- Alberto Martínez Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburua Bartzelonara joan da gaur, Sant Joan de Déu ospitalearekin eta haren Recerca fundazioarekin akordioa lortzeko, pediatriako saiakuntza klinikoak garatu eta bikaintasuneko ikerketan Euskadiren parte-hartzea handitzeko
- Lankidetzaren helburua da haurrei eta nerabeei terapia berritzaileetarako sarbide goiztiarra eta bidezkoa ematea, bereziki gaixotasun arraroen eta haurren minbizien kasuan
- Ekimena bat dator Euskadiko Osasun Itunean hartutako konpromisoekin eta prebentzioa, berrikuntza eta doitasun handiko arreta pediatrikoa indartzeko Osakidetzaren estrategiarekin
Alberto Martínez Ruíz Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuak laneko bisita egin du asteazken honetan, uztailak 22, Bartzelonako Sant Joan de Déu ospitalean eta Sant Joan de Déu de Recerca fundazioan. Euskadiko osasun-sistemaren eta pediatriako ikerketan Europan erreferentzia diren bi erakunderen arteko lankidetza-hitzarmena ezartzeko prozesuaren esparruan egin da bisita.
Bertan, sailburuak, Iñaki Gutiérrez Ikerketa, Berrikuntza eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariarekin batera, bertatik bertara ezagutu ditu bi erakundeen gaitasun zientifikoak, asistentzialak eta antolakuntzakoak, nazioarteko erreferentziatzat hartzen baitira ikerketa pediatrikoaren, terapia aurreratuen eta ezagutza praktika klinikora transferitzearen arloetan. Jardunaldiak aukera eman du lankidetza-ildo posibleetan sakontzeko, Euskadik pediatriako saiakuntza klinikoetan duen parte-hartzea indartzeko, eta lankidetza-eredu egonkor, egituratu eta haurrentzako osasun-emaitza nabariak dituen eredu baterantz aurrera egiteko.
Horrela, Osasun Saila akordio bat lantzen ari da, euskal osasun-sistema publikoak haurren ikerketa kliniko aurreratuan parte hartzeko duen gaitasuna indartzeko. Lankidetza horren helburua da pediatriako ikerketako euskal ekosistema sendotzea, Europako bikaintasun-sareekin lotuta, zentro anitzeko azterketetan parte-hartze handiagoa izatea eta Euskadiko haur eta nerabeentzako terapia berritzaileetarako sarbide goiztiarra eta bidezkoa erraztea.
Pazienteentzako saiakuntza klinikoak eta profesionalentzako prestakuntza
Era berean, akordioak barne hartzen du euskal zentroak Europako ikerketa-plataformetan pixkanaka integratzea, saiakuntza klinikoak elkarlanean garatzea eta osasun-profesionalentzako eta -ikertzaileentzako prestakuntza aurreratuko programak martxan jartzea. Lankidetza-esparru horrek beste helburu hauek ere baditu: Euskadin egindako saiakuntza klinikoen kalitate metodologikoa indartzea, Osakidetzaren eta Euskadiko osasun-ikerketako institutuen gaitasuna hobetzea fase goiztiar eta aurreratuetako azterlanak gidatzeko, eta Europako pediatria-ikerketako polo nagusiek ezagutzaren transferentzia sustatzea.
Jardunaldia saio instituzional batekin hasi da; Sant Joan de Déu Ospitaleak eta Recerca Fundazioak ikerketa pediatrikoan, terapia aurreratuetan, immunoterapian, datu-plataformetan eta unitate kliniko espezializatuetan dituzten gaitasunak aurkeztu dituzte. Lan-bilera horretan, Martínez sailburuak euskal osasun-sistemaren berrikuntzako ildo estrategikoak azaldu ditu, bai eta pediatriako saiakuntza klinikoetan Euskadiren parte-hartzea handitzeko eta nazioarteko bikaintasun-sareekiko lotura sendotzeko lankidetzak eskaintzen dituen aukerak ere.
Ondoren, bisita teknikoa egin da ospitaleko hainbat ikerketa-instalaziotara. Besteak beste, Cortex gunea, Terapia Aurreratuen Plataforma eta estrategia digitaleko eta datuen kudeaketako eremua ezagutu dira. Bisitaren bidez, bertatik bertara ezagutu ahal izan dira konplexutasun handiko pediatriako saiakuntza klinikoak garatzeko funtsezkoak diren azpiegitura espezializatuak, antolaketa-ereduak eta lan-metodologiak. Hala, gainera, lankidetzarako aukera zehatzak identifikatu dira, eta Euskadi zentro anitzeko ikerketa-dinamiketan integratzeko mekanismoak aztertu.
