• Eskabideak aurkezteko epea uztailaren 2an hasi eta irailaren 30ean amaituko da.
• Aurtengo edizioak hainbat berrikuntza ditu, hala nola erakunde onuradunen profila zabaltzea edo aurrez egindako plan baten eguneratzea diruz laguntzeko aukera.
Eusko Jaurlaritzak Euskadin kokatutako establezimenduak dituzten enpresa edo langile autonomoentzako dirulaguntzak onartu ditu, norberaren bizitza, familia eta lana uztartzearen arloko egoeraren diagnostikoa eta ekintza-plana egiteko. Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailetik 2026ko deialdiaren berri emateari ekin zaio.
Laguntza horiek eskatzeko epea uztailean hasi eta irailaren 30ean amaituko da, eta 420.000 euroko aurrekontua du (210.000 euro 2026ren kontura eta 210.000 konpromiso-kreditu 2027rako). Laguntzak eremu pribatuko edozein erakunderi zuzentzen zaizkio, hala nola mikroenpresei, ETEi edo enpresa handiei. Era autonomoan lan egiten duten beharginek ere eskatu ahal izango dute laguntza.
Orain arte, aurreko edizioetan, laguntza mota hauek 11.424 langile barne biltzen dituzten 110 enpresak eskatu dituzte. Aurtengo dekretuak berritasun hauek jasotzen ditu:
– Kontziliazio-proiektuen eguneratzeak diruz laguntzeko aukera jasotzen da, baldin eta aurreko proiektuaren ekintza-plana gauzatzeko aurreikusitako gehieneko epea igaro bada. Lehenengo plana egiteko zuzkidura osoaren % 75 bideratuko da, eta dauden planak eguneratzeko, berriz, % 25. Eskabideak aurkezteko epea amaitu eta planak eguneratzera bideratutako zenbatekoa agortzen ez bada, aurrekontu-soberakina kreditu nahikorik ez izateagatik erantzun ezin izan diren lehen planeko eskabideak finantzatzeko erabili ahal izango da automatikoki, edo alderantziz.
– Erakunde onuradunen profila zabaldu da. Euskal Sektore Publikoa osatzen duten eta onuradun izan daitezkeen erakundeak zehatzago eta zabalago arautu dira. Aldaketa horren helburua araua ehun publikoaren (autonomikoa, forala eta tokikoa) errealitate instituzionalera egokitzea da, nortasun juridiko propioa izanik, beren aurrekontuetan kontziliazio-proiektuetarako finantzaketa nominatiborik ez duten erakundeak barne hartzen direla ziurtatuz.
– Enpresa batek Euskadin proiektu bat baino gehiago egin ahal izatea arautu da, betiere lantokietan errealitate oso desberdinak badaude zentroen antolamendu-ezaugarriei, plantillen profilari, funtzioak betetzeari edo lan-baldintzei dagokienez.
– Plantillari buruzko diagnostikoaren datuak sexuaren arabera bereizi beharko direla gaineratu da.
– Inbertsio publikoaren eraginkortasuna bermatzeko eta sustapen-politikaren ex-post ebaluazioa egiteko, eragin-memoria bat egin eta aurkeztu beharko da, neurriak ezarri eta 18 hilabeteko erreferentzia-epearekin. Dokumentu hori epe hori amaitu eta gehienez ere bi hilabeteko epean aurkeztu beharko da, eta lortutako emaitzak aztertzeko aukera emango du, generoaren alderdian arreta berezia jarriz, eta dirulaguntzak kontziliazioaren eta erantzukidetasunaren hobekuntzan duen benetako eragina neurtuz.
Laguntza eskatzeko edo informazio gehiago eskatzeko: familiapolitikak@euskadi.eus






