
Foru Komunitateak sei helikoptero izango ditu aurten, eta 180 suhiltzailerekin indartuko du baso-suteak prebenitzeko eta itzaltzeko udako kanpaina, maiatzaren 1ean hasi eta urriaren 12an amaituko dena. Hala azaldu die komunikabideei Inma Jurío Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariak, Miluceko aire-basean egindako aurkezpenean.
Modu horretan, uda-sasoi honetarako, Nafarroak sei helikoptero izango ditu, lau Foru Exekutiboak jarrita eta beste bi Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak (MITECO); denak Miluceko basean egongo dira.
Nafarroako Gobernuak iaz baino helikoptero bat gehiago izango du, helikopteroen gaineko kontratu berriaren lizitazioa Sky enpresari esleitu baitzitzaion duela gutxi. Kontratu berriaren bidez, Foru Komunitateak bi helikoptero izango ditu urte osoan, bata medikalizatua eta bestea jendea erreskatatu eta garraiatzekoa, baina horietako lehena suteak koordinatzeko eta bigarrena sua itzaltzeko ere erabili ahal izango dira. Bestalde, beste bi aireontziak 9 eta 6 hilabetez egongo dira eskuragarri, hurrenez hurren, suteak itzaltzeko eta langileak garraiatzeko.
Era berean, MITECOk Lima motako bi bonba-hegazkin jarriko ditu Nafarroaren eskura, baso-suteetarako, ekainaren 1etik urriaren 15era bitarte.
Udako kanpainako gailuaren “etengabeko hobekuntza”
Jurio kontseilariak positibotzat jo du Foru Gobernuak kanpaina honetarako antolatu duen “dispositibo osoa”; izan ere, “laugarren helikoptero bat izango du eta 2025ean baino 21 suhiltzaile gehiago”. “Departamentuan lanean ari gara dispositiboa etengabe hobetzeko eta indartzeko, basoan sutea gertatuz gero, natura-ingurunearen eta herritarren kalteberatasuna murrizte aldera”, adierazi du kontseilariak.
Era berean, herritarren prebentzio-lanak duen garrantzia nabarmendu du Juriok. «Arduraz jokatu behar dugu, batez ere sute-arriskuaren indizea oso altua denean, arreta handiz ibiliz eta agintarien adierazpenak jarraituz. Era horretan, guztion artean, arriskuak minimizatu eta garai horri berme handiagoarekin aurre egingo diogu”, azaldu du kontseilariak.
Kontseilariaz gain, aurkezpenean izan dira Nafarroako Gobernuaren ordezkaria, Alicia Echeverria; Barne zuzendari nagusia, Salvador Diez; Larrialdi, Prebentzio eta Babes Zibileko Zerbitzuko zuzendaria, Jose Joaquin Pascual; Nafarroako Suhiltzaileak erakundeko zuzendaria, Iñaki Elias; Larrialdien eta Komunikazio Sistemen Plangintza eta Koordinazioko ataleko burua, Juan Manuel Lobo; eta Nestor Gracia, baseko arduraduna eta helikopteroen kontratu berriaren esleipenduna den Sky enpresako pilotua.
Bestalde, Nafarroako Gobernuaren ordezkariak nabarmendu du beharrezkoa dela administrazioen arteko lankidetza eta koordinazioa burutzea, “sua benetako mehatxua delako lurralde guztientzat, eta suak ez duelako eskumenez eta ideologiez ulertzen”. «Prebentzioan inbertitzea bizitzak salbatzen eta gure natur guneak salbatzen inbertitzea da”, gehitu du Alicia Echeverriak. Horrez gain, gogorarazi du Espainiako Gobernuak estatuko baliabideak areagotu dituela aurtengo kanpainako suteen aurkako borrokarako eta Autonomia-erkidegoen esku jarri dituela. Azkenik, herritar guztien erantzukizuna eskatu du sute-arriskua minimizatzeko.
87 gidarik eta 93 langilek indartuko dute udako kanpaina
Aurtengo udako kanpainari begira, Nafarroako Suhiltzaileak taldeak 180 suhiltzaile izango ditu, iaz baino 21 gehiago, eta horietatik 87 gidari laguntzaileak izango dira eta beste 93 peoi laguntzaileak. Tutera, Tafalla, Lodosa, Azkoien, Cordovilla, Lizarra, Zangoza eta Baso Suteen Heligarraioko Brigadan (BHIF) zerbitzua emango dute.
Eguneko dispositiboa 100 lagun ingurukoa izango da, tartean suhiltzaileak, kaboak, ofizialordeak eta basoko brigadak. Modu berean, kanpainak 21 baso-autobonba eta 7 kamioi inude izango ditu ura hornitzeko, 6 helikopteroez gain.
Errefortzua suhiltzaileen parkean
Basoko suteak itzaltzeko lanetarako, suhiltzaileen plantilla eta suhiltzaileen agintarien plantilla 12 parketan banatuko da, eta urte osoan eta eguneko 24 ordutan parke bakoitzeko gutxienez baso-brigada bat egongo da. Arrisku handieneko garaietan, berriz, eta gorabeheren gorakadari aurre egin ahal izateko, Nafarroako Suhiltzaileak Zerbitzuak langileak kontratatuko ditu, baso-suteak prebenitzeko eta itzaltzeko ohiko plantilla indartzeko.
Udako kanpainan, suhiltzaileen parkeko errefortzuak bi fasetan egiten dira. Lehen fasean, maiatzean, Tafalla, Lodosa, Azkoien eta Tuterako parkeak indartzen dira. Ekainean, bi txandarekin, bigarren fasea egiten da, eta, aurreko parkeetara ez ezik, Lizarra, Cordovilla, Zangoza eta Miluceko basera ere iristen dira.
Gainera, borondatezko suhiltzaileen zazpi parke daude, eta horiek ere prestakuntza eta ekipamendua dituzte basoko suteak itzaltzeko lanetarako.
Errefortzuko langileen eginkizunak
Baso-kanpainarako kontratatutako errefortzu-langileek Nafarroako Segurtasun eta Larrialdietako Eskolak (ESEN) Suhiltzaile Peoi Laguntzailearen eta Suhiltzaile Gidari Laguntzailearen postuetarako emandako gaikuntza izan behar dute.
Besteak beste, Nafarroan, landareei dagokienean, sortzen diren sute guztiak itzaltzen parte hartu behar dute, esku hartzeko operatiboan sartuta daudenak; egunero postu mugikorretatik zaintza-lanak eginez landarediaren suteak detektatu eta berehala alarma-abisua eman behar dute; prest izan behar dituzte esleitutako materiala, ekipoa, ibilgailuak eta instalazioak; eta haien lanpostuko eginkizunak betetzeko beharrezkoak diren segurtasun-neurriak hartu eta zaindu behar dituzte.
Halaber, basoko suteak prebenitzearekin loturiko lanak egin behar dituzte; hala nola, kontrol-lineak irekitzea edo itzaltzen laguntzeko azpiegiturak egokitzea.





