Proiektuaren helburua da konpainien nazioarteko zabalkundea sustatzea, artistak eta antzokiak babestea, publiko berriak erakartzea eta mugaz gaindiko lankidetza kulturala sendotzea
Andoni Iturbe Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak gaur parte hartu du Miarritzen DOBLA proiektuaren aurkezpen ofizialean. Mugaz gaindiko lankidetza kulturalean oinarritutako ekimen honek lehen aldiz elkartu ditu euskal lurraldeko bost erakunde, dantzaren garapena sustatzeko estrategia partekatu baten inguruan.
Proiektuaren helburua da mugaren bi aldeetako dantza-sektorea indartzea, sorkuntza, ekoizpena, zabalkundea eta jasangarritasuna hobetzeko ekintza zehatzen bidez.
Hurrengo hiru urteetan, DOBLAk lurraldeko konpainien nazioarteko proiekzioa sustatuko du, artistei eta erakusketa-espazioei prestakuntza eta laguntza eskainiko dizkie, dantzarako agertoki eta publiko berriak zabalduko ditu, sektorearentzat eredu ekonomiko jasangarriagoak bultzatuko ditu eta Euskadi, Nafarroa eta Iparraldeko profesionalen eta erakundeen arteko lankidetza sendotuko du.
1,5 milioi euroko aurrekontuarekin, proiektuak mugaz gaindiko dantza-sektorearen egituraketa indartu nahi du, baita sorkuntzarako eta lan artistikoen zirkulaziorako aukerak handitu ere. Dantzak, euskal kulturaren adierazpide garrantzitsua izanik, komunitatea sortzeko eta gizarte-kohesioa indartzeko gaitasun berezia du.
Aurkezpen ekitaldian, Andoni Iturbek azpimarratu du erakundeen arteko lankidetzaren garrantzia euskal kultur sistema indartzeko eta dantzaren sektorearentzat aukera berriak sortzeko. Era berean, nabarmendu du beharrezkoa dela lankidetza-sare iraunkorrak eraikitzea, lurraldeko talentu sortzailea nazioartean proiektatzeko.
Erakunde parte-hartzaileek Interreg POCTEFA Europako programaren esparruan garatzen dute proiektua
DOBLA proiektua Eusko Jaurlaritzak, Communauté d’Agglomération Pays Basque erakundeak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Errenteriako Udalak eta Malandain Ballet Biarritzek sustatzen dute.
Ekimenak Europar Batasunaren finantzaketa jasotzen du Interreg POCTEFA 2021-2027 programaren bidez, proiektuaren aurrekontu osoaren %65 estaliz. Programa honen helburua da Pirinioen bi aldeetako lurraldeen arteko lankidetza sustatzea, lurraldearen garapenerako eragin iraunkorra izango duten proiektu estrategikoak babestuz.
DOBLAren lehen ekintzak 2026ko uztailetik aurrera jarriko dira martxan, eta dantzaren arloko profesionalei, konpainiei, erakusketa-espazioei eta gainerako eragileei zuzenduta egongo dira.






