Nerea Melgosa: «Gaur onartutako Gazteriaren Legearen aldaketarekin, Euskadik beharrezko urratsa ematen du, adingabeekin ezin da gune grisik egon»

0

Eusko Legebiltzarrean Gazteriaren Legearen aldaketa onartu ondoren, Nerea Melgosa sailburua komunikabideen aurrean agertu da, aldaketa horrek udalekuen kontrola hasieratik indartzen duela azpimarratzeko. «Jada ez da nahikoa komunikatzea, orain erantzukizunpeko adierazpen bat onartu behar da jarduera hasi aurretik. Horrek esan nahi du adingabeekin jarduera bat antolatzen duenak legea betetzen duela egiaztatu behar duela, ardura hartu behar duela, erantzun egin behar duela» azaldu du sailburuak.

Era berean, aldaketaren bidez balizko arriskuen aurrean bermeak indartzen direla azaldu du. «Kontrol handiagoa, argitasun handiagoa, zigortzeko gaitasun handiagoa eta erantzukizun handiagoa egongo da erakunde antolatzaileentzat» gaineratu du Melgosak. Sailburuaren hitzetan, Eusko Jaurlaritzak bere konpromisoa betetzen du duela hilabete batzuetatik, foru-aldundiekin eta Eudelekin koordinazio-mahai batean lan eginez. «Gai honi ekin behar geniola esan genuen, eta jardun egin dugu. Gainera, hau ez da hemen amaitzen. Duela hilabete batzuetatik hona beste administrazio batzuekin eta sektorearekin batera ari gara lanean hilabete honen amaieran onartuko den aisialdiko jarduerak arautzen dituen dekretua indartzeko» zehaztu du Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak.

Nerea Melgosak dagoeneko lanean ari diren hiru ikuskarien lana azpimarratu du. Aldez aurretiko dokumentazioa (titulazioak, aseguruak, ratioak…) aztertzeari dagokion lanarekin buru belarri ari dira. Horrez gain, kanpalekuak bertatik bertara ikuskatuko dituzte, batzuk abisatuta eta beste batzuk ezustean. «Alde horretatik, berme handiagoak emango dizkigute haurren ongizatea zaintzeko», azaldu du sailburuak.