Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak EHUko Udako Ikastaroetan duen proposamena Berrikuntzaren Itsasargiekin lerrokatu du

0
  • Unibertsitate Politikako sailburuorde Xabier Aizpuruak parte hartu du Udako Ikastaroen 45. edizioaren aurkezpenean.

Donostiako Miramar Jauregiak hartu du gaur Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Ikastaroen 45. edizioaren aurkezpena, aurten «Zuk pentsatzen duzulako gara» lelopean egingo dena. Inaugurazio ofiziala ekainaren 30ean izango da, eta Imanol Pradales Lehendakaria izango da buru.

Ekitaldian parte hartu dute Euskal Herriko Unibertsitateko errektore Joxerramon Bengoetxeak; Hezkuntzako sailburu Begoña Pedrosak; Unibertsitate Politikako sailburuorde Xabier Aizpuruak; eta Udako Ikastaroen zuzendari akademiko Idoia Otaeguik.

Udako Ikastaroen edizio berriak guztira 133 ikastaro eta 29 workshop eskainiko ditu, eta horien artean Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak sustatutako programak pisu berezia izango du.

Sailak babes orokorra ematen die Euskal Herriko Unibertsitateko Uda Ikastaroei, jakintzaren zabalkundean egiten duten lana sustatu eta babeste aldera. Babes horren barruan, Sailak berariaz sustatzen du ikastaro-sorta. Aurtengo edizioan, ikastaro hauek onartu berri den Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren eguneratzean jasotako bost zutabeekin (Kualifikazio Handiko Pertsonak; Abangoardiako Zientzia; Lehiakortasuna eta Industria Lidergoa; Komunitatea eta Berrikuntza) eta Berrikuntzaren Itsasargiekin lerrokatzen dira.

Xabier Aizpuruak, Unibertsitate Politikako sailburuordeak adierazi duenez “programa honek bete-betean landuko ditu, Euskal Herriko Unibertsitatearen Uda  Ikastaroen esparrua, gure Sailak zientzia eta berrikuntzaren arloan garatzen ari den estrategia eta lan-lerroak”.

Berrikuntzaren Itsasargiak gidari

Horrela, Zaurgarritasunaren ikuspegia ikastaroak etika asistentzialeko eta esku-hartze sozialeko lana ikusaraziko du, eta balio-gatazken aurrean erabakiak hartzeko metodologiak partekatuko ditu. Ikastaro hau Osasunaren Baldintzatzaile Sozialak izeneko itsasargiarekin lerrokatzen da bete-betean.

Bestetik, Salud mental y tecnología eta Itsasgora. Osasun arloko berrikuntzaren olatu eraldatzailea ikastaroek Osasun Pertsonalizatua eta Zehatza itsasargiarekin dute erlazioa. Izan ere, ikastaro hauetan osasunaren, teknologiaren eta berrikuntza publikoaren arteko loturak aztertuko dituzte, osasun digitala, datuen erabilera estrategikoa eta pertsonarengan oinarritutako arreta erdigunean jarriz.

Berrikuntzaren Itsasargiekin jarraituta, baditugu beste bi ikastaro: Menos corregir y más feedback en la era de la inteligencia artificial eta Adimen Artifiziala Hezkuntzan: kezkak eta formakuntza-beharra.  Ikastaro hauek Adimen Artifizialaren itsasargia jartzen dute erdigunean, adimen artifizialaren agerpenak ikasgeletan sortzen dituen aukerak, arriskuak eta prestakuntza-beharrak landuz.

Ikastaro-sortarekin bukatzeko, Fostering Dialogue and Collaboration among Minority Language Educators: Basque, Occitan and Irish within our Teacher Academies ikastaroak hizkuntza gutxituen irakaskuntzan diharduten akademiko, profesional eta erakundeen arteko elkarrizketa sustatuko du. Hain zuzen ere, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren ekarpen esanguratsuenetako bat den Komunitatea izeneko ardatzarekin lotu dezakegu gaia, euskara eta hizkuntza-dibertsitatearen balioa euskal zientzia- eta teknologia-komunitatean aintzatetsiz.

Bestalde, legealdi honetan Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak sustatuta, Ricardo Echepare Konferentzia izeneko jarduna izango da irailaren 15ean, Donostiako Miramar Jauregian. Aurtengoan, Ana Zubiaga Jakiundeko presidente eta EHUko Genetikako katedraduna izango da hizlari eta, Un solo planeta, una sola salud hitzaldia eskainiko du. Hau ere One Health izeneko Berrikuntzaren Itsasargian jasotakoak izango ditu hizpide.

Halaber, sailburuordeak gogora ekarri du Eusko Jaurlaritzako Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailak eta Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak bultzatuta uztailean Euskal Autogobernua 90 urteren ondoren izeneko ikastaroa izango dela. Bertan, XX. eta XXI. mendeetan euskal autogobernuaren instituzionalizazio politiko, juridiko eta sozialeko prozesuak aztertzeko eta azken hamarkadetan euskal autogobernuaren bilakaerari eta indartzeari buruzko hausnarketa egingo da.