Gobernu Kontseiluak, gaurko bileran, Ogasun eta Finantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen dekretuaren bigarren aldaketarako dekretu-proiektua onartu du. Eguneratze horrek 2024-2028 aldirako Gobernu Programan hartutako konpromisoei erantzuten die, eta Ekonomia Ituna hedatu, sozializatu eta nazioartekotzeko estrategiaren barruan sartzen da, eta hasiera ematen dio 2026-2031 aldirako ekintza-planaren garapenari.
Erreformaren berritasun nagusia da Sailaren barne-antolaketa indartzea eta, horrela, estrategia hori instituzionalizatzeko bidean aurrera egitea. Zehazki, proiektuak Zerga Administrazioko Zuzendaritzaren eginkizunen artean berariaz jasotzen du Ekonomia Ituna aztertzea, hedatzea eta nazioartekotzea eta, horrela, organo horrek betetzen duen zeregina finkatzea, arlo horretan betetzen duen zeregina kontuan izanik.
Bultzada hori posible egite aldera, testuak Zuzendaritza horren barruan zerbitzu espezifikoa berria sortzea aurreikusten du, Euskal Autonomia Erkidegoko finantza-autogobernuaren eredua aztertu, zabaldu eta nazioartean proiektatzeko ekintzak gara ditzan. Horri esker, Estrategian aurreikusitako ekimenek gaitasun tekniko eta antolaketa-gaitasun handiagoa izango dute, eta modu koordinatuan eta iraunkorrean ezartzea erraztuko da.
Sailaren egituraren aldaketa hori onartzeak berekin dakar Ekonomia Ituna hedatu, sozializatu eta nazioartekotzeko Estrategiaren 2026-2031 aldirako Ekintza Planeko lehen konpromisoa praktikan jartzea. Zeharkako ekimena izango da, Estrategiaren gainerako atalak aplikatzeko antolaketa-oinarriak ezartzera zuzentzen den heinean.
Aintzat hartu behar da zerbitzu berriaren eginkizunen artean hauek nabarmentzen direla:
- Ekonomia Ituna hedatu, sozializatu eta nazioartekotzeko estrategiaren helburuak eta jarduketa-planaren garapena, inplementazioa eta jarraipena dinamizatzea eta gidatzea, baita etorkizuneko eguneratzea ere.
- Laguntza eta lankidetzako sare egonkorra eta formala sortzea Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako erakunde publikoekin (bereziki, Foru Aldundiekin eta EUDELekin), baita Estrategian ezarritako helburuak garatu eta betetzeko —Euskadiren esparruan zein kanpoan— giltzarri diren eragile politiko, akademiko, ekonomiko, enpresarial eta sozialekin ere.
- Ekonomia Itunaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko ogasun publikoen teoriari eta praktikari buruzko azterketak, analisiak eta ikerketak garatzea eta bultzatzea, helburu bikoitzarekin: Ogasun eta Finantza Sailaren kudeaketa eta bitartekoak indartzea, eta foru-finantzaketako sistemaren hedapena eta ezagutza bultzatzea. Horretarako, kanpoko beste eragile batzuekin elkarlanean arituko da, batez ere unibertsitatearekin eta Ekonomia Itunaren eta Foru Ogasunen arloan espezializatutako beste ikerketa-zentro batzuekin.
- Estrategiaren eta 2026-2031 aldirako Ekintza Planaren ezarpenaren eta betetzearen jarraipena eta ebaluazioa egitea, eta hurrengo aldirako Ekintza Planaren diseinuan eta prestaketan parte hartzea.
Erreforma bat dator Gobernu Programaren 145. konpromisoarekin. Konpromiso hori Euskadiren autogobernu ekonomikoa eta finantzarioa indartu eta garatzean datza, eta horretan Ekonomia Ituna funtsezko elementu bereizgarria da. Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzak beste urrats bat egin du bere azterketa, ezagutza eta proiekzioa sendotzeko bidean, bai barne-esparruan, bai nazioartean.
Gobernu Kontseiluak onartu ostean, testua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Ekimen horrekin, Eusko Jaurlaritzak bere helburu estrategikoekin bat datorren administrazio-egitura finkatzen jarraitzen du, eta, horretarako, Ekonomia Itunak autogobernuaren ardatz nagusi gisa betetzen duen zeregina sendotzen du eta eta maila guztietan haren ezagutza, balorazioa eta aitortza sustatu.






