NEIKERek lehen sektorearen berrikuntza indartuko du, Euskadiko nekazaritza, abeltzaintza eta basoetarako hamahiru ekimen estrategikorekin

0

Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak, NEIKERekin batera, sanitate-zaintza, doitasunezko nekazaritza, hobekuntza genetikoa eta nekazaritzako saiakuntzak elkartzen dituzten jarduketak sustatzen ditu euskal lehen sektorearen erronkei aurre egiteko

Digitalizazioak, belaunaldi-aldaketak, ingurumen-iraunkortasunak eta klima-aldaketara egokitu beharrak mugarritutako testuinguru batean, erronka konplexuei egin behar die aurre Euskadiko nekazaritzako elikagaien sektoreak. Agertoki horretan, NEIKERek, Eusko Jaurlaritzarekin batera, 2,5 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa mugiarazten duten 13 ekimen lantzen ditu, sanitate-zaintzara eta ezagutza zientifikoa lehen sektorera eramatera bideratuak, nekazaritza-, abeltzaintza- eta basogintza-ustiategien lehiakortasuna, erresilientzia eta errentagarritasuna hobetzeko.

Euskal nekazaritza- eta basogintza-kate osoa hartzen dute ekimen horiek. Batzuek sanitate-zaintza indartzen dute One Health ikuskerarekin, fauna basatiari eta abereei eragin diezaieketen gaixotasun berriei aurrea hartzeko. Beste batzuk doitasunezko nekazaritza, laborantza erresilienteagoen garapena edo arraza autoktonoen kontserbazio eta hobekuntza genetikoa dute ardatz. Halaber, mahastietan, fruta-arboletan eta baso-sistemetan epe luzeko saiakuntzak aintzat hartzen dira, bai eta ureztatzea, ongarritzea edo berotegi-ekoizpena optimizatzeko teknologia digitalak erabiltzea ere. Sektorearen ziurgabetasuna murriztea eta aldaketa globalaren aurrean egokitzeko gaitasuna handitzea da guztien helburu komuna.

Olatz Unamunzaga NEIKEReko zuzendari nagusiaren hitzetan, «ekimen horien helburua da ustiategien errentagarritasuna hobetzen, animalien eta landareen osasuna indartzen eta ekoizpen-sistemen jasangarritasuna bermatzen lagunduko duten emaitzak transferitzea«. Azaldu duenez, «sektoreari aktiboki entzutetik sortutako proiektuak dira, eta benetako eragina izateko gogoberotasuna dute. Berritzen transferentzia planean kokatzen dira batzuk, beste batzuk teknologia aurreratuen itsasmena azkartu nahi duen Agritech ardatzaren parte dira, eta beste batzuk animalien, ingurumenaren eta gizakien osasuna uztartzen duen One Health ikuskerari men egiten diote arrisku berriei aurrea hartzeko«.

Jarraian, jarduera-eremu nagusiak eta dagoeneko egikaritzen ari diren hainbat aurrerapen aurkeztuko dira.

Baltsan, epe luzerako saiakuntza itzela

NEIKERek epe luzeko, ez soilik kanpaina bateko, saiakuntzak egiteko duen lursail esperimentalen sarea da Baltsan. Horrela neurtzen du urtetan barrena landatzeko eta aziendak hazteko modu desberdinen benetako eragina. Arkautin, Zanbranan eta Iturrietan dituen lursailetan hainbat saiakuntza egiten dira elkarren alboan. Badira oskoldun fruta-arbolen sailak, sagardotarako sagarrondo barietateen banku bat, eta onddoekiko erresistentziaren geneak dituzten mahastiak. Halaber, konparatzen dira ohiko ongarriztatzea eta ekologikoa zerealetan, eta txandakako artzaintza etengabeko artzaintzarekin. Helburu komuna da ulertzea nola berreskuratu lurzoruaren osasuna eta nola murriztu ingurumen-inpaktua, ekoizpenik galdu gabe. Azken hilabeteotan bertan, saiakuntza horiei buruzko lau jardunaldi tekniko antolatu ditu NEIKERek, eta 150 parte-hartzaile inguru –abeltzainak, teknikariak eta administrazioak– izan dira haietan.

