Hurtado sailburua: “Añanak mugikortasun jasangarriaren aldeko apustua egin du lurraldearen konektibitate turistikoa indartzeko”.

0
  • Mugikortasun Planaren barruan, bizikleta elektrikoetarako 10 gune jarriko dira Añanako Kuadrilla osatzen duten udalerrietan

  • Europako Funtsekin sortutako Añanako Kuadrillako Helmugako Jasangarritasun Turistikoko Planaren (HJTP – Añanako Kuadrilla) barruan dago

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok, Añanako Kuadrillako presidente Ruben Torremocharekin, forudiputatu nagusiorde eta Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapeneko eta Foru Administrazioko forudiputatu Cristina Gonzalezekin, Gaubeako alkate Gorka Salazarrekin eta Añanako Kuadrilla osatzen duten gainerako udalerrietako ordezkariekin batera, Gaubeako udalerrian instalatutako bizikleta elektrikoen gunea bisitatu du. Jarduketa hori Europako funtsekin sortutako Añanako Kuadrillako Helmugako Jasangarritasun Turistikoko Planaren barruan dago.

“Mugitu berdez, konektatu Añanarekin” lelopean eta Arabako Foru Aldundiaren laguntzarekin, 50 bizikleta elektriko banatu dira Añanako Kuadrillako hamar udalerrietan, eta kargatzeko eta aparkatzeko puntuak gaitu dira. Jarduketa horrek 259.000 €-ko inbertsioa izan du.

Javier Hurtado sailburuak erakundeen arteko lankidetzak “gure herriak eta hiriak hobetzen eta turismo-eredu jasangarria indartzen duten” proiektuak aurrera ateratzeko duen garrantzia azpimarratu du. Ildo horretan gogorarazi duenez, “Helmugako Jasangarritasun Turistikoko Planek 80 milioi eurotik gorako inbertsioa izan dute Euskadin azken bost urteetan, oso ezaugarri desberdinak dituzten udalerriek eta eskualdeek bultzatutako 34 proiektutan banatua”. 

“Lana erakundeen artean koordinatuz gero, gauzek hobeto funtzionatzen dute”, adierazi du sailburuak, eta eskertu egin du Añanako Kuadrillak egin duen lana “helmugako jasangarritasun turistikoko planaren barruko jarduketak, eskualdearentzat 1,1 milioi euro mobilizatzea ahalbidetu dutenak” egiteko.Sailburuaren ustez, “jarduketa horrekin, Añanak mugikortasun jasangarriaren aldeko apustua egin du lurraldearen konektibitate turistikoa indartzeko”.

Sailburuak azpimarratu du 2026. urtea “proiektu horietako gehienak amaituta ikusiko ditugun urtea” izango dela, eta pozik agertu da “inbertsio horiek Euskadiko turismo-garapen jasangarrian duten eragin positiboa” bertatik bertara egiaztatzean.

Cristina González foru-diputatuaren ustez, proiektu hori lagungarria izango da “Añanako ekoturismo-eskaintza indartzeko, bertako natura-ondare baliotsuari —Valderejoko Parke Naturala, Sobrongogunea, Caicedo Yusoko lakua eta abar— eta turismo mota horri lotutako kalitatezko ostatuen (hala nola nekazaritza-turismoko establezimenduen eta kanpinen) sareari lotuta”.

“Azken batean, Añanaren lehiakortasuna hobetzen du, turismoa eskualdearentzako aberastasun- eta enplegu-iturri izan dadin”.

Gaubeako alkate Gorka Salazarrek azpimarratu duenez, Mugikortasun Jasangarriko Planaren “jatorria Gaubeak bere baliabide turistikoak antolatzeko, hobetzeko eta haien balioa nabarmentzeko aspalditik egindako apustua da”.

Halaber, azpimarratu duenez, “Kuadrillako udalerri guztiek bat egin izanari esker, proiektuari indar handiagoa eman ahal zitzaion, proiektua eskualdeko estrategia bihurtu zen, eta laguntza lortzeko hautagaitza indartu zen”. Alkatearen ustez, “Kuadrilla gisa batu izana funtsezkoa izan da tokiko ideia bat lurralde osoan partekatutako proiektu bihurtzeko”.

Salazarrek adierazi duenez, bizikleta elektrikoak “ez dira jarduketa bakan bat, herriak, bideak, paisaia, ondarea eta baliabide turistikoak lotzeko tresnak baizik”.

Azkenik, Añanako Kuadrillako presidente Ruben Torremochak nabarmendu du “Mugitu berdez, konektatu Añanarekin” Mugikortasun Jasangarriko Planaren abiaraztea askoz estrategia zabalago baten parte dela: “Añanako Kuadrillako Helmugako Jasangarritasun Turistikoko Plana proiektu jakin batzuekin eskualdeko hamar udalerrietara iristea ahalbidetzen ari da”.

Torremochak adierazi duenez, “planak mugikortasuna, turismo jasangarria, ondarea, natura, digitalizazioa eta espazio publikoen hobekuntza lotzen dituen proiektu multzo bat bultzatzea ahalbidetu du”.

Añanak turismo-helmuga jasangarri eta adimendun gisa ez ezik, herrientzako proiektu baliagarriak dituen eskualde bizi eta kohesionatu gisa ere aurrera egitea nahi dugu. Helmugako Jasangarritasun Turistikoko Planak aukera ematen digu plangintzatik gauzatzera igarotzeko, hamar udalerrietan agerikoak diren jarduketekin eta lurralde osorako etorkizun-ikuspegi partekatu batekin.