- Julen Bollain ekonomialari, irakasle eta ikertzailea; Ana Telleria Echeverria, Auzoak Berroneratzeko eta Hiri Agendako zuzendaria; eta Pedro Ayestaran, Inmobiliaria Orioko zuzendaria, izan dira hizlariak.
- ETEKIN Bankoa ABANCAk, CaixaBankek, Ekonomisten Euskal Elkargoak, Eusko Jaurlaritzak, Finantzen Euskal Institutuak, Kutxabankek, LABORAL Kutxak eta Rural Kutxak elkarlanean antolatutako finantza arloko topaketa zikloa da.
Gasteizko Europa Jauregiak enpresa-, finantza- eta erakunde-arloko profesionalak batu ditu gaur ‘Etxebizitzaren krisia eta horrek ekonomian eta gizartean duen eragina’ ETEKIN Ekonomia Topaketen 2026ko bigarren saioan.
Gaurkoan, Julen Bollain Urbieta ekonomialari, irakasle eta Mondragon Unibertsitateko ikertzailea; Ana Telleria Echeverria Eusko Jaurlaritzako Auzo Berroneratze eta Hiri Agendako zuzendaria; eta Pedro Ayestaran Inmobiliaria Orioko zuzendari eta ASCONGIko Zuzendaritza Batzordeko kidea izan dira hizlariak.
Saioan zehar, gonbidatuak bat etorri dira etxebizitzaren problematikak hainbat faktoreri erantzuten diela adieraztean, eta horri aurre egiteko, lurralde bakoitzaren errealitate soziala eta berezitasunak kontuan hartzea beharrezkoa dela.
Zentzu horretan, Julen Bollainek azpimarratu du etxebizitza lortzeko zailtasunek eragin zuzena dutela bai gazteen emantzipazioan, bai ekonomia osoan. “Etxebizitza lortzeko zailtasunak eragin zuzena du gazteen emantzipazioan, baina baita ekonomiaren dinamikan ere. Alokairu edo hipotekek errenta erabilgarria murrizten dute, kontsumoa, aurrezkia eta etorkizuneko proiektuak baldintzatuz. Azkenean, etxebizitza ez da soilik bizitzeko leku bat, baizik eta gazteek familia-proiektuak, lan-erabakiak eta autonomia pertsonala garatzeko duten oinarri materiala ere bada”, adierazi du ekonomialariak.
Higiezinen sektorearen ikuspegitik, Pedro Ayestaranek adierazi du merkatuaren egoera ez dela homogeneoa Euskadin, eta zailtasunak bereziki handiak direla kostaldeko hiriburu eta udalerrietan, horietan biltzen baita eskaria gehien. “Etxebizitza eskaria handitu egin da, eta eskaintza, berriz, erritmo motelagoan hazten ari da, eta egoera hori prezioak igotzen ari da gehien tentsionatutako eremuetan», esan du.
Ana Telleriak, bere aldetik, adierazi du administrazioak hainbat tresnarekin lan egiten duela erronka horri erantzuteko: “Erreminta kaxa baten aurrean gaude, eta dauden erreminta guztiak erabili behar ditugu. Etxebizitza berriak egiteko industria-lurzorua berreskuratzea bezain garrantzitsua da gure auzoak birgaitzea eta irisgarriagoak egitea, jendeak bere betiko etxea eta betiko auzoa uzteko beharrik izan ez dezan”.
Solasaldiak mahai inguru formatua izan du, gaia ikuspegi ezberdinetatik sustatzeko helburuarekin, eta gidaria Nerea Reparaz kazetaria izan da. Amaieran, mokadutxo informal batek parte-hartzaileen arteko iritzi-trukea eta sarea sendotzea ahalbidetu du.
Hurrengo hitzordua
2026 ETEKIN ekonomia topaketen hurrengo saioa Bilbon egingo da urriaren 14an eta euro digitalaren inguruan hausnartuko du.