EnviroEuskadi: jaten dugunaren ingurumen-aztarna neurtzea

Euskal elikadura-katearen ingurumen-inpaktua kalkulatzen du Enviro Euskadik, sektorez sektore. Proiektuan aintzat hartzen dira bai esne-behitegiak zein upeltegiak, okindegiak nahiz arrain-kontserbagileak. NEIKER, AZTI eta Basque Food Cluster-ek lankidetzan dihardute Euskadiko dozenaka enpresa adierazgarrien datu errealak biltzen eta aztertzen. Informazio horrekin, Euskadiko datu-base propioa landu eta Envirodigital softwarea egokitu egiten du. Tresna hori gai da produktu bakoitzaren ingurumen-aztarna kalkulatzeko, Europako PEF-Product Environmental Footprint metodologiari men eginez. Hala, sektore bakoitzak bere eragina non murriztu identifikatu eta modu fidagarrian komunikatu ahal izango du.

One Health zaintza eta agertzen ari diren gaixotasunak

Animalien, gizakion eta ingurumenaren osasuna elkarlotuta daude. Horregatik, NEIKERek, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiekin, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin eta beste erakunde batzuekin batera, hainbat zaintza-programatan parte hartzen du. Programa horietako batzuek hiru hamarkada baino gehiagoko ibilbidea badute jada, eta abereak, fauna basatia eta gaixotasunak transmiti ditzaketen artropodoak dituzte ardatz.

Besteak beste, honako programa hauetan parte hartzen du lantaldeak: etxeko hegaztien nahiz hegazti basatien hegazti-influenza zaintzeko programan; behien entzefalopatia espongiforme edo “behi eroen gaitzaren” zaintzan; mikrobioen aurkako erresistentzien monitorizazioan; behien tuberkulosia desagerrarazteko programan; eta abereei zein pertsonei eragin diezaieketen fauna basatiaren gaixotasunen zaintzan. Adibidez, bektoreetan ardaztutako zaintza-programaren barruan, azken urtean ospitaleetan jaso diren 258 akain ale aztertu dira; 2019an, berriz, 6 izan ziren. Gainera, programa horrexen testuinguruan, Euskadiko laurogeita hamar udalerri baino gehiagotan egiten zaie segimendua eltxo inbaditzaileei, esate baterako, tigre-eltxoari.

Aldi berean, diziplina anitzeko aditu lantalde batek aztertu du Euskadin dermatosi nodular kutsakorra sartzeko arriskua. Autonomia Erkidegoan inoiz kausitu ez den gaixotasuna da, behi-aziendei eragiten diena eta galera ekonomiko latzak eragin ditzakeena. Egin den azterketak adierazten du, ziurgabetasun handiarekin, hura sartzeko arriskua txikia dela une honetan, nahiz eta arrisku hori oso txikira murriztu litekeen erkidego osora zabaldu ahalko balitz txertaketa, baina neurri hori ez dago Eusko Jaurlaritzaren esku.

Abeltzaintza doiagoa lortzeko sentsoreak

Abeletxeetan edo abereen beraien gainean, behi edo ardien gainean adibidez, sentsoreak jartzean datza doitasunezko abelazkuntza. Animalien ongizatean eragina duten tenperatura, hezetasuna edo gasak denbora errealean neurtzen dituzte, edo haien portaerari buruzko datuak erregistratzen dituzte, eta larrean edo hausnarrean zenbat denbora ematen duten adierazten dute, adibidez. Datu horiekin, NEIKERek iragarpen-eredu bat garatu du, eta eredu horri esker, eguraldi -baldintzen arabera, 72 ordu lehenagotik aurreikus daitezke esne-ekoizpenaren beherakaden % 81. Arazoa konponezina izan baino lehen esku hartzeko aukera ematen du horrek. Lanketaren baitan sartzen da, halaber, beroak eragindako estresari aurre egiteko aziendak duen gaitasunarekin zerikusia duten markatzaile genetikoak bilatzea, hautespen genetikoa hartara bideratu ahal izateko. Gainera, mindaren nitrogenoa neurtzeko sentsoreak eta GPSdun lepokoak ere baditu, euskal mendietako artzaintza estentsiboa planifikatzen laguntzen dutenak.

