearen liburutegia eta Aranzadiren liburutegia Euskadiko Liburutegi Sisteman eta Euskadiren Liburutegien Bilgunea katalogoan sartuko dira.

Hitzarmen hauei esker, gutxi gora behera, 277.000 artxibo batuko dira Euskadiren Liburutegien Bilgunea katalogora eta, guztira, 4.000.000 erregistro bibliografiko inguru egongo dira eskuragarri, obra bakoitzaren aleak Euskadiko zein liburutegitan dauden informazioarekin batera. Horrela https://www.test.katalogoak.euskadi.eus/bilgunea atariaren bidez, euskal herritarrek beren intereseko liburuak, aldizkariak eta bestelako materialak aurki ditzakete, ez bakarrik Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegienak, baita unibertsitateenak eta gero eta erakunde publiko eta pribatu gehiagorenak ere.

 

Sancho el Sabio Vital Fundazioa

Fundacion Sancho el Sabio Vital Fundazioa munduko dokumentazio-zentro garrantzitsuenetako bat da euskal kulturari dagokionez, Vital Fundazioen barruan eratua. Euskal Herriaren memoria bibliografiko eta dokumentala gordetzen du bere historiaren bidez, eta bere liburutegiak, 1964tik, funts dokumental baliotsua du, non monografiak, aldizkako argitalpenak, argazkiak, eskuizkribuak, mapak edo familiako dokumentazioa aurki daitezkeen; ondare aberastasun handia, euskal kulturaren ikerketarako ezinbesteko erreferente bihurtu duena.

Gaur egun, 130.000 monografia moderno baino gehiago, 3.000 eskuizkribu, 14.000 aldizkari, 9.000 kartel edo 1.000 fanzine baino gehiago biltzen dituen bilduma bibliografikoa dago, besteak beste, bere artxibo dokumental eta fotografikoaz gain.

Aranzadi Zientzia Elkartea

Aranzadi Zientzia Elkartea-Sociedad de Ciencias Aranzadiren  liburutegia giza zientzietan, naturan, lurrean eta espazioan espezializatutako liburutegi bat da, eta bere helburua da informazio-baliabideak eskuratu eta hedatzea, eta ezagutza sortzeko prozesuetan laguntzea, zentroaren helburuak lortzen laguntzeko, horrek dakartzan jarduerak modu jasangarrian eta sozialki arduratsuan eginez.

Gaur egun, 120.000 erregistro baino gehiagoko bilduma du; horietatik 34.500 monografiak dira, eta 78.000 aldizkako argitalpen seriatuak.