- Laguntza-lerro hau Euskadin adikzioen prebentzioaren arloan jarduerak egiten dituzten irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakundeei zuzenduta dago
- Ekimenak honako helburu hauetarako izango dira: jokabide osasungarriak sustatzen dituzten eta substantzien kontsumoa desnormalizatzen laguntzen duten inguruneak aktibatzea; osasuna sustatzeko programak indartzea eta hobetzea; gizarteratzeko tratamendu-, asistentzia- eta laguntza-zerbitzuak indartzea; eta adikzioen arloko ezagutza garatzea eta zabaltzea
- Deialdia Euskadi 2030 Osasun Planarekin lotzen da, Euskadi osasungarriagoa lideratzea funtsezko helburutzat hartuta, eta Osasunaren Euskal Itunarekin lerrokatzen da, osasunaren sustapenari eta ekintza komunitarioari helduta
Gobernu Kontseiluak onartu du Osasun Saileko osasun publikoaren eta adikzioen arloko dirulaguntzen deialdia, 2026ko ekitaldian adikzioen arloan arriskuak eta kalteak prebenitzeko eta murrizteko, eta jokabide osasungarriak sustatzeko proiektuak burutzeko.
Euskadin adikzioak prebenitzeko jarraitutako eredua komunitatean dauden baliabideak optimizatzea helburu duen eredu komunitario bat da, horrela esku-hartzearen azken hartzaileengana iritsi ahal izateko. Ildo horretan, oso azpimarragarria da irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakundeen lana, eta haiei zuzenduta dago agindu honetan aurreikusitako 1.118.500 euroko laguntza-lerroa. Horietatik, 882.500 euro substantziarekiko adikzioak prebenitzeko eta tratatzeko proiektuak diruz laguntzeko dira, eta 236.000 euro ausazko jokoarekiko mendekotasuna eta substantziarik gabeko beste adikzio batzuk prebenitzeko eta tratatzeko proiektuak diruz laguntzeko.
Zehazki, hauek izango dira diruz lagundu daitezkeen ekimenak:
- Jokabide osasungarriak sustatzen dituzten eta substantzien kontsumoa eta adikzio-jokabideak desnormalizatzen laguntzen duten inguruneak aktibatzea, substantzien eskuragarritasuna eta eskaintza murrizteko egiturazko neurriak barne.
- Osasuna eta prebentzioa sustatzeko programak indartzea eta hobetzea, bizitzaren bilakaeraren ikuspegiarekin eta kapital emozionala eta pertsonen bizitzarako trebetasunak indartzea azpimarratuta.
- Gizarteratzeko tratamendu-, asistentzia- eta laguntza-zerbitzuak indartzea eta hobetzea, ekitatearen ikuspegiarekin eta kalteberatasun-egoeran dauden pertsonei arreta berezia eskainita.
- Adikzioen arloko ezagutza eta berrikuntza garatzea eta zabaltzea.
- Adikzioen Plana ezartzeko orduan sektoreen arteko ekintza eraginkorragoa finkatzea.
Horrekin, Alberto Martínezek zuzentzen duen Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak bultzatutako laguntza-lerro honek hainbat helburu ditu:
- Sektore eta erakunde arteko ekintzak mantentzea eta sustatzea, pertsonen ongizatea, arrisku-faktorerik eza eta osasun-arloko ekitatea sustatzeko.
- 2023-2027 aldirako Euskadiko Adikzioen VIII. Planaren helburuetan eta jarduera-ildoetan hobekien txertatutako programak eta proiektuak mantentzea.
- Behar berriak erakustea eta haiei erantzungo dieten proiektu berriak babestea.
- Proiektuak eta programak hobetzen laguntzea, esku hartzeko protokoloak diseinatzeko eta sistematizatzeko prozedurei jarraituz.
Aldi berean, dirulaguntzen deialdi hau Euskadi 2030 Osasun Planarekin lotzen da —osasun-sistemaren plangintzarako eta programaziorako tresna gorenarekin— Euskadi osasungarriagoa lideratzea funtsezko helburutzat hartuta, eta, beraz, Euskadiko Osasun Itunaren ildoari jarraituta. Itunaren ildo estrategikoetako bat, hain zuzen ere, honako hau da: “Osasunaren sustapena eta ekintza komunitarioa: jokabide osasungarriak eta adikzioak. Osasun-arloko ekitaterik ezak murriztea, determinatzaile sozialak kontuan hartuta”.
Eskaerak aurkezteko epea agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da.