Genetika bertako arrazen zerbitzura

Euskadik berezko zazpi abere-arraza ditu, Pottokatik hasi eta Enkarterrietako astora bitartean. Bizirik iraun dezaten, saihestu egin behar da elkarren ahaide diren animaliak nahastea. NEIKERek arraza bakoitzaren genealogia aztertu eta hazitarako abereen odolkidetasun maila kalkulatzen du. Hala, abeltzainen elkarteek gurutzaketa egokienak aukeratu ditzakete. Lanketa honi esker, arraza batzuetan, populazioaren % 80a baino gehiagoren zuhaitz genealogikoa ezagutzen da jada. Duela urte batzuk baino askoz ere handiagoa da ehuneko hori, eta odolkidetasun-maila ahalik eta txikienean mantentzen da.

Landare-osasuna babesten duten laborategiak

NEIKERen landare-osasuneko laborategia da uzta honda dezaketen izurrite eta gaixotasunen aurkako lehen hesia. Iaz 37.000 zehaztapen baino gehiago egin ziren hazitarako patata, zerealak eta organismo kaltegarririk gabeko landare-produktuak ziurtatzeko. Lagin horiei, berrogeialdiko bakterioak, mahatsondoetako eta erremolatxaren birosia, edo bakterio-su beldurgarria antzemateko beste 22.000 gehitu behar zaizkie. 2026an, gainera, pinu-egurreko nematodoaren aurrean zaintza indartu du laborategiak, Frantziako mugatik gertu jada antzemandako izurritea baita. Halaber, diagnostiko-teknika berriak lantzen ari da fitoplasmetarako eta patatetako bakterio emergenteetarako.

Patata-plana: hazitik dronera

Patata Planaren helburua da Euskadin hazitarako patata egiteko erabiltzen den azalera handitzea, eta hala, kanpoko barietateekiko mendekotasuna murriztea. Hori lortzeko, NEIKERek minituberkuluak biderkatzen ditu zohikatzetan eta aeroponian, ekoizpena bikoiztea ahalbidetzen duen teknika baita. Baldintza klimatikoen kontrolak ahalbidetzen du jauzi hori. Gainera, droneen, uxagarrien eta klon ekologiko berrien tratamenduak entseatzen ditu Iturrietako Itsasargia lursailean. Lanketa horri teknologia berrien lerro bat gehitu behar zaio, kamera eta sentsore hiperespektralak erabiltzen dituena Y birusaz kutsatutako patataren landareak detektatzeko ageriko sintomak agertu aurretik. Azkenaldiko probek % 97ko asmatze-tasa lortu dute.

Labore alternatiboak klima aldakorrerako

NEIKERek labore berriak ezartzeko aukera ebaluatzen du, eremuaren arabera. Arabako Lautadan barazkiak eta lekadunak probatzen ari da, hala nola tipula, soja eta porrua. Arabako Haranetan, intxaurrondoa eta hurritza bezalako fruitu oskoldunak entseatzen ari da. Eta Arabako Errioxan, mertxika edo gerezia bezalako fruta-arbolen aukera aztertzen ari da. Kasu guztietan, egokitzapen agronomikoa eta eskaintzen duten merkatu-aukera aztertzen dira. Lana ez da saiakuntzan geratzen: Sojaren eta gari zaharren laborantza ekologikoaren gidak eman ditu aurten NEIKERek, eta UAGA-Arabako Nekazari eta Abeltzainen Batasuneko kideei lagundu die lehen tipula-landaketa komertzialean.

