- Ariketaren helburua Euskadiko Larrialdi Aeronautikoetarako Plan Berezian ezarritako jarduketa- eta koordinazio-prozedurak ebaluatzea izan da.
Gaur goizean, Bilboko aireportuaren inguruak aire-istripu baten simulakroaren agertoki izan dira. Simulatutako egoeraren arabera, aireontzi batek ezbeharra izan du 10. pistatik aireratzen saiatzen ari zela eta, ezagutzen ez diren arrazoiengatik behar besteko altuera hartu ezinik, industria-eremu baten gainean erori da. Aurreikusitako hipotesiaren arabera, istripuak 3 hildako eta 15 zauritu eragingo lituzke; horrez gain, aireontzian zihoazen pertsonen 16 senidek, “istripuaren” berri izan ondoren, aireportura joko lukete, eta arreta eta laguntza beharko lukete.
Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzako teknikariek tokian bertan koordinatutako dispositiboan parte hartu dute Ertzaintzak, Osakidetzak, Gurutze Gorriak, Bizkaiko Suhiltzaileek, Auzitegi Medikuntzaren Euskal Institutuak, AENAko langileek eta aireportuko zerbitzuetako langileek. Horri esker, biktima anitzeko larrialdi aeronautiko baten aurrean aurreikusitako jarduketa-, koordinazio- eta erantzun-prozedurak ebaluatu ahal izan dira, bai eta, modu praktikoan, aireportuko barne-baliabideen eta kanpoko larrialdi-baliabideen arteko koordinazioa, ezbehar-eremura sartzeko ezarritako sarbideak, Aginte Postu Aurreratuaren funtzionamendua eta Aginte Postu Nagusiaren jarduna egiaztatu ere.
Ertzaintzaren aldetik, Polizia Zientifikoko Burutzako 15 espezialistak hartu dute parte. Horiek talde mistoak osatu dituzte Auzitegi Medikuntzaren Euskal Institutuko auzitegi-medikuekin, begi-ikuskapeneko lanak egiteko, bai eta biktimen eta ezbeharraren tokiko datuak jasotzeko ere, hildakoen identifikazioari begira. Polizia Zientifikoko Burutzako ertzainek Aginte Postu Aurreratuan eta senideei arreta emateko eremuan ere jardun dute. Bestalde, Herritarren Babeserako agenteek eta Erandioko ertzain-etxeko ikerketa-agenteek simulakroaren barruan esleitutako eginkizunak bete dituzte, Ardatz Bizkaia Koordinazio Zentroarekin batera.
LARRIALDI AERONAUTIKOETARAKO PLAN BEREZIA
Gogorarazi behar da Euskadik bere Larrialdi Aeronautikoetarako Plan Berezia duela; ezaugarri horietako lehen plana da Estatu osoan Babes Zibileko Kontseilu Nazionalak homologatua. Plan hori Eusko Jaurlaritzak onartu zuen 2022ko otsailaren 1ean, eta Euskadiko Babes Zibileko Planean (LABI) txertatuta dago. Helburua da larrialdi aeronautikoko hainbat egoeraren aurrean administrazio eta zerbitzu eskudunen erantzun koordinatua eta integrala bermatzea.






