- Eusko Jaurlaritzak sustatutako ekimenak berrikuntza sozialarekin eta garapen jasangarriarekin konprometitutako erakunde eta pertsonak bildu ditu Bilbon.
- Jardunaldian elkarlaneko proiektuak partekatu dira eta Patxe.eus plataforma digital berria aurkeztu da jendaurrean.
- Topaketak komunitatearen eraikuntza, lankidetza eta parte-hartze aktiboa izan ditu ardatz, gizarte-eraldaketarako tresna gisa.
Patxe ekimenak gaur ospatu du Bilbon bere bigarren topaketa, Patxe II izenekoa. Jardunaldiaren helburua izan da ikaskuntzak partekatzea, ekimen berriak aktibatzea eta garapen jasangarriarekin eta berrikuntza sozialarekin konprometitutako pertsona, erakunde eta instituzioen arteko lankidetza sendotzea.
Eusko Jaurlaritzako Berrikuntza Sozialaren eta 2030 Agendaren Zuzendaritzak eta Deusto Cities Katedrak sustatutako topaketak gizarte-, kultura- eta herritar-ekimenetako ordezkariak bildu ditu, proiektuak konektatzeko, elkarrizketa sustatzeko eta lankidetzatik eta ekintza partekatutik komunitatea eraikitzen jarraitzeko sortutako espazio batean.
Jardunaldiari hasiera eman dio Asier Aranbarri Eusko Jaurlaritzako Berrikuntza Sozialaren eta 2030 Agendaren zuzendariak. Era berean, Patxeren baitan garatutako hainbat ekimenen aurkezpenak egin dira, besteak beste: Haurteskundeak, pODScast, Ekhilur, En Escena, Zazpi Fundazioa, Altxor eta Hitzetatik Ekintzetara.
Topaketaren mugarri nagusietako bat plataforma digital berriaren aurkezpena izan da: Patxe.eus
Webgune berriak ekimenak ikusgarri egitea, eragileen arteko konexioa sustatzea eta jasangarritasunarekin, komunitate-balioekin eta gizarte-eraldaketarekin lotutako proiektuetan herritarren parte-hartzea eta aktibazioa erraztea du helburu.
Patxe Ekimena 2025eko otsailean aurkeztu zen lehen aldiz jendaurrean, herritarren parte-hartze aktiboa sustatzeko eta gaur egungo erronkei erantzun kolektiboak eraikitzeko pertsonak erdigunean jartzen dituen ikuspegia indartzeko helburuarekin.
Saioak aurkezpenak, elkarlaneko lan-dinamikak eta parte-hartzaileen arteko elkarrizketarako espazioak uztartu ditu, ideia nagusi bat indartuz: gizarte-erronka handiei aurre egiteko lankidetza, entzutea eta eraikuntza kolektiborako modu berriak behar dira.
Berrikuntza Sozialaren eta 2030 Agendaren Zuzendaritzak espazio kolaboratibo mota hauek sustatzen jarraitzen du, Eusko Jaurlaritzak kultura demokratikoa, komunitate-zentzua eta herritarren inplikazioa indartzeko egiten duen apustuaren baitan.