Ongarritze eta ureztatze doiagoak

Doitasunezko nekazaritzak ahalbidetzen du ongarri edo ur dosia lursail bakoitzak behar duenera egokitzeko. Hala, lursail osoan kantitate bera aplikatu beharra saihesten da. Arabako Lautadako Garlan-eko nekazariekin lanean ari da NEIKER, ongarritze aldakorreko mapak sortzeko. Ondoren, haiek traktoreen kontsoletan jartzen laguntzen diete. Dagoeneko 74 lursail eta 330 hektarea estali ditu prozedurak. Aldi berean, Agrimeteo, Euskalmetekin batera garatutako estazio meteorologiko birtualen sarea mantentzen du. Halaber, lursail bakoitzeko lurzoruak zenbat ur behar duen egunero kalkulatzen duen Urezta aplikazioa ere kudeatzen du. Datu horiekin, noiz eta zenbat ureztatu erabakitzen laguntzen du.

Gaur egun, informazio guztia posta elektronikoz, WhatsAppez eta sare sozialen bidez zabaltzen da, Arabako eremu agroklimatiko guztietarako eta lau labore motatarako (patata, erremolatxa, lekaleak eta baratzekiak), eta, halaber, lurzoru motaren araberako ureztatzea egokitzeko informazio-sistema publikoak eskaintzen ditu.

Berotegi eraginkorragoak

Euskal berotegietan, birusekiko erresistenteak diren tomate barietate berriak ikertzen ditu NEIKERek. Haien estalkietan jarritako plaka fotovoltaikoek tomate eta letxugaren ekoizpenean duten eragina ere aztertzen du. Gernikako piperretan eta piperminetan probatu diren LED luminariek % 20 eta % 30 artean hobetu dute kalitate estra duen produkzio komertziala, eta orri gorriko letxugaren indoor laborantzako saiakuntzek, berriz, nabarmen murriztu dute haren ur kontsumoa. Produktu kiloko 2,25 litro baino ez dute behar, lurreko landaketa tradizionala egiteko behar diren 25 litroen aldean. Aurrerapen horiek zuzenean eskualdatzen zaizkie hasieratik entseguetan parte hartzen ari diren Garaia, Artandi edo Barrenetxe bezalako kooperatibei.

Mahastia eta sagastia: euskal nekazaritzaren paisaiarako zientzia

NEIKERek hogei upeltegi baino gehiagorekin egiten du lan Arabako Errioxan, Bizkaiko Txakolinan eta Arabako Txakolinan. Landare-estalkiak, doitasunezko ureztatzea, ongarritze arrazionala edo fitosanitarioen alternatiba jasangarriak probatzen dituen lursail erakusleen sarea mantentzen dute elkarrekin. Ia ahaztuta dauden mahats-barietateak ere berreskuratzen ditu lantaldeak, eta inguruko mahasti-lurretako mikrobioma aztertzen du. Ildo horri gehitu behar zaio sagardotarako sagarrondoaren bi urtez behingo tasunari buruzko lana. Fenomeno hori dela eta, ekoizpen handiko urte baten ondoren, sagarrondoek, oraindik argitu gabeko gorabehera batengatik, ez dute fruiturik ematen. Gaia hobetu ezagutu eta lantzeko, hogeita hamar barietateren germoplasma-banku bat eta 2028ra arteko ibilbide-orri bat ditu NEIKERek.

Datorren basoa

Baso-ekimenak klima-aldaketaren eta gaixotasunen aurrean erresistenteagoak diren zuhaitz-masak lortu nahi ditu. Horretarako, aldakortasun genetiko handiagoa duten intsinis pinuak aukeratzen ditu NEIKERek. Gene-edizioa ere aplikatzen du onddo patogenoekiko tolerantzia eragiteko, eta basoko gaixotasunak garaiz detektatzeko teknikak lantzen ditu. Lan hori Euskadiko Basogintza Elkarteen Konfederakundearekin eta hiru foru aldundiekin elkarlanean egiten da. Eskalmendi bezalako mintegiek ere parte hartzen dute, aurrerapenak egunero mendia kudeatzen dutenengana zuzenean hel daitezen.

Hamahiru ekimen horien bidez, NEIKERek, datuak sortzeaz gain, irtenbide bateratuak eratzen ditu. Azken helburua da euskal lehen sektoreak kalitate-, iraunkortasun- eta erresilientzia-erreferentzia izaten jarrai dezala, eta zientzia izan dadila etorkizuneko erronkei aurre egiteko oinarrizko aliatua.