- Eusko Jaurlaritzak laguntza horiei hel diezaieketen familien kontzeptua zabaldu du, eta bizitza pertsonala, familiakoa eta lanekoa uztartzeko laguntza indartu du, familien bizi-kalitatea eta ongizatea hobetuz, seme-alaben eta senideen zaintza eta lan-betebeharrak bateragarri egin ditzaten erraztuz
- Eszedentzietarako eta lanaldi-murrizketetarako laguntzek % 10eko igoera izango dute, eta guraso bakarreko familien, familia ugarien, mendetasun larria, mendetasun handia edo % 50etik gorako desgaitasuna duen kideren bat duten familia-unitateen eta genero-indarkeriaren eta/edo sexu-indarkeriaren biktima den kideren bat duten familia-unitateen kasuan, igoera % 30ekoa izango da
- Harrera-familiek (iraunkorra, aldi baterakoa eta urgentziazkoa) ere jaso ahal izango dituzte laguntza horiek, eta, beraz, gizarteari egiten dioten ekarpena balioesten da eta harrera-familien beharrari buruzko deia egiten da.
Jaurlaritzaren Kontseiluak dekretu berria onartu du, mendetasun-egoeran edo osasun-egoera oso larrian dauden seme-alabak eta senitartekoak zaintzeko eszedentziak eta lanaldi-murrizketak hartzen dituzten guraso langileentzako laguntzak arautzen dituena eta 14 urtetik beherako seme-alabak zaintzeko zaintzaileak kontratatzen dituena.
Araudi berri horrek laguntzen zenbateko ekonomikoak handitzea, laguntzen familia onuradunen profila areagotzea, laguntzak eskuratzeko baldintzak malgutzea eta laguntzen kudeaketa hobetzea dakar. Orain arte 21,3 milioi euroko inbertsioa bideratu da laguntza horietara, eta dekretu berriari aplikatutako berrikuntzen ondoren, 27,5 milioi eurokoa izango da.
Dekretuaren berrikuntzak eta hobekuntzak araua indarrean sartzen denetik aurrera – EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean – aurkezten diren eskaerei aplikatuko zaizkie. Ekainaren hirugarren astean zehar sartuko da indarrean eta eskaera horietan, eskaera egin aurreko urtean izandako eszedentziengatik, lanaldi-murrizketengatik eta kontratazioengatik eska daiteke laguntza.
Kontziliaziorako laguntzak honako hauek dira:
- 3 urtera arteko seme-alabak zaintzeko eszedentziak.
- 12 urtera arteko seme-alabak zaintzeko lanaldi-murrizketak.
- Mendetasun-egoeran eta osasun-egoera oso larrian dauden senitartekoak zaintzeko eszedentziak eta lanaldi-murrizketak.
- 14 urtetik beherako seme-alabak zaintzeko zaintzaileak kontratatzea.
Berrikuntzak
1.- Eszedentzietarako eta lanaldi-murrizketetarako laguntzak % 10 igoko dira. Guraso bakarreko familien, familia ugarien, mendetasun larriko, mendetasun handiko edo % 50etik gorako desgaitasuneko egoeran dagoen kideren bat duten familia-unitateen eta genero-indarkeriaren eta/edo sexu-indarkeriaren biktima den kideren bat duten familia-unitateen kasuan, igoera % 30ekoa izango da.
Laguntzaren zenbatekoa familia-errenta estandarizatuaren arabera zehazten da, eta hori kalkulatzeko bi gurasoen familia-errentaren maila, osaera eta familiaren tipologia hartzen dira kontuan.
2.- Dekretu berriari esker, harrerako familiek ere kontziliaziorako laguntzak jasoko dituzte. Harrera-familiak (urgentziazkoak, aldi baterakoak eta iraunkorrak) eta tutoretza-familiak (aitite-amamak, osaba-izekoak…).
3.- Orain arte eszedentziak edo lanaldi-murrizketak gutxienez jarraian ziren 59 egunetarako eskatzen ziren. Hemendik aurrera, 59 egun horiek tartekatuak izan daitezke, eta horrek malgutasun handiagoa ematen du familiak beren beharren arabera antolatu ahal izateko.
4.- Eszedentzia edo lanaldi-murrizketa hartzeko denbora-muga bat ezartzen da familiako, ez guraso langile bakoitzeko, eta horrek familien askatasuna hobetzen du hobekien komeni zaien moduan antolatu daitezen.
5.- Laguntzen kudeaketa hobetzen da, lehen arautu gabe zeuden egoerak arautuz, hala nola, kontratu batzuk dituzten langileena, eta beste administrazio batzuekiko elkarreragingarritasuna hobetzen da. Laguntzen kudeaketan hobekuntzak bermatzen dira, elkarreragingarritasuna sustatuz.
Programaren gizarte-onura
Laguntza-programa honen azken aldiko ibilbideak erakusten du gizartean duen erabilgarritasuna eta balioespena. 2024an eta 2025ean 17.884 eta 17.166 izan ziren onuradunak, hurrenez hurren. 2025ean, laguntzaren batez besteko zenbatekoa 1180 eurokoa izan zen eskatzaile bakoitzeko. Emandako 17.166 laguntzetatik 1332 kolektibo kalteberetakoak ziren (guraso bakarreko familiak, ugariak, desgaitasunen bat edo mendekotasun-egoeraren bat duten familiak).
Bizitza pertsonala, familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko dekretu berriak orain dauden bi dekretu hauek biltzen ditu:
– 164/2019 Dekretua, urriaren 22koa, Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzkoa.
– 102/2022 Dekretua, irailaren 7koa, 14 urtetik beherako seme-alabak zaintzeko langileak kontratatzeko laguntzei buruzkoa.
Onarpen horrekin, Eusko Jaurlaritzak jarraipena ematen dio familien ongizatea hobetzera, zainketen erantzunkidetasuna bultzatzera eta langile askok enplegua eta hazkuntza bateragarri egiteko aurkitzen dituzten zailtasunak murriztera bideratutako politika publikoari.






