Eusko Jaurlaritzak 21 milioi eurotik gora bideratuko ditu doktorego aurreko eta ondoko ikertzaileen talentua sustatzera

0
  • Programen bidez 546 ikertzaile kontratatuko dira: 424 doktorego aurreko eta 122 doktorego ondoko
  • Ordainsariak %6 igoko dira doktorego aurreko etapako lehenengo bi urteetan, eta %4 gainerako urteetan nahiz doktorego ondoko etapa osoan

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak gaur onartu ditu, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak proposatuta, Euskadiko ikertzaileen prestakuntza eta espezializazioa sustatzeko bi laguntza-deialdi berri. Deialdi horiek, guztira, 21,14 milioi euroko aurrekontua izango dute,  2026an baino %10,34 gehiago. Programa hauen bidez, Jaurlaritzak talentu zientifikoaren harrobia garatzeko eta sendotzeko duen konpromisoa indartzen du.

Doktorego aurreko programa etorkizuneko doktoreak prestatzera bideratuta dago. Horren bidez, doktore-titulua lortzea eta ikerketako gaitasun aurreratuak eskuratzea erraztuko da, doktorego-programetara lotutako lau urteko kontratuen bitartez.

Bestalde, doktorego ondoko programaren helburua doktore tituludun ikertzaileen espezializazioa eta hobekuntza sustatzea da, bost urteko kontratuen bidez.

Bi deialdi hauen bidez, guztira, 546 ikerketa-kontratu egitea aurreikusten da: 424 doktorego aurreko eta 122 doktorego ondoko. Kontratu horien artean sartzen dira bai laguntza berriak bai aurrekoen berritzeak.

Aurtengo deialdiaren berritasun nagusietako bat doktorego aurreko ikertzaileen ibilbidearen hasierako etapako soldata-baldintzak hobetzea da. Hala, kontratatutako pertsonek %6ko ordainsari-igoera jasoko dute lehenengo eta bigarren urteetan; hirugarren eta laugarren urteetan, berriz, igoera %4koa izango da. Doktorego ondoko ikertzaileen kasuan, soldata-igoera %4koa izango da kontratuaren indarraldi osoan.

Horrenbestez, deialdiak bereziki indartzen ditu doktorego aurreko ikertzaileen lehen urteetako soldata-baldintzak, ondorengo urteetarako aurreikusitakoa baino %50 handiagoa den igoerarekin. Hobekuntza horrek doktorego aurreko etaparen hasieraren eta amaieraren arteko soldata-arrakala pixkanaka murrizteko helburua sendotzen du.

Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburu Juan Ignacio Pérez Iglesiasek azpimarratu du KPIaren % 3tik gorako soldata-igoera nabarmena. Haren hitzetan, “igoera hori Gobernuaren apustu irmoaren isla da, karreraren hasierako etapetan dauden ikertzaileen lan-baldintzak hobetzeko, eta aurreko edizioetan hasitako hobekuntza-ildoari jarraipena ematen dio”.

 

Guztira, 546  kontratu

Doktore titulurik ez duten ikertzaileei zuzendutako programan, guztira, 110 laguntza berri eskainiko dira: 106 ikerketa orokorrerako eta 4 arlo espezifikotarako (2 neutronikan eta 2 hezkuntzan). Horrez gain, 314 laguntza berrituko dira.

Bestalde, doktore tituludun ikertzaileentzako hobekuntza-programak 29 laguntza berri ematea aurreikusten du (26 izaera orokorrekoak eta 3 espezifikoak), baita 93 laguntza berritzea ere.

Programa honen helburua doktoretza amaitu ondorengo ikerketa-ibilbidea sendotzea da, bost urteko iraupena duen eredu baten bidez. Onuradunek lehenengo bi urteak nazioarteko ospe handiko atzerriko ikerketa-zentroetan egingo dituzte, eta ondoren, hiru urtez, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko erakunde batera itzuliko dira.

Bi deialdiek Euskadirentzat estrategikoak diren hainbat esparru indartzen dituzte, hala nola neutroien eta partikulen azelerazioaren arloko ikerketa, Lundeko European Spallation Source (ESS) bezalako Europako proiektuekin lotuta dagoena. Era berean, hezkuntzaren arloko ikerketa ere sustatuko da, arreta berezia jarriz digitalizazioan, STEAM proiektuetan eta kulturartekotasunean.

Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Izapide guztiak bide telematikoz egingo dira, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren bitartez. Gainera, aurtengo deialdiaren berritasun gisa, eta Eusko Jaurlaritzak burokrazia murrizteko duen konpromisoarekin bat etorriz, udalerriekin dagoen elkarreragingarritasunari esker, erroldatze-baldintza automatikoki egiaztatuko da.