Euskadiko enpresen errotzea, jarraitutasuna eta jabetza arduratsua hizpide enpresa-fundazioei buruzko Uda Ikastaroan

0
  • Ikastaroak enpresa-fundazioak balioan jarri ditu, errentagarritasun ekonomikoa, balio soziala eta lurraldearekiko lotura uztartzeko gai den formula gisa
  • Xabier Ochandiano sailburuordeak nabarmendu du enpresa-fundazioak gure herriaren garapenean giltzarri izan direla eta datozen urteetan rol erabakigarria izango dutela enpresen errotzea eta lurraldeari lotutako proiektu ekonomikoen iraunkortasuna bermatzeko

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu sailak «Enpresa-fundazioak: Gobernantza, Jabetza Arduratsua eta Errotzea, eta Euskadi eta Europako lege-esparrua» Uda ikastaroa egin du gaur Donostiako Miramar Jauregian. Uda Ikastaro honen bidez,  enpresa, lurraldearekiko lotura eta konpromiso soziala uztartzeko modu berrien inguruan hausnartu da eta enpresa-fundazioek, balio sozialei uko egin gabe, enpresen jarraitutasuna eta etorkizuna bermatzeko formula gisa  baliagarria ote den aztertu da.

Ikastaroaren irekieran, Erakunde Harremanetarako sailburuorde Xabier Ochandianok nabarmendu du: “Euskadik tradizio luzea du fundazioei dagokienean; fundazioak gure historia kolektiboaren parte dira eta modu erabakigarrian lagundu dute gure herriaren  hezkuntza eta gizarte garapenean eta baita ere garapen ekonomiko zein kulturalean ere; iraunkortasunerako eta komunitatearekiko konpromisorako bokazioa duten proiektuen zerbitzura dauden tresnak izan dira”.

Ildo horretan, Ochandianok enpresa-fundazioek datozen urteetan hainbat alorretan izan dezaketen rolari buruz hausnartzeko aukera eta beharra azpimarratu ditu, hala nola, gobernantza onari dagokionean edota belaunaldi erreleboari, talentua erakartzeko aukerari, ekoizpen-sarea indartzeari edota Euskadirekin konprometitutako enpresa-proiektuak sendotzeari lotuta, izan ere, gero eta gehiago hitz egiten da enpresen errotzeaz eta lurraldeari lotutako proiektu ekonomikoen iraunkortasuna bermatzeko moduez.

Gaur egun, enpresa-fundazioak tresna egokiak dira errotze sozial eta ekonomikoa, enpresen jarraitutasuna eta balio publikoaren sorkuntzan, epe luzerako ikuspegian, eta ezarritako helburuekiko leialtasunean oinarritutako jabetza alternatiboa bermatzeko. Ikuspegi horretatik, jardunaldian ikusi ahal izan da errentagarritasun ekonomikoa lortzea eta balio soziala sortzea ez direla aukera kontrajarriak, gobernantza on baten bidez elkar indartu daitezkeen dimentsioak direla baizik.

Eztabaidagai honek, garrantzia hartzen du Euskadin fundazio-sektoreak BPGren %1 pisua duelako; 16.400 lanpostu zuzen sortzen ditu, eta jasotako finantzaketa publikoko euro bakoitzeko 2,6 euroko balioa itzultzen du gizartera. Datu horiek erakusten dute fundazio-sektorearen sendotasuna eta jarduera ekonomikoa, konpromiso soziala eta herrialdearen garapenerako ekarpena konbinatzeko enpresa-fundazioek duten gaitasuna ere.

Arrakasta kasuak Euskadin

Jardunaldian, gainera, eredu horrek Euskadin duen potentziala agerian geratu da  kasu arrakastatsuen eskutik. BBK Fundazioak, Artizarra Fundazioak edo Ecodes-Somos Stewardsek partekatutako esperientziek erakutsi dute formula horiek lagundu dezaketela errotzean, enpresa-proiektuen jarraipenean eta epe luzerako gobernantza indartzean. Horrekin batera, Gaztenpresa Fundazioak, Fabrika Fundazioak eta EDE Fundazioak etorkizuneko erronka handienetako batean jarri dute arreta: belaunaldi erreleboan, izan ere, zuzendaritza-profilak erakartzea eta erabaki-organoetan belaunaldien arteko erreleboa bermatzea, funtsezko elementuak baitira erakunde sendoak, konprometituak eta Euskadin irauteko bokazioa dutenak sendotzeko.