-
Ana María Sánchez Herráez, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren zuzendariak udako ikastaro bat inauguratu du gaur Donostian. EHUren ikastaro honek adimen artifizialak (AA) kontsumitzaileen eskubideetan eta ongizatean duen eragina du ardatz. Gaia modu diziplinartekoan eta kritikoan aztertu da hainbat arlotako profesionalen eskutik, hala nola informatika, juridiko eta ongizate emozionalaren alorretako adituen eskutik
-
Lehenengo jardunaldian funtsezko gaiak jorratu dira, hala nola AAan oinarritutako produktu akastunengatiko erantzukizun zibila, klausula abusiboak eta finantzaketa automatizatuko mekanismo berriak
Mailegu bat segundutan kontratatzea aplikazio baten bidez, gure profilaren arabera aldatzen diren baldintzak dituen kontratu digital bat onartzea, edota bere kabuz erabakitzen duen produktu batek eragindako kalte bati aurre egiteko beharra izatea. Hori ez da etorkizuna; gaur egungo merkatua da. Errealitate horren aurrean, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak “Adimen artifizialaren eragina eta kontsumitzaileak” izeneko Udako Ikastaroa inauguratu du gaur, UIK-rekin (EHUren Udako Ikastaroak Fundazioarekin) lankidetzan, Adimen Artizialak (AA) kontsumitzaileen joko-arauak nola eraldatzen dituen ebaluatzeko diziplinarteko azterketa-gune bat eskaintzeko asmoz.
Inaugurazio instituzionala Idoia Otaegui Aizpurua UIK-ko zuzendariak eta Ana María Sánchez Herráez Kontsumobideko zuzendariak egin dute. Bere hitzaldian, Sánchez Herráezek administrazio publikoak izan behar duen paper proaktiboa azpimarratu du:
«Erronkei aurre hartu behar diegu, babes-mekanismoak indartu eta, aldi berean, herritar kritikoak eta informatuak hezitu, gero eta konplexuagoak diren ingurune digitaletan segurtasunez moldatzeko gai izan daitezen.»
Goizeko saioari hasiera emateko, algoritmoen «neutraltasuna» desmitifikatu du Borja Calvo irakasleak (EHU), kritika argi baten bidez. Ondoren, Alberto Emparanza katedradunak teknologia honek merkatura dakartzan aukeren eta arriskuen mapa marraztu du. Bestalde, Euskal Herriko Kontsumitzaileen Batasuneko (EKB) presidente Jose Manuel Urkiri abokatuak kaleko ikuspegia ekarri du, egungo erabiltzaileen kexa nagusiak eta euren ahultasunak aztertuz.
Eguerdiko blokean, eremu juridiko zibilean eta merkatal-eremuan murgildu dira erabat hizlariak. Sandra Castellanos irakasleak kreditu azkarren emakidaren opakutasun algoritmikoak dituen arriskuak azaldu ditu. Jarraian, José Manuel Martín Osante katedradunak gaurkotasun handiko eztabaida bati heldu dio: nork erantzun behar du AA batek akatsen bat egiten duenean edo kalteren bat eragiten duenean (produktu akastunengatiko erantzukizun-erregimena). Ponentziekin amaitzeko, Aránzazu Pérez Moriones katedradunak (UPNA/NUP) kontratu automatizatuetan klausula abusiboak nola detektatu eta nola erreklamatu aztertu du.
Jardunaldia amaitzeko, mahai-inguru bizi bat egin da, eta bertan eztabaidatu da gaur egungo arau-tresnak (hala nola Europako AAaren Erregelamendua) nahikoak diren Euskadin babes eraginkorra bermatzeko.
Gaurkoan ikastaroak lege eta kontratu-alderdiak aztertu baditu ere, bihar, ekainak 19 (ostirala), jardunaldiek ikuspegi humanista eta prebentiboagoa hartuko dute.
Biharko saioa kolektibo ahulenen babesean zentratuko da. AA sortzaileak adin txikikoengan dituen arriskuak aztertuko dira Maialen Garmendia adituaren eskutik (EU Kids Online sarea), mendekotasun emozionalaren prebentzioa Maitane Ormazabal psikologoarekin, eta Dark Patterns (diseinu adiktiboak) izenaz ezagutzen diren manipulazio digitaleko estrategiak Telmo Lazkano hezitzailearekin.
Ekitaldia arratsaldeko 15:00ak aldera amaituko da, Javier Hurtado Domínguez Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuaren ixte-ekitaldi instituzionalarekin; horrela, erakundeek kontsumo digital arduratsu, seguru eta etiko baten alde duten konpromisoa sendotuko da.






