- Eusko Jaurlaritzak aireportu-eredu integratu eta osagarri bat proposatu du, Euskadiren nazioarteko lehiakortasuna, konektibitatea eta lurralde-kohesioa indartzeko
- Aenak konpromisoa hartu du euskal aerodromoetarako ekarpenak sakon aztertzeko
Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako gobernu arteko aireportuen aldebiko organoak lehen lan-bilera egin du ostegun honetan, joan den apirilean foro berri hori eratzeko bilkura egin ondoren. Bilera gaur goizean egin da Madrilen, eta ordu t’erdiko iraupena izan du. Bertan, Eusko Jaurlaritzak 2027-2031 bosturtekorako Aireportuak Arautzeko Dokumentuaren (DORA III) inguruan egindako proposamenak aztertu dituzte elkarrekin bi administrazioek. Aenak Estatuko aireportu-sare osoan (EAEko hiru aireportuak barnean hartuta) egingo dituen inbertsio nagusiak jasotzen ditu dokumentu horrek, eta ekarpenak egiteko fasean dago gaur egun. Bilerak emaitza “egokia” izan du, Eusko Jaurlaritzak aldebiko organoan dituen ordezkariek azpimarratu dutenez, eta Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko Ministerioak eskaerak sakonki aztertzeko konpromisoa hartu du.
DORA III dokumentuak inbertsioaren gehikuntza bat jasotzen du ezaugarri bereko azken bi planekin alderatuta. Zehazki, 9.999 milioi euro izango dira araututako esparruan —tarifa-sarreren bidez—, eta 13.000 milioi euro guztira Estatu osoan. Euskal aireportu-sistemari dagokionez, Aenako administrazio-kontseiluak hasieran onartutako dokumentuak 470 milioi euro inguruko inbertsioak jasotzen ditu, Loiuko terminala handitzeko, Hondarribian pistari, harri-lubetari eta hegazkineratzeko gelei lotutako hobekuntzak egiteko eta Forondan pistari eta karga-eremuari lotutako hobekuntzak egiteko.
Eusko Jaurlaritzak Euskadiko aireportu-sistemak duen egoeraren diagnostikoa helarazi du aldebiko organoan. Sistema horrek elkarren osagarri diren hiru azpiegitura ditu, urtean 7,8 milioi bidaia ahalbidetzen dituztenak —2025eko datuen arabera—, eta zifra horri karga-eragiketak gehitu behar zaizkio. Eusko Jaurlaritzak aireportu-eredu integratu eta osagarri bat proposatzen du azpiegituren artean, lehiakortasuna, konektibitatea indartzeko, aireportuen arteko lehia saihestuz. Era berean, Euskadiko aireportuentzako proiektu estrategikoak eta DORA III dokumentuari egindako ekarpenak helarazi ditu bileran. Azken ekarpen horiek Aenari ere igorri dizkio Euskadiko aireportuak koordinatzeko batzordearen bitartez, azter ditzan.
Eusko Jaurlaritzaren ekarpenak hainbat eragilerekin, sektoreko operadoreekin eta aireportuen eguneroko jardunean inplikatutako erakundeekin egindako kontrastearen ondorioa dira, eta hiru aireportuen ahalmen operatiboa hobetzera bideratuta daude. Ildo horretan, aireportu-barrutietan aireontziak kargatzeko, dagokien lekuan kokatzeko eta zirkulatzeko eragiketak erraztera bideratutako planteamenduak jasotzen dira, baita nabigaziorako laguntzei lotutako hobekuntzak eta bidaiarien terminalen inguruko aurrerapenak ere. Halaber, bidaiariak aireportuetara joateko mugikortasunari lotutako proposamenak egin dira. Era berean, etorkizuneko erronkekin lotutako gaiak jarri dira mahai gainean, hala nola klima-aldaketa edo aireko garraioaren digitalizazioa. DORA III dokumentuari proposamen zehatzetaz aparte, ekarpen estrategikoak egin dira bileran.
Bilbo Arku Atlantikoaren nazioarteko eta enpresen nodo gisa sendotuko litzateke, baldintza meteorologiko txarren aurrean duen erresilientzia operatiboa indartuz eta berrikuntzaren eta digitalizazioaren aldeko apustua eginez, «Bilbao Airport Living Lab» bezalako ekimenen bidez.
Gasteiz plataforma logistiko, industrial eta teknologiko aurreratu gisa proiektatzen da, aireportuko ‘sandbox’-aren garapenarekin lotuta. Etorkizuneko bidaiari-hazkunderako eta nazioarteko eragiketa espezializatuetarako azpiegiturak pixkanaka egokitzea aurreikusten da, hegazkinak aparkatzeko plataforma zabalduz eta nabigaziorako laguntzak hobetuz, bai eta terminalaren egokitzapen funtzionala ere, zerbitzu-maila hobeak bermatzeko, eta nazioarteko hub transozeaniko eta transkontinentalekiko konexioak indartzea ere.
Bestalde, Donostia lurralde eta mugaz haraindiko konektibitaterako azpiegitura estrategiko gisa finkatzera deitua dago, mugikortasun jasangarria eta aireporturako sarbideak hobetuz, nazioko eta nazioarteko hub-ekiko loturak sendotzeaz aparte.






