Eusko Jaurlaritzak alerta laranja aktibatuko du, asteazkenean eta ostegunean, tenperatura altu iraunkorrengatik Kantauri barnealdean

0
  • Euskalmetek 34 ºC-ra arteko gehieneko tenperaturak eta gau beroak iragartzen ditu, gutxienez ostiralera arte.
  • Bero-olatuak, oso aire masa bero batek eta hego-haizeak lagunduta, baso-suteen arriskua ere handituko du.

Eusko Jaurlaritzak alerta laranja aktibatuko du tenperatura altu iraunkorren ondorioz maiatzaren 27, asteazkena, eta maiatzaren 28, osteguna, egunetan Kantauri barnealdeko eremuan, eguneko zein gaueko tenperatura altuen aurreikuspenaren aurrean, Euskadin astearen zati handi batean eragingo duen bero-olatu baten testuinguruan.

Euskalmet Meteorologia Agentziaren arabera, egoera antizikloniko batek eta oso aire masa bero bati lotutako gandor subtropikal baten presentziak markatuko dute eguraldia, eta horrek egonkortasun handia, lehortasuna eta eguzkia nagusi izango diren baldintzak ekarriko ditu, gutxienez ostiralera arte.

Tenperatura iraunkorren ondoriozko alerta laranja 00:00etatik 24:00etara egongo da aktibo bai asteazkenean bai ostegunean Kantauri barnealdean. Eremu horretan, gutxieneko eta gehieneko tenperaturak 17/33 ºC inguruan kokatu daitezke asteazkenean, eta 18/33 ºC ostegunean.

Gainera, bi egun horietan zehar indarrean egongo da tenperatura oso altuen abisu horia, 13:00etatik 20:00etara. Asteazkenean barnealdean izango du eragina, eta ostegunean Kantauri barnealdean zentratuko da.

Euskalmetek azpimarratu du alerta laranja aktibatzearen arrazoia tenperatura altuek hainbat egun jarraian irautea dela, bai balio maximoetan bai minimoetan, bereziki Kantauri barnealdean.

Aurretik, gaur, asteartea maiatzaren 26a, abisu horia indarrean egongo da tenperatura altu iraunkorren ondorioz kostaldean eta Kantauri barnealdean, non gehienekoak 34 ºC-ra iritsi daitezkeen. Halaber, egunaren erdialdeko orduetan tenperatura oso altuen abisu horia ere indarrean izango da.

Hegoaldeko haizea izango da gertaera meteorologiko honen beste faktore nabarmenetako bat, bereziki asteartean, itsas brisaren sarrera eragotzi eta tenperaturen igoera bultzatuko baitu, batez ere Bizkaian eta Gipuzkoan. Euskalmetek, gainera, egunaren amaieran enbata ahul baten aukera ere ez du baztertzen.

Era berean, astearteaz geroztik eta ostegunera arte, baso-suteen arriskuagatik abisu horia indarrean egongo da, tenperatura altuak eta hego-haizea direla eta.

Asteburuari begira, Euskalmetek egoera meteorologikoaren normalizazio posible bat iragartzen du. Larunbatetik aurrera ipar-haizea nagusitu liteke eta tenperaturen jaitsiera gerta liteke, urte-sasoi honetarako ohikoagoak diren balioetara.

GOMENDIOAK

Aire zabaleko berotik babestea

  • Saihestu eguneko erdiko orduetan eguzkitan egotea.
  • Ez jarri inoiz zuzenean eguzkitan 6 hilabete baino gutxiagoko haurtxoak.
  • Erabili kapela, eguzkitako betaurrekoak eta eguzki-babes egokia.
  • Jantzi arropa arina, nasaia eta transpiragarria.
  • Saihestu jarduera fisiko bizia egitea, batez ere tenperatura handieneko uneetan.
  • Kontsultatu osasun-langileekin sintoma hauek agertzen badira: ahulezia, nekea, zorabioak, goragalea, ikusmen lausoa edo ordubetetik gora irauten duten alditxarrak.

Etxea fresko mantentzea

  • Itxita eduki leihoak eta pertsianak bero gehien egiten duen orduetan.
  • Gauez etxebizitza aireztatu, gelak freskatzeko.
  • Saihestu eguneko erdiko orduetan beroa sortzen duten etxetresna elektrikoak erabiltzea.
  • Haizegailuak kontuz erabili, 35 ° C-tik gora ez baitute gorputzeko tenperatura murrizten.
  • Freskatu ur hotzeko dutxa edo bainuekin, edo zapi hezeak erabilita aurpegian eta eskuetan.
  • Ezin bada etxebizitza fresko mantendu, igaro egunean 2-3 ordu klimatizatutako lekuetan, esaterako, eraikin publikoetan.

Deshidratazioa saihestea

  • Edan maiz ura eta likidoak, egarri izan arte itxaron gabe.
  • Saihestu kafeina, alkohola edo azukre asko duten edariak, deshidratazioa errazten baitute.
  • Handitu fruta, barazki eta entsaladen kontsumoa gatz mineralak berritzeko.
  • Saihestu berora egokitzea zailtzen duten otordu oparoak, koipetsuak edo astunak.

Pertsona zaurgarrienak zaintzea

  • Arreta berezia eman haurtxoei, adingabeei, haurdun edo edoskitzaroan dauden emakumeei, adinekoei eta gaixotasunak dituztenei.
  • Ez utzi inoiz inor ibilgailu itxi batean, ezta itzalean ere.
  • Zaindu bereziki bakarrik bizi diren edo mendekotasuna duten adinekoak, haiek egunean behin gutxienez bisitatuta.

Larrialdietan, 112 zenbakira deitu behar da.

Eguneratutako eguraldi-iragarpena Euskalmeten webgunean eta X sare sozialeko kontu ofizialean kontsulta daiteke.