Aukera estrategikoa eta lankidetzako ekintzak
Alberto Martínez sailburuak azpimarratu duenez, Sant Joan de Déu ospitalearekin lankidetzan aritzea “aukera estrategikoa da Euskadik aurrera egin dezan bikaintasuneko pediatria-ikerketan, eta gure haurrek terapia berritzaileak eskuratu ditzaten, segurtasun- eta ekitate-baldintzetan”. Bisitaren ondoren, hiru erakundeek akordioa formalizatzeko lanean jarraituko dute, hurrengo hilabeteetan lehenengo lankidetzako ekintzak abiarazteko eta lan-esparru egonkor bat finkatzeko.
Bultzada hori Eusko Jaurlaritzak eta Osakidetzak haurren osasuna indartzeko eta prebentzioa, diagnostiko goiztiarra eta berrikuntza osasun-arretaren erdigunean jartzeko egindako apustuaren baitan kokatzen da. Lan-ildo hori zuzenean dago lotuta Euskadiko Osasuna Itunarekin. Itun horren lehentasunen artean daude gaixotasun arraroetan aurrera egitea, diagnostiko goiztiarra egitea eta tratamendu pertsonalizatuak eta balio kliniko handiagokoak eskuratzeko aukera handitzea. Konpromiso horri jarraiki, Euskadik % 40 gehitu ditu entsegu berriak azken bi urteetan.
Ikerketa, prebentzioa eta esku-hartze goiztiarra Euskadin
Ildo horretan, jaioberrien baheketa-programaren bidez, muskulu-atrofia espinalaren lehen kasua detektatu du berriki Euskadik. Mugarri horrek berretsi egiten du prebentzio-tresna hau erabilgarria dela jaiotzetik gaixotasun arraroak eta larriak identifikatzeko eta lehenbailehen jarduteko. Euskal jaioberrien baheketa-programak 23 patologia bahetzen ditu eta datorren urtean 43 patologiara handitzea aurreikusten da. Pronostikoa hobetu eta konplikazio larriak saihesten dituen detekzio goiztiarreko estrategiaren parte da programa. Muskulu-atrofia espinalaren kasuak, gainera, indartu egiten du gaixotasun arraroak ikerketaren, prebentzioaren eta esku-hartze goiztiarraren bidetik artatzeko garrantzia.
Orientazio horri erantzuten dio, halaber, Euskadin bularreko haurrei egindako lehen kirurgia minimoki inbaditzaileak, ureterraren eta giltzurrunaren arteko buxadura zuzentzeko. Ebakuntza aitzindaria da Donostia Unibertsitate Ospitalean, eta frogatzen du Osakidetzak gaitasuna duela pediatrian doitasun handiko teknikak erabiltzeko. Horrelako aurrerapenek indartu egiten dute arreta seguruagoa, ez hain erasokorra, eta errekuperazio-denbora hobeak izaten dituzte haurtxoentzat zein haien familientzat. Aurrerapen horrek, ezohiko patologien ikerkuntza bultzatzearekin batera, gero eta arreta pediatriko espezializatuago, gizatiarrago eta berritzaileagoaren alde euskal osasun-sistemak egindako apustua berresten du.
Estrategia osatzeko, protonterapia abiarazi da Euskadin. Teknologia hori bereziki adierazgarria da haurren onkologiaren arloan, oso zehatza delako eta ehun osasuntsuetan duen eragina minimizatzeko gaitasuna duelako. Osakidetzaren erreferentzia-zentro berriaren helburua da Euskadi osoko eta gertuko lurraldeetako pazienteei arreta ematea, haurrei arreta emateko unitate bat prestatuta duela, eta minbiziaren arloan euskal osasun-sistemak duen proiektu garrantzitsuenetako bat da.
Lankidetza estrategiko horren eta jaioberrien baheketan, inbasio txikiko kirurgia pediatrikoan eta protonterapian dagoeneko abian jarritako aurrerapenen bidez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak estrategia komuna sendotu dute, haurren osasuna indartzeko, prebentzio eta ikerkuntzatik eta abangoardiako teknologia txertatuta.
Estrategia horrek erreferente bihurtzen du Euskadi arreta pediatrikoari dagokionez, eta ekitatearekin, berrikuntzarekin eta asistentziaren kalitatearen etengabeko hobekuntzarekin osasun-sistema publikoak duen konpromisoa berresten du. Ildo beretik, Euskadiko Osasun Ituna erreferentzia-esparrua da osasun publiko modernoago, bidezkoago eta prestatuagorantz aurrera egiteko, Euskadiko haurren eta familien beharrizanei erantzun ahal izateko.






