- Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak, BIOEFekin eta ikerketa sanitarioko institutuekin batera, sistema koordinatuago, berritzaileago eta emaitzetara bideratuago bat sendotu dute 2025ean.
- Sailak osasun-proiektuetarako duen nazioarteko kanpo-finantzaketa 32 milioi eurokoa izan da, 2024an baino % 9 gehiago, sendagaiekin egiteko 119 saiakuntza kliniko berri ireki dira, eta hori zuzeneko aukera da pazienteentzat
Euskadin, 3.002 profesionalek dihardute osasun-arloko ikerketan eta berrikuntzan, eta % 72 emakumeak dira. 2025ean, 899 proiektu bultzatu dira, horietatik 620 berriak, eta 1.915 artikulu zientifiko argitaratu dira, aurreko urtean baino % 6 gehiago. Gainera, argitalpenen % 60 kalitatearen 1. kuartilean daude.
Datu horiek ekosistemaren indarra islatzen dute. Ekosistema horretan, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak Berrikuntza eta Ikerkuntza Sanitarioko Euskal Fundazioarekin —BIOEF— eta BioAraba, BioBizkaia, BioGipuzkoa eta Biosistemak ikerketa sanitarioko institutuekin batera lan egiten dute, zientzia osasun-arretarako hobekuntza erreal bihurtzeko.
Nazioarteko kanpo-finantzaketa gora doa
2025ean Sailaren osasun-proiektuetarako lortutako kanpo-finantzaketa 32 milioi eurokoa izan da, hau da, % 9 igo da 2024koarekin alderatuta. Datu hori bereziki garrantzitsua da, euskal sistemak nazioarteko esparruan lehiatzeko, baliabideak erakartzeko eta maila zientifiko handiko proiektuetan parte hartzeko duen ahalmena erakusten baitu.
Kopuru horri Osasun Sailak ikerketa sanitariora bideratutako 23 milioi euroko inbertsioa gehitu behar zaio, eta igoerak izan dira programa-kontratuan, ikerketarako laguntzetan, dirulaguntza izendunetan eta BIOEFen aurrekontuan. Finantzaketaren hazkunde iraunkorrak sistemaren egonkortasuna eta aurrera egiten jarraitzeko ahalmena indartzen ditu.
Pazienteentzako saiakuntza klinikoak
Lan horren adibiderik agerikoenetako bat saiakuntza klinikoak dira. Izan ere, aukera berriak eskaintzen dizkiete pazienteei, eta tratamendu berritzaileak eramaten dituzte asistentzia-jardunera. 2025ean, sendagaiekin egiteko 119 saiakuntza kliniko berri lortu dira. Beraz, % 21,43ko igoera gertatu da aurreko urtearekin alderatuta, eta % 38koa bi urtean.
Guztira, Euskadik dagoeneko 535 saiakuntza kliniko ditu abian. Bilakaera horrek berretsi egiten du Osakidetzak asistentzia-erakunde gisa eta, aldi berean, ikerketa-erakunde gisa betetzen duen zeregina, azterketak erakartzeaz gain herritarrek aurrerapen zientifikoak lehenago baliatzea ahalbidetzen baitu.
Proiektu eta argitalpen gehiago
Ikerketa-jardueraren bolumenak eta kalitateak ere gora egin dute. 2025ean, 899 proiektu jarri dira abian, 620 ekimen berrirekin, eta proiektu horietako 59k Europako finantzaketa jaso dute (aurreko urtean baino % 15 gehiagok).
Arlorik aktiboenak onkologia, neurozientziak, arnas gaixotasunak eta patologia kardiometabolikoak izan dira berriz ere. Horrekin guztiarekin batera, produkzio zientifikoa oso sendo dago: 1.915 argitalpen izan ditu 2025ean, eta haien % 60 lehen kuartilean daude. Horrek agerian uzten du euskal sistemaren bikaintasun-maila.
Berrikuntza eta Euskadiko Ituna
Bultzada hori guztiz bat dator Euskadiko Osasun Itunaren 17. ildo estrategikoarekin. Ildo horrek osasun-arloko ikerketa, garapena eta berrikuntza ditu ardatz. Ildo horrek datuetan oinarrituta eta emaitzetara bideratuta dagoen eredu koordinatuago baten alde egiten du, eta horixe da Osasun Sailak Osakidetzarekin eta BIOEFekin batera hartu duen norabidea, akordio horretan hartutako konpromisoaren ondoren.
Proiektu estrategikoen artean, Datura Sartzeko Bulegoa nabarmentzen da, osasun-arloko informazioaren bigarren mailako erabilera segurtasun-, etika- eta gobernantza-bermeekin errazteko sortua. Gainera, 2026-2030 aldiko Osasuneko I+G+B Plan Estrategikoa prestatzen ari da, eta aurrerapen horiek hartuko ditu oinarri berrikuntza sistemaren pieza nagusi gisa sendotzeko.
Europako proiekzioa
Euskadik Joint Action-eko Europako 9 ekimenetan parte hartzen du, baita funtsezko arloetan estrategikoak diren 4 partenariatutan ere, hala nola medikuntza pertsonalizatuan, minbizian, osasun-sistemen eraldaketan eta burmuinean eta osasunean. Horrez gain, European Research Council-eko (ERC – Europako Ikerketa Kontseilua) proiektutan ere parte hartzen du. Lankidetza-proiektu horiek osasunaren arloko erronka estrategikoak lantzen dituzte. Nazioarteko presentzia horrek indartu egiten du euskal sistemak erreferentziazko eragile zientifiko gisa duen posizioa, eta handiagotu egiten du osasun-erronka handietarako soluzio partekatuetan laguntzeko duen ahalmena.
Hori guztia gizakien, animalien eta ingurumenaren osasuna lotzen dituen One Health gobernu-politiketan parte-hartze aktiboarekin osatzen da, berrikuntza-itsasargien barruan txertatuta.
Horrela, beraz, osasun-arloko ikerketa eta berrikuntza Eusko Jaurlaritzaren apustu estrategiko gisa berresten da, eta Osakidetza funtsezko eragilea da ezagutza hori eguneroko arretara eramateko. Helburua argia da: zientzia gehiago, berrikuntza gehiago eta herritarrentzako emaitza hobeak.






