- Eusko Jaurlaritzak 20.000 euroko bi laguntza eskainiko ditu euskal erakunde eta administrazioei zein administrazio publikoarekin lotutako Zuzenbide Publikoari buruzko azterketa eta ikerketak bultzatzeko.
- Lanak edozein ikuspegi zientifikotatik egin ahal izango dira, eta laguntzetako bat euskaraz egindako azterketa batera bideratuko da, euskarazko ikerketa eta esparru akademikoan duen presentzia indartzeko helburuarekin.
Gobernu Kontseiluak, gaur egindako bileran, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu sailaren baitan dagoen Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (IVAP) Administrazio Publikoari eta Administrazio Publikoarekin lotutako Zuzenbide Publikoari buruzko azterketak eta ikerketak egiteko 2026-2027 deialdia onartu du. Deialdi honen bidez, euskal erakunde eta administrazioei buruzko ezagutza eta hausnarketa zientifikoa sustatu nahi da.
Ikerketak edozein ikuspegi zientifikotatik egin ahal izango dira, ondorengo gaiak ardatz hartuta: eskumenen, erakundeen edo arauen esparrua; administrazioen antolaketa, egitura eta funtzionamendua; erakundeen eta gobernuen arteko harremanak; kudeaketa edo/eta zerbitzu publikoak; edo eredu, proposamen eta esperientzia berritzaileak ekartzea.
Deialdiak 20.000 euroko bi laguntza aurreikusten ditu, baina jaso beharreko azken zenbatekoa egindako lanaren balorazioari lotuta egongo da. Aurkeztutako proiektuen artean bi aukeratuko dira, ebazpenean ezarritako baremoaren arabera duten interesa eta kalitate zientifikoa kontuan hartuta.
Gainera, aurtengo edizioan euskarazko ikerketari emandako laguntza indartuko da, laguntzetako bat euskaraz egindako lanetara bideratuko baita, egungo inpaktu zientifikoa baloratzeko sistemek hizkuntza gutxituetan egindako argitalpen eta ikerketetan sortzen duten eragin kaltegarria zuzentzeko.






![[VÍDEO] La Policía Local de Plentzia y la Ertzaintza detienen a dos jóvenes por agredir a varios agentes en la playa](https://www.agenciadenoticias.es/wp-content/uploads/2026/06/Michael-De-Locksley-MichaelDeLocks1-X-06-23-2026_09_06_AM-100x70.png)