Eusko Jaurlaritzak 52 zuzkidura-etxebizitza eraikiko ditu Lezon eta, hala, Etxebiden izena emanda dauden bi gaztetik bati erantzuna emango zaio

0
  • Sustapena Lezoko Aralar kaleko lursail batean egingo da, 8.051.442,73 euroko inbertsioa izango du, 2027 urtearen hasieran hasiko dira lanak eta gauzatzeko epea 24 hilabetekoa izango da
  • Eusko Jaurlaritzak gazteen emantzipazio-aukera errealak indartzeko araudian sartuko dituen Lanbide arteko Gutxieneko Soldatari (LGS) lotutako gutxieneko diru-sarreren irizpide berrien arabera esleituko dira bizitokiak
  • Denis Itxaso sailburuak azpimarratu duenez, operazio horrek “edukiz betetzen du tentsionatutako eremuaren izendapena”, eta Donostiako metropoli-eremuko bizitoki-larrialdiari emandako erantzun publikoaren parte da

Gobernu Kontseiluak Lezoko Aralar kaleko lursail batean 52 etxebizitza eraikitzeko kontratua onartu du gaur, eta 8.051.442,73 euroko inbertsioa izango du. Operazio horri esker, udalerrian espero zen sustapena abiaraziko da, eta alokairu eskuragarriko parke publikoa indartu, tentsionatutako eremu izendatutako udalerrian. Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren aurreikuspena da lizitazioa 2026ko ekainean argitaratzea, uztailean eskaintzak jasotzea, esleipen-proposamena irailetik urrira egitea eta lanak 2027ko hasieran hastea. Gauzatzeko epea 24 hilabetekoa izango da.

Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak nabarmendu duenez, “Lezo bezalako udalerri batean 52 etxebizitzek nabarmen eragiten dute, Etxebiden izena emanda dauden 36 urtetik beherako bi gaztetik bati erantzuna emateko aukera ematen dutelako”. “Tentsionatutako eremuez ari garenean horretaz ari gara, hain zuzen ere: beharra non dagoen identifikatu behar da, lurzoru publikoa aktibatu eta hori etxebizitza eskuragarri bihurtu”, adierazi du.

Sustapena Lezoko 01 sektoreko D lursailean egingo da, plangintzaren arabera lursaila zuzkidura-etxebizitzak egiteko erreserbatzea aurreikusten baitzen. Itxasok azpimarratu duenez, “Lezoko Udalak Eusko Jaurlaritzaren esku jarri du lursaila, doaneko lagapenaren bitartez. Erakundeen arteko lankidetzaren adierazgarri da hori, gazteentzako alokairuko sustapen publikoa bermatzea helburu”.

Etxebizitzen erregimena txandakako alokairua izango da; gehienez bost urte iraungo dute alokairuek, emantzipazioko hasierako prozesuetan laguntzeko formula gisa. Gainera, sustapen hori arautuko da Eusko Jaurlaritzak zuzkidura-apartamentuak arautzen dituen araudian sartzea aurreikusten dituen Lanbide arteko Gutxieneko Soldatari (LGS) lotutako gutxieneko diru-sarreren irizpide berrien arabera. Helburua da sartzeko baldintzak gazte langileen errealitate ekonomikora egokitzea, eta bermatzea esleipendunek emantzipatzeko benetako aukera gehiago dituztela. Aldaketa horren bidez, Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak diru-sarrera txikiak baina bizitza autonomoko proiektu bat garatzeko nahikoak dituzten gazteei bizitoki horietarako sarbidea erraztu nahi die, zuzkidura-apartamentuek emantzipaziorako trantsizio-tresna gisa duten funtzioa indartuz. Gehieneko diru-sarrerak 46.463,29 eurokoak izaten jarraituko du

Ildo horretan, sailburuak defendatu duenez, “etxebizitza publikoak pertsonen benetako beharrei erantzun behar die, batez ere bizi-proiektu propioa hasi nahi eta udalerritik joatera edo emantzipazioa atzeratzera behartzen dituen merkatuarekin topo egiten dutenena”.

Jarduketa Lezoko ekintza-planaren baitakoa da; tentsionatutako eremua izanik, lehentasunen artean du etxebizitza-eskuragarritasuna arrazoizko prezioetara hedatzea, emantzipatutako herritarren ahalegin ekonomikoa murriztea eta alokairuko parke publikoa handitzea. Planak espresuki jasotzen du Aralak kaleko sustapen hori alokairu eskuragarria sustatzeko neurri nagusietako bat dela. Itxasok azpimarratu duenez, “tentsionatutako eremu izendatzea ez da argazki bat ateratzea. Esan nahi du etxebizitza eskuragarriago bihurtu behar dela, alokairu babestu gehiago behar dela eta erakundeen lankidetza handiagoa. Lezoko proiektu horren bidez, frogatzen da neurri arautzaile bat egiazko ekintzen bidez hedatzen dela”, gaineratu du.

Gipuzkoako tentsionatutako eremuetako bat da Lezo, eta egoera hori bereziki nabaria da Donostiako metropoli-ingurunean. Sailburuak nabarmendu duenez, “Donostiako bizitoki-larrialdia ez da hiriaren mugen barnean baino gertatzen”, eta gaineratu duenez, “Lezon, Errenterian, Pasaian, Hernanin edo Donostialdeko edozein udalerritan egiten den sustapen orok metropolikoa eta egiturazkoa den bizitegi-presioa arintzen laguntzen du”.

Herritarrentzako ekipamenduen aldeko apustua

Proiektuak, gainera, beheko solairuan lokal bat izango du, eta bertan anbulatorioa egitea aurreikusi da. Hortaz, zuzkidura-etxebizitzak egiteaz gain, herritarren beharrei ere erantzungo die proiektuak. Hala, gazteentzako alokairuko etxebizitza publikoen eskaintza zabaltzeaz gain, herritarren zerbitzura egongo diren ekipamendu berriak ere sortuko dira. Horrela, lehentasunezko bi helburu beteko ditu: tentsionatutako udalerrian etxebizitza eskuratzeko aukera erraztea, eta lurzoru publikoa premia komunitarioei erantzuteko baliatzea.

Itxasok defendatu duenez, “lurzoru publikoak etxebizitza eskuragarria sortzeko balio behar du nagusiki, baina baita hiria eraikitzeko eta zerbitzu publikoak indartzeko ere”. Zentzu horretan, “Lezok erakusten du erakundeen arteko lankidetzak aukera ematen duela aspalditik erreserbatutako lursail bat herrian bizi eta beren etorkizuna bertan eraiki nahi duten gazteentzako erantzun zehatz bihurtzeko”.

Sustapenak izapidetze-prozesu konplexua izan du 2021ean emandako hasierako lizentziaz geroztik. Partzelan hainbat gorabehera teknikoren ondorioz lursaila egonkortzeko jarduketak egin ondoren, euste- eta zimendatze-baldintza berrietara egokitu da proiektua. Sailburuaren hitzetan, “atzerapenak jasan dituzten proiektuak desblokeatzea ere etxebizitza-politikaren parte da”. “Ez da nahikoa sustapen berriak iragartzea: azkenera arte egin behar da, arazo tekniko eta administratiboak konpondu eta obrak martxan jartzea lortu”, adierazi du.