Imanol Pradales: «Europako gizarte aurreratu eta aberatsek harreran ez ezik, migratzaileak gure gizartean integratzen ere lagundu behar dugu»

0
  • Imanol Pradales Lehendakariak parte hartu du Leon XIV.a aita santuak Kanaria Handiko las Palmaseko Arguineguin portuan migratzaileei egiten zaien harreraren errealitatea ezagutzeko egin duen topaketan

«Arguineguingo portu honek ikusarazi behar digu Europako gizarte aurreratu eta aberatsek harreran ez ezik, migratzaileak gure gizartean integratzen ere lagundu behar dugula». Lehendakariaren hitzak, Leon XIV.a aita santuak Kanaria Handiko las Palmaseko Arguineguineko portuan migratzaileei egiten zaien harreraren errealitatea ezagutzeko izan duen topaketan parte hartu ondoren.

Imanol Pradales Kanariar Uharteetan dago, Fernando Clavijo Kanarietako presidenteak gonbidatuta. Joan den maiatzean bilera bat izan zuten biek Ajuria Enea Jauregian, eta Clavijok –Euskadi bisitatzen ari zela– gonbidapen hori helarazi zion, Kanarietako herria «euskaldunak lagunduta eta ulertuta» sentitzen delako migrazioaren arloan.

Bi herrien arteko elkartasuna nabarmendu du gaur goizean Lehendakariak berak, eta gogora ekarri du Euskadik eta Kanariek «erantzun humanista emateko» elkarrekin egin duten lana, Kanarietako kostaldera iristen diren migratzaileen banaketa orekatuaren alde eginez, Imanol Pradalesek gogorarazi duen bezala, Leon XIV.a aita santuak aldarrikatzen duen humanismo berarekin. Eta bi gobernuak lanean ari dira orain Espainiak eta Europak Europako Migrazio Itunaren hedapenean «hitza eta botoa» eman diezaietela defendatzeko. Halaber, Euskadiri Europar Batasunaren barruan «iparraldeko muga» estatusa aitor dakion, migrazioa EBko iparralderantz bereziki igarotzen den lekua baita.

«Giza duintasuna erdigunean jarri behar dela ulertzen duten bi herri gara. Krisi humanitario bat dagoenean, migrazio-krisi bat dagoenean, pertsona horiek artatu behar dira eskubideak dituzten pertsonak direlako, baldintza zailetan datozenak, eta ezinbesteko irtenbide bat eman behar diegu. Beraien etxeetatik ihes egiten ari dira, dena arriskatuz, beren bizitza propioa, itxaropenezko bizi-proiektu bat izateko», amaitu du Lehendakariak.