
Lurralde Kohesiorako kontseilaria den Oscar Chivite, Herri Lanen eta Azpiegituren zuzendari nagusia den Maria Torresekin eta Baztango alkate Fernando Anbustegirekin batera, Elizondoko zubi berriaren obrak ikusten izan da gaur. Zubiari esker, egun Baztanberri auzoa zeharkatzen duen trafikoa desbideratu eta Irurita-Elizondoko saihesbidea NA-8307 errepidearekin lotu ahal izango da. 2025eko abuztuan obrak hasi zirenetik, azpiegituraren %44 eraiki da dagoeneko, 22 hilabetetan egin beharko da, eta 2,3 milioi euroko aurrekontua izango du.
Lurralde Kohesiorako Departamentuko arduradunak nabarmendu du biaduktu berria eraikita “Baztango eskaera historikoari erantzuna emango zaiola”. Gainera, “Nafarroako Gobernuak tokiko azpiegiturak hobetzeko duen konpromisoa erakusten du, eta irtenbide iraunkorrak ematen ditu mugikortasun segurua eta irisgarria indartzeko, Baztanen sarbideak eta komunikazioak hobetzeko ikuspegi orokor batetik”.
“Jarduera honen bitartez, mugikortasuna hobetzea, inguruko segurtasuna indartzea eta Elizondoko sarbideak lantzea lortuko da”, azpimarratu du Chivite kontseilariak, eta gogorarazi du 2012an Irurita-Elizondo saihesbidea ireki zenetik, azpiegitura hori ez izateagatik ibilgailuek udalerri barrutik igaro behar izan dutela. “Biaduktu berriarekin, saihesbidearekiko konexioa erraztu eta ibilgailuak bizitegi-eremuetatik igaro behar izatea saihestuko dugu”.
Bestalde, Baztango alkateak Nafarroako Gobernuak azpiegitura berria eraikitzeko egindako “ahalegina” eskertu du. “Hemendik hilabete batzuetara, zubia Elizondorako eta, oro har, inguru horretarako ze ondo etorri den ikusiko da”.
Jarduerak
Elizondoko lanen barruan, 230 metro inguruko luzerako tartea aurkitzen da, NA-4407 errepideko biribilgune berritik hasi, Baztanberriko plaza eta Baztan ibaiaren ibilgua zeharkatu tipologia mistoko zubi baten bidez, eta Santiago kalearekin lotu arte, NA-8307 errepidean, bigarren biribilgune baten bidez.
Elizondoko zubi berria mistoa izango da, altzairuzkoa eta hormigoizkoa. Era horretako eraikuntzarekin, egiturak ez du Baztan ibaiaren ibilgua inbaditzen, eta, beraz, ez du inolako eraginik izango faunari dagokionean.
Bide berriak hiri-izaera izango du, bi noranzkoko galtzada, gutxienez bi metroko espaloia eta lineako aparkalekuak. Gainera, trazaduraren sestrek irisgarritasun-araudia beteko dute, %6tik beherako maldekin.
Zubiaren egituraren hormigoizko zatia ia amaituta dago. Orain, honako jarduera hauek egitea falta da: taula hormigoitzea; egitura mistoaren zatia gauzatzea, altzairuzko habez, hormigoi aurrefabrikatuz eta in situ hormigoizko lauzaz osatua; zintarriak eta zoladurak jartzea; taulan dilatazio-junturak egitea; iragazgaiztea; karga-proba; eta seinaleak, bide-segurtasuneko elementuak edo argiak eta horien kableak jartzea.